Berriak

Euskadik baimendutako 2.384 isurketa-puntu izan ditu 2017an

2018-04-10

2017an, Euskadiko Jabari Publikoan isuritako kutsadura-karga ia osoa isurketa-baimenen pean diren 2.384 isurketa-puntutan egin da. 

Isurketa horiei jarraipena egiteko, isurketa titularrek urtean zehar jarraipen-programak bete eta informazioa helarazi behar diote URAri (15.000 laginei egiten zaie jarraipena urtean). Halaber, URAko ikuskariek 3.500 inspekzio egiten dituzte baimenetan ezarritako baldintzak betetzen ote diren ziurtatzeko.

 Gaur egun, baimendutako isurketen hein handi bat industrigune edota bizitegi-guneetan dira; alegia, lurzoru urbano legez sailkatutakoetan. Beraz, tokiko edota eskualdeko saneamendu-sarera konektatuta beharko luketen lurzoruak. Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin-urak ondo kudeatzeko erronkarik garrantzitsuenetakoa da ibai edota kostaldera doazen isurketa baimenduak murriztea. Hori lortzeko, hondakin-urak eskualdeko saneamendu-sistemetara bideratzea ezinbestekoa da. 

Parez pare, baimendu gabeko edota ezbeharrezko isurketak murrizteaz gain, oraindik izan badirenak atzeman, aztertu eta zigortzen jarraitu behar da. 2.017an URAk (SOS Deiak-etik gehien bat) ibai, itsasadar edota kostaldean atzemandako ez ohiko isurketen berri emateko 449 jakinarazpen jaso zituen; horietako batzuk, ingurumenean erasan nabarmenarekin; eta %5ean (23 gertakari), arrain hilak atzemanda. 

“Lan horretan, uraren ziklo urbanoan, isurketen kontrolean eta ingurumena babesteko ekintzetan zeresanik duten eragile anitzen arteko koordinazioa ezinbestekoa dugu” azpimarratu du URAko zuzendari nagusi Ernesto Martínez de Cabredok Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoan gaur egin den  “Ikuskaritza, isurketa-kontrola eta ingurumena babesteko ekintzak Euskadin” jardunaldi teknikoan. Bertan Euskadiko Ur-Patzuergo eta erakunde kudeatzaileetako, Udaletako, Foru Aldundietako, Osasun Publikoko, Ingurumen-ikuskaritza Zerbitzuko, Ertzaintzako eta Uraren Euskal Agentziako teknikariek hartu dute parte. 

Martinez de Cabredok gogorarazi duenez “jakinda isuritako kutsadura-kargaren jatorria aglomerazio urbanoetan dela –alegia, populazio eta ekintza ekonomiko nahiko izateagatik, bertako hondakin-urak bildu eta isurketa-puntu bakarreko araztegi batera bideratzeko aproposak oso diren zonaldeak-, isurketen kontrolaz gain, isurketa horiek aglomerazio horietako kolektoreetara bideratzen jarraitu behar dugu Euskadin”.

 URAko zuzendari nagusiak gogorarazi du “ur-masen egoera ekologikoa lortuko badugu, garrantzitsua da erkidegoko lurralde osoan saneamendua kudeatzeko erakunde profesionalak izatea: bere aglomerazioan isurketak biltzeko lanak egiteko, gure ibai eta kostaldeetan isurketa-puntuak murrizteko, eta baimendutako isurketaren kalitatea bermatzeko”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)