Gazte Justiziako Zentroetara bisitan
María Jesús San José sailburuak eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Batzordeko kide Jone Goiricelaiak (lehendakariak), Javier Ruiz de Arbulok (lehendakariordeak), Unai Grajalesek (idazkariak), Joseba Zorrillak, Alexia Castelok, Juan Luis Uríak, Gloria Sanchezek eta Jon Aiartzak (kideek) Ibaiondoko, Andoiu/Gorbeiako eta Uribarriko Gazte Justiziako Zentroak bisitatu dituzte gaur.
Gazte Justiziako Planaren tarteko azken ebaluazioaren aurkezpenaren ondoren egin dira bisitak. San José sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen tarteko ebaluazio horrek oso emaitza positiboak islatzen ditu prebentzio-helburuak betetzeari dagokionez, neurri judizialak gauzatzeko denborari dagokionez eta berrerortzearen murrizketari dagokionez. Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako Gazte Justiziako Planaren (2014-2018) tarteko ebaluazioaren arabera, neurriren bat aplikatu zaien neska-mutilen artean 11 puntutan jaitsi da delituak berriro egiteko joera: lehen Gazte Justiziako Planean (2003-2007) berrerortzea % 28ra iritsi zen, eta azken ebaluazioan % 16,7ra murriztu da.
María Jesús San Josék adierazi duenez, Eusko Legebiltzarreko Lan eta Justiziako Batzordeko kideek gaur bisitatu dituzten Gazte Justiziako hiru hezkuntza-zentroetan —eta Euskadiko sareko gaineko zentroetan—, 14 urtetik gorako neska-mutilak hartzen dira, adingabeen epaitegi batek ezarritako barneratze-neurria bete behar dutenak. Zentro guztiek dute helburu bera: epaian ezarritako neurriak betetzea (erregimena, iraupena eta baldintza bereziak) eta arreta integrala eskaintzea adingabeei, hau da, normalizaziora, garapen pertsonalera eta autonomiara zuzenduko den heziketa eskaintzea.
“Esku hartzeko modua ere berdina da kasu guztietan —azaldu du San Josék— eta, funtsean, datza adingabeen egoera, portaera gatazkatsuak eta hauteman eta sustatu beharreko balio pertsonalak behatzean, ebaluatzean eta aztertzean. Hortaz, garrantzi handikoa dira prestakuntza eta lanerako orientabidea eta sozializazio-prozesuan laguntzen duten beste alderdi soziokultural batzuk. Era berean, oso kontuan izan behar dugu Gazte Justiziaren arloko eskariak etengabe aldatzen direla, delitu tipologia berriak etengabe agertzearen ondorioz, hala nola gurasoen aurkako indarkeria. Inguruabar horiek direla eta, behar bezala egokitu behar dira esku hartzeko programak eta zerbitzuak”.
Adingabeen epaitegien erabaki guztiak ahalik eta denborarik laburrenean gauzatzeko helburua nabarmendu ondoren, Lan eta Justiziako sailburuak aditzera eman du “adingabeek egindako arau-hausteen prebentzioa eta murrizketa bermatzeaz gain, bitartekotzako eta kalte-ordainketako programetarako sarrera ere bermatu beharko dugu, prozeduraren edozein fasetan. Era berean, Gazte Justiziaren erantzunak pertsona bakoitzaren errealitatera egokitu beharko dira, pertsona horren gizarteratzea hobetuz".
Gaur egun, Euskadiko Gazte Justiziako hezkuntza-zentroetan 107 plaza dago eta ia 200 profesionaleko lantaldea: 15 postu zuzendaritzan, administrazioan eta zerbitzuetan; 21 koordinatzaile tekniko; 133 hezitzaile eta 26 maisu-maistra. Horrez gain, beste 40 profesional lotzen da zaintzapeko askatasunak betetzeko bitarteko irekiko taldeentzako eta eguneko zentroentzako laguntza-neurriak betetzearekin, gizarte eta hezkuntzako zereginak egitearekin, erkidegoaren onurako zerbitzugintzarekin, tratamendu anbulatorioekin eta asteburua etxean ematearekin.