Eu

Araban izango da 2019an Enoturismoaren Nazioarteko Kongresua

2018.eko apirilak 11

International Wine Tourism Conference, Exhibition & Workshop-en (IWINETC) XI. edizioa Arabako Errioxan eta Vitoria-Gasteizen izango da

Erakunde-ordezkaritza bat (Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Vitoria-Gasteizko Udala), Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbidearekin batera, Budapesten dago; bertan, 2019rako IWINETCen egoitza berria eman da ezagutzera

Egiaztatu da Araba izango dela International Wine Tourism Conference, Exhibition & Workshop-en (IWINETC) XI. edizioaren egoitza; enoturismoaren hitzordu garrantzitsuenetako bat nazioarte-mailan. Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak hitzaldian Euskadik eta, zehazki, Arabak eta Arabako Errioxak horrelako ezaugarriak dituen kongresu baten egoitza izateko duten ahalmenak azaldu ditu.

Jardunaldian, sailburuarekin batera, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea, Cristina González Arabako Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren diputatua, Maider Etxebarria Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria, Felipe García Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren zuzendaria eta Mariasun Saenz de Samaniego Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbidearen presidentea egon dira.

Retortillok azaldu du Euskadi egokia dela Europara sartzeko ate gisa, Espainiaren eta Portugalen zirkulazio naturala dela Europako kontinentearen gainerako lekuetara. Ingurune horretan, Arabako Errioxak tradizio enologiko eta enoturistiko luzea du. “Arabako Errioxatik ibiltzea ardoaren ibilbidea egitea da. Bertan aurkituko dituzue Europan bisita daitezkeen upeltegi berezienetako batzuk. Familia-enpresa txikiak daude eta formatu txikiko artisau-upeltegiak, eta upeltegi handiak”.

2019ko IWINETCen edizioa Arabako Errioxan izango dela jendaurrean azaldu ondoren, Retortillo sailburua pozik agertu da, “Arabari horrelako ezaugarriak dituzten kongresuen egoitza izateko duen gaitasuna aitortu” diotelako. Nazioarteko kongresu horretara 50 herrialde baino gehiagoko profesionalak joango dira, eta, horren bidez, Euskadi eta, zehazki, Arabako Errioxa helmuga enologiko nabarmenetakotzat ezagutuko da. Enogastronomia, dagoeneko, bada bisitatzen gaituztenen motibazio nagusietako bat, baina, 2019ko IWINETC-en bidez, haren prestigioa sustatu eta aitortuko da”.

Bestalde, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak nabarmendu du nolako garrantzia duen Vitoria-Gasteiz enoturismoaren nazioarteko hiriburu bilakatzeak, nazioarteko kongresu prestigiodunetako baten egoitza. “Pozik eta prest gaude hainbat herrialdetako profesionalak hartzeko eta, egun batzuetan zehar, ardoaren kulturari lotutako turismoaren erreferente bilakatzeko, hori baita gure lurraren harrotasunetako bat eta gorantz egiten ari den sektore turistikoa. Kongresuak onura handia ekarriko die Vitoria-Gasteizi, Arabako Errioxari eta herrialdeari”. 

Alkateak eskerrak eman ditu “lurra maitatzeko, ardoa sentitzeko, kultura mimatzeko, nekazaritza aztertzeko, berritzeko, zientzia eta enologia eskaintzeko eginiko lan handiagatik eta Arabako mahastizaintzako eta ardogintzako sektorearen entregagatik; izan ere, Arabaren, Euskadiren eta Vitoria-Gasteiz hiriburuaren izena mundu osora daramate”.

Cristina González Arabako Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren diputatuak harro dagoela esan du, helburua bete baitute. “Upeltegiak eta ardoak dira gure aurkezpen-txartela kanpoaldean, eta kongresu hau egiteak bultzada handia emango du Arabako Errioxa nazio- eta nazioarte-mailan bikaintasuneko helmuga enoturista gisa sustatzeko. Ardoarekin zerikusia duten kalitateko ekitaldiak antolatu behar ditugu, eta kongresu hau, munduan sektoreko garrantzitsuenetako bat, kalitate handikoa da. Gainera, horrela, Vitoria-Gasteizera eta Arabara ehunka bisitari etorriko dira behe-denboraldian”.

Sailburuak, alkateak eta diputatuak eskerrak eman nahi izan dituzte 3 erakundeen eta Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbidearen arteko erakunde-koordinazioagatik.

IWINETC 2019

IWINETCen XI. edizioan 2 egunez hitzaldiak izango dira Vitoria-Gasteizen eta beste bi egun eta erdiz Workshopak, Arabako Errioxan. Workshopean produktu enoturistikoen hornitzaileak eta bidaia-agentziak batuko dira, bai eta enoturismoa merkaturatzen espezializatuta dauden turoperadoreak ere.

Ekitaldian, gainera, produktu enoturistikoen hornitzaileen erakusketarako eremu zabala egongo da; bertan, elkarteak, turismo-bulegoak, ardoaren museoa, hotelak eta upeltegiak egongo dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak