Kontroleko osoko bilkura (2018/04/13)
Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei:
Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bilduko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, EAEk duen eskumen-mailari buruz.
Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatzen dio sei hilabeteko epean plan zehatz bat aurkezteko Gernikako Estatutua osorik bete eta eskuratzeko dauden eskumenen transferentzia burutu dezan, Legebiltzarrak atzo adostu bezala. Hala azaldu du Iñigo Urkullu Lehendakariak. Gainera, Eusko Jaurlaritza ematen ari den pauso zehatzen berri eman du, hain zuzen ere “Autogobernuaren aukerak zabaltzeko Euskadin eremu sozial propio eta bereizi bat osatzen joateko, garatuagoa ekonomikoki eta progresistagoa sozialki, euskal Autogobernuaren defentsarako mekanismo instituzional eraginkorragoak erabakiz”.
Lehendakariak uste osoa du aukera dagoela Legebiltzarrean desberdinen arteko akordio bat lortzeko. Eusko Jaurlaritzak akordio horretan lan egiteko konpromisoa hartu du eta fronteak saihesteko eskatu die taldeei.
Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruz.
Iñigo Urkullu Lehendakariak gogora ekarri duenez, Espainiako Gobernuarekin lortutako itunak “onak eta positiboak izan dira” Euskadirentzat, besteren artean, Abiadura Handiko interbentzioak, euskal industriari elektrizitatearen tarifa jaisteko akordioak, Segurtasun Batzordeko akordioak eta Ertzaintzako belaunaldiak berritzekoak, edo Euskadin ekimen eta elkarte kulturalei edo akademikoei diru-laguntzak emateko lortutako akordioak. Baina, batez ere, Kontzertu Ekonomikoan lortutako ituna berritu izanaren garrantzia azpimarratu du, baita Kupoa likidatzeko akordioa ere.
Espainiako Gobernuak euskal Aurrekontuei errekurtsoa aurkezteko posibilitatearen aurrean, Lehendakariak zehaztu duenez, defendatu egingo du jarrera eta ordainsarien gehikuntzari eutsiko dio, Fundazio Publikoaren Mahaian itundutakoari, eta lanean jarraituko dute akordio gehiago lortzera begira, onuragarriak izango direnak hainbat arlotan: ekonomia, industria, azpiegiturak, enplegua, zerbitzu publikoak, Kontzertu ekonomikoa eta euskal Autogobernua, besteren artean.
Interpelazioa, Oihana Etxebarrieta Legrand, EH Bilduko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planaren gainean egindako irakurketari buruz
Iñigo Urkullu Lehendakariak gogora ekarri duenez, Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasuna lehentasun bat da Eusko Jaurlaritzarentzat, eta baita gizarte osoarentzat ere, eta Bai Sarea defendatu du, “proiektu espezifiko baten adibide on bat da, emakumeen eta gizonen berdintasunerako Plana bultzatzeko sortua”, eta azaldu du dokumentu hori gida bat dela berdintasuna Administrazio publiko osoan eta orokorrean euskal gizartean sustatu eta bultzatzeko: “Berdintasun Planak sakonetik heldu behar zaien estrategiak seinalatzen ditu, ez ordea helburu zehatzak. Hori ez dagokio berari, ez lehen ezta orain ere”, zehaztu du.
Hala, Lehendakariak nabarmendu du berdintasunerako Plan berriak bide berriak irekitzen dituela aurrera egiten eta hobetzen jarraitzeko, baterako hezkuntzaren dimentsioa jasotzen du, eta ekonomiaren eta gizartearen eraldaketa sustatzeko helburuari erantzuten dio. Eta gaineratu du Eusko Jaurlaritza Plan espezifiko bat lantzen ari dela soldata-diskriminazioa ezabatzeko eta emakumeek jasaten duten soldata-arraila murrizteko: “Eragile ekonomikoen eta sozialen parte-hartzearekin jarri dugu abian”, nabarmen du. Bestalde, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak neurriak proposatu dituela kontziliazioaren eremuan, eta Plan berriak hobekuntza-arloak gehitu dituela emakumeen aurkako indarkeriaren eremuan.
“Neurri horiek Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ebazpenaren aurretik hartu ditugu, berdintasuna lehentasun bat baita Euskadin. Eta lehentasun hori Emakunde abian jarri zenetik aritu da handitzen, berdintasunaren Legea onetsi zenetik, berdintasunerako lehenbiziko Planetik aurten onetsiko dugun zazpigarren Planeraino”, azpimarratu du Lehendakariak.
