Eu

Topa esnearen euskal sektorearen alde

2018.eko apirilak 06

• Ekoizleek, elikagai eta banaketa enpresek eta erakunde publikoek gizarte, kultura, kirol eta komunitate zientifikoko pertsona ezagunak elkartu dituzte gaur goizean, Guggenheimen, behi esnearen eta bere deribatuek bizitza osasuntsu eta orekatuan jokatzen duten funtsezko rola nabarmentzeko.

• Gonbidatutako nutrizio adituek kezka adierazi dute euskal etxeetan esnekien kontsumoak duen jaitsieragatik (azken 10 urtean %30 baino gehiago), beraien propietate nutritiboak frogatuta dauden arren eta hainbat gaixotasun prebenitzeko duten garrantzia handia izan arren.

• Euskadin, behi esnea salmentatik lortutako diru sarrera gehien lortzen duen nekazaritzako bigarren sektorea da. 588 ustiategik 75 milioi euro sortzen dituzte urtean, eta 1.500 laguni baino gehiagori ematen diete enplegua zuzenean.

• Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek, ekitaldian parte hartu du. Ekitaldia NIREA egitasmoaren parte da; plataforma horretan lehen sektoreko eragile nagusiak elkartzen dira, Euskadiko landa ingurunea eta itsasertza biziberritzeko.

Bilboko Guggenheim Museoa brindis berezi baten eszenatokia izan da; esnearekin egin dute topa, elikagai horren balio nutrizionala eta behi esnearen sektoreak euskal nekazaritzan duen pisu ekonomikoa aldarrikatzeko. Ehun abeltzain inguruk elkartu dira nekazaritzako kooperatibekin, esnekien ekoizleekin, banaketa enpresekin, erakunde publikoekin eta gizarte, kultura, kirol eta komunitate zientifikoko ospetsuekin, NIREA egitasmoaren barruan antolatutako ekitaldi batean, behi esneak eta bere deribatuek gure dietan jokatzen duten funtsezko rola nabarmentzeko, eta gizartea ohartarazteko gure elikadura ohituretan gero eta presentzia urriagoa izateak dituen ondorioez.

Bere propietate dietetikoak frogatuta dauden arren, euskal etxeetan gero eta esneki gutxiago kontsumitzen da. 2015ean 70’7 kilogramo esne kontsumitzen ziren per capita, eta 2005ean, berriz, 106,57 kg ziren, hau da, %34ko jaitsiera gertatu da. Halaber, beste esneki batzuen kontsumoa (esne hartzituak, irabiakiak, gurina, gazta, izozkiak eta tartak, esne postreak eta beste batzuk) %13,7 jaitsi da epealdi berean, eta azken datuak dira per capita 39,6 kilogramo kontsumitzen direla.

Sektorearen ekimena, babes ugarirekin

Ekitaldia NIREA programaren baitako ekintzetako bat da; egitasmoak lehen sektoreko eragile nagusiak elkartzen ditu, Euskadiko landa ingurunea eta itsasertza biziberritzeko Euskadi osotik etorritako abeltzain ugari elkartu dira, ENBA eta EHNE sindikatuetako ordezkariak, Nekazaritza Kooperatiben Federazioko idazkari nagusi Iñaki Nubla, Makatza eta Goenaga bezalako esnekien ekoizleak eta banatzaile handiak, beste eragile batzuen artean, eta denek bat egin dute erreibindikazioan, zeina jardunaldi zientifiko-dibulgatibo batekin hasi den, Domine Hotelean. Amaieran, argazki kolektiboa egin dute, Guggenheim Museoaren parean, baso bat esnerekin topa eginez. Euskal esnearen kontsumoa eta azienda babesteko, aurpegi ezagun asko bertaratu dira gaur goizean: kirol mundutik, José Angel Iribar, atezain mitikoa, Mikel Urrutikoetxea eta Andoni Aretxabaleta pilotariak bertaratu dira, baita ere Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz 2018ko Master Cupeko irabazleak; Alavés, Athletic, Eibar, Osasuna eta Realeko emakumeen taldeko futbolariak; Borja Rodrigo, ACTko presidentea, Aitor Lazkano eta Endika Morán, Zierbenako arraunlariak edo Xabi Blazquez eta Ander Alquiegui, Kaiku trainerako arraunlariak; ostalaritzaren mundukoak, esaterako, Karlos Argiñano, edo Boni Garcia, Bizkaiko Ostalarien Elkarteko lehendakaria; komertzioaren mundukoak, tartean CECOBI patronaleko idazkari nagusi Julian Ruiz, eta Unai Aizpuru, Bilboko Parte Zaharreko Dendarien Elkarteko lehendakaria.

Babes instituzionalak ere ez du huts egin. Eusko Jaurlaritza ordezkatuz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek nabarmendu nahi izan du euskal exekutiboak babes irmoa ematen diola sektoreari eta nekazaritzako elikagaien kate osoari. Nekazaritzako elikagaien sektoreari eta horrek ekoizten dituen produktu osasungarri eta kalitatezkoei eskaintzen dien babesa Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoan islatu da (PEGA), hori delarik Eusko Jaurlaritzaren lanerako oinarri nagusia arloari dagokionez. Bere ondoan hainbat ordezkari publiko izan dira, hala nola Bilboko Udaleko Gaztedi eta Kirolen Zinegotzias, Oihane Agirregoitia eta Arabako Nekazaritzako Diputatu Eduardo Aguinaco.

