Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Durangoko kotxetegiak eta tailerrak Lebarioko instalazio berrietara 2012ko bigarren seihilekoan eramango direla iragarri du Arriolak

2011.eko urtarrilak 17

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak esan du gaur, une honetan Durango erdialdean dauden EuskoTreneko tailerrak eta kotxetegiak behin betiko Lebarioko konplexu berrira eramateko prozesua 2012ko bigarren seihilekoan burutuko dela, eta ordurako trenak, lur azpian egongo den trazatu berritik zirkulatuko duela jada.

Arriolak, Durango erdialdean, hiritar guztiek erabiltzeko eta gozatzeko 60.000 metro karratu berreskuratzeko aukera emango duten azpiegitura berriak eraikitzeko lanetara egindako bisitan egin du aipatutako iragarpena.

Instalazio, ekipo eta makineria guztiak Lebariora eraman ondoren, gutxienez beste hamabi hilabete beharko dira une honetan Euskotreneko kotxetegiak jasotzen dituzten eraikinak eraisteko eta libre geratuko diren lurrak egokitzeko.

Lebarioko tailerrak eta kotxetegiak Durango operazioaren barruan daude. Operazio horretan hainbat lan sartzen dira: Bilbo-Donostia trenbidea bikoiztea, Zornotza/Amorebieta-Euba (zerbitzuan), Euba-Iurreta (burutzen), Iurreta-Traña (burutzen) eta Traña-Lebario (burutzen) zatietan; hiru geltoki berri eraikitzea Euban (zerbitzuan), Durangon eta Trañan (burutzen); eta inguruan dauden 27 trenbide pasagune kentzea. Duela denbora gutxi kendu da Asategiko trenbide pasagunea, Lebarioko lanetatik gertu zegoena, eta sareko puntu beltzetako bat zena.

Jarduketa horiei esker nabarmen hobetuko dira trenen igarotze maiztasunak eta, ondorioz, zerbitzuaren kalitatea.

Iñaki Arriolak zuzentzen duen Garraio Sailak aurrera daraman proiektuaren xedea, zerbitzuen kalitatean eta garapen jasangarrian oinarritutako garraioa indartzea da, eta baita ingurunean sor daitezkeen ikus, zarata eta ingurumen eraginak murriztea ere.

Gaur egun aurreikusten zaion 247 milioi euroko aurrekontuarekin (BEZ barne), Eusko Jaurlaritzak azken urteetan egin duen trenbide inbertsiorik garrantzitsuena da. Kopuru horretatik ehuneko 62 burututa dago, eta lan osoaren ehuneko 87 lizitatuta eta behin betiko aurrekontuarekin dago.

Lebarko konplexua

Ekipamendu berriek multzo bakarra eratuko dute, eta kotxetegiak eta prebentzio eta konponketa mantentze lanetarako tailerrak (15 tren unitate jasotzeko ahalmena izango dute), biltegiak eta tailerreko bulegoak jasoko dituen erdiko nabe batek eta zerbitzuetarako eraiki batek osatuko dute. Azken horretan egongo dira aldagelak, jantokia, administrazio bulegoak eta gela teknikoak.

Horrez gain, konplexu berriak, tren unitateak garbitzeko gune bat, laborategi toki bat eta berrikuspen lanetarako fosoak izango ditu; horrez gain, azpi-estazio elektriko bat eta prestakuntza geletara zuzendutako sektore bat. Sektore horretan tren unitateen gidaritza lanak simulatzeko ekipamenduak egongo dira.

Lanen nondik norakoari dagokionez, une honetan amaituta dago tailerren eta kotxetegien egituraren %80 eta Administrazio eraikinaren %100. 2011. urtean egitura eta itxidurak amaituko dira, tailerrena zein Administrazio eraikinarena, eta baita kontratatutako instalazioen eta trenbideen %90 ere.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)