Galdera, Oihana Etxebarrieta Legrand EH Bilduko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañagak egindako deklarazioei buruz
Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun du esanez ez dagokiola berari bere iritzia ematea Confebaskeko lehendakariak irratiko elkarrizketa batean emandako erantzunaren gainean, eta gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartua duela soldata-diskriminazioaren aurka borroka egiteko, zeren eta “bai emakumeek bai gizonek jaso behar baitute soldata berdina”. Hala, Urkulluk azpimarratu du euskal Exekutiboaren beste konpromiso bat dela emakumeen presentzia gutxiengoa diren lanpostuetan sustatzea.
Horregatik guztiagatik, Lehendakariak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak bere “konpromiso irmoari” eusten dio enpresan eta industrian emakume gehiago sartzea lortzeko: “Enpresa-erakundeek helburu hori betetzeko konpromisoa hartu dutela ziurtatu dezaket, eta etengabe jarraitu behar dugu horretan lanean", zehaztu du.
Galdera, José Ramón Becerra Carollo Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Siemens Gamesaren egoitza Euskadin mantentzeari buruz
Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun duenez, “adeitsua eta positiboa izan zen bilera” eta nabarmendu du Siemens Gamesako lehendakariak berak adierazi zuela bere konpromisoa Euskadin jarraitzeko eta fusiorako akordioa osorik betetzeko, eta baita erabaki-guneak indartzeko konpromisoa ere, Zamudion, Siemens Gamesaren bidez, eta Zumaian, Siemens Engine Business-en bitartez. “Trabarik gabea eta estua da enpresako Zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremana. Informazio eguneratua dugu uneoro enpresaren eboluzioari eta lankidetza-eremuei buruz” azpimarratu du Lehendakariak.
Urkulluk nabarmendu duenez, Siemens Gamesaren partaidetza, energia eolikoaren osagaien Fabrikazio Aurreratuko Zentroaren ekimen estrategikoan, eta euskal enpresa hornitzaileekin eta Zentro teknologikoekin loturak ezartzeko Plana dira Siemens Gamesa Euskadin eraginkortasunez errotuta mantentzeko bidea. Ildo berari jarraituz, akziodun nagusietako bat den aldetik, Iberdrolaren garrantzia azpimarratu du Urkulluk; enpresa horretako lehendakariarekin bildu da aste honetan, eta Siemens Gamesak Euskadin finkatuta dituen erroak bermatzeko interesa erakutsi duela adierazi du.
Galdera, Eukene Arana Varas Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planari eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen irizpenari buruz
Iñigo Urkullu Lehendakariak gogora ekarri du berdintasunerako VII. Plana lantzen amaitzen ari direla eta hilabete batzuk barru onetsiko dela. Hala, zehaztu du errespetatu eta balioetsi egiten dituztela Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ekarpenak, Emakunderen eskariz eginak. Hortaz, Urkulluk azaldu duenez, Plan berriak “beharrezko esparrua eskaintzen du erakunde horrek proposatutako neurriak garatzeko” dagokionean, eta jakinarazi duenez, instituzio bakoitzaren Programa zehatzen Plan gidariaren hedapena da. “Bereizi egin behar ditugu lehentasun eta estrategia orokor batzuk ezartzen dituen Plan gidari bat eta ekimen eta aurrekontu zehatz batzuk konprometitzen dituen jardute Plan bat”, azpimarratu du.
Lehendakariak nabarmendu du berdintasunerako Planaren helburua ez dela izango ekintza zehatz batzuk definitzea Gobernuarentzat, Aldundientzat edo Udalentzat; horren ordez, datozen urteetarako helburu estrategikoak eta lehentasunak jasotzen ditu, eremu instituzionaletan garatu behar izango diren helburuak alegia, dituzten aurrekontuen kargura. “Orduan gehitu ahal izango ditu instituzio bakoitzak Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ekarpenak”. Urkulluk gogora ekarri du, berdintasunari dagokionez, plangintza oso hedatuta dagoela, Gobernuko Sail guztiek, hiru Foru Aldundiek eta 118 Udalek, populazioaren % 83 biltzen dutenek, baitute indarrean berdintasunaren aldeko Plan bat. Bestalde, azpimarratu nahi izan du Euskadik antolamendu-egitura egonkor bat duela, berdintasunaren aldeko Programak aplikatzeaz arduratzen dena, eta Europa mailan, Euskadi bosgarren postuan dela berdintasunean, kontuan hartuta instituzioen eta gizartearen lehentasun bat dela.