Esnea oinarrizko elikagaia da bizitzako etapa guztietan

Ekitaldia goizeko 11etan hasi da, Bittor Rodriguez Rivera –EHU-UPVko Ikerketa eta Obesitate Taldea– eta Javier Fontecha Alonso –Zientzietako doktore eta Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Nagusiko kidea (CSIC) Elikagaien Ikerketako Institutuan– ikertzaileen mintzaldiekin.

Bere aurkezpenean, Javier Fontechak azaldu duenez, “esnea oinarrizko elikagaia da bizitzaren lehen etaparako, baina baita ere nerabearen eta helduaren dietarako, nutrienteen aukera zabala duelako. Dieta batean sartu daitezkeen elikagaien artean, esnekiek balantze bikaina ematen dute osagai maioritarioei (proteinak, koipeak, karbohidratoak, mineralak, bitaminak, etab.) eta kalorien edukiari dagokienez. Nabarmentzekoak dira kaltzioa, potasioa eta magnesioa, tentsio arterialari lotuta, balio biologiko handiko proteinak, funtsezko aminoazido guztiekin, eta digestiorako ahalmen handia, peptido bioaktiboak sortzen direlako”.

Bittor Rodriguezek Euskal Herriko Unibertsitateko bromatologia eta nutrizioaren arloan dihardu Euskal Herriko Unibertsitateko Farmaziako Fakultatean eta Arabako campuseko Lucio Lascaray Ikerketa Zentroan, eta, azaldu duenez, ikerketa lerro nagusien arabera, “esnea eta esnekiak, azken boladan prentsa txarra duten arren, balio nutrizional eta interes dietetiko bikaineko elikagaiak dira. Esnea eta esnekiak erregulartasunez kontsumitzeak, hezurren osasun eta hazkunde egokiari laguntzeaz gain, babestu egiten du gure gizartean prebalentzia handia duten gaixotasunetatik. Horregatik, elikadura osasungarri baten ezaugarriei buruz informatu nahi duten aurkezpen guztietan, esnea eta esnekiak sartzen dira, egunero bizpahiru anoa kontsumitzeko elikagai moduan”.

Sektoreari buruz datu batzuk

2017. urteko datuen arabera, 588 ustiategi inguruk saldu zuten behi esnea Euskadin. Erregistratu ziren esnetarako behiak 21.993 buru izan ziren guztira, eta merkaturatutako esne bolumena 186 milioi kilogramokoa da.

Produkzioaren balioa 75 milioi eurora iristen da (%80 saldutako esnea da, eta gainerakoa haragi edo txahalen salmenta). Horietatik, behi esnetik 60,1 milioi ateratzen dira, hau da, Euskal Nekazaritzako Amaierako Ekoizpenaren %11.

Ustiategietan salmenetatik lortutako sarreren bolumenari dagokionez bigarren sektorea da, kalitatezko ardoen sektorearen atzetik. Esnearen salmenta bakarrik kontuan hartuta, hirugarren sektorerik garrantzitsuena da, ardogintzaren eta behi haragiaren sektorearen atzetik.

1.500 lagun baino gehiago enplegatzen ditu, 53,6 urteko batez besteko adinarekin (gainerako sektoreetan baino baxuagoa).

Indarguneak eta ahulguneak

Esnearen produkzioari lotutako abeltzaintza estentsiboko sistemak, larreen kudeaketaren bitartez, kalitate handiko produktuak eskaintzen dituen jarduera ekonomikoa da Euskadin, baina, horrez gain, eginkizun garrantzitsua jokatzen du maila ekologikoan eta sozialean. Ekologikoa, bere baitan hartzen dituelako biodibertsitate begetala eta animalien ongizatea, suteen prebentzioa, lurreko karbonoaren bahiketa eta paisaiak sortzea eta kontserbatzea. Eta soziala, jarduera landa inguruneetan kontzentratzen delako, gure herriak eta herentzia kulturala bizirik mantenduz, eta inguru horietako jardueren dibertsifikazioa bultzatuz.

Sektoreak dituen indarguneen artean daude antolamendu maila handia (kooperatibo dinamikoa eta indartsua, profesionalen elkarte dinamikoak, etab.), azienda saneatua eta hobekuntza genetikoaren maila handia, produktibitate altuak (batez ere ustiategi profesionalenetan), kalitate mikrobiologikoko maila onak, oinarri kooperatiboa eta kontsumitzaileari eskaintzen dion kalitatearen bermea.

Bere ahulguneen artean aipatu daitezke titularren adin altua eta belaunaldien arteko errelebo eskasa (sektorearen batez besteko adina baxuenetakoa den arren), lurralde oinarri mugatua, ustiategietako aziendaren karga handia, bazkarako landaketak kudeatzeko eta mekanizatzeko arazoak kokapen geografikoagatik, ingurumen, osasun eta burokrazi araudien zurruntasuna, inbertitzeko behar handiak egokitzapen teknologiko egokia lortzeko, dibertsifikazio urria eraldatutako produktuei dagokienez, eta ia erosle bakar baten mende egon beharra.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak