Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

OECD/ELGAko Ekonomia Sailaren ordezkaritza batek Lakua bisitatu du, enpleguaren, inklusioaren eta hezkuntzaren arloko euskal kudeaketa ezagutzeko

2018.eko apirilak 09

 

VG 09 04 18

ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen Ekonomia Sailaren ordezkaritza batek, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitza bisitatu du, Euskadin enpleguaren eta inklusioaren arloan egiten den kudeaketa eta hezkuntzarekin eta ekonomiarekin lotutako zenbait gai ezagutzeko.

 

ELGAk txosten ekonomikoa egiten du, bi urterik behin, bere estatu kide bakoitzaren inguruan. 2018an, “OECD Economic Survey: Spain 2018” txostena argitaratuko du; bertan, egoera ekonomikoa aztertuko du eta finantza-sektorearen, politika fiskalaren eta hazkuntza inklusiboaren arloetako gomendioak jasoko ditu. Kapitulu berezi bat erkidego bakoitzaren garapenaren analisiari buruzkoa izango da.  Analisi horretarako informazioa batzeko, ELGAko Ekonomia Saileko taldeak Euskadi bisitatu du, eta berrikuntzaren, produktibitatearen, enpleguaren eta hezkuntzaren arloetako arduradunekin batu da.

 

Carolina Mateos Ministerioko Analisi Makroekonomikoko eta Nazioarteko Ekonomiako zuzendari nagusia izan da bisitaren buru, Müge Adalet McGowan, David Law eta Juan Antonio San Millánekin batera, ELGAko arduradunak Belgikarako eta Espainiarako, eta Miguel Giménez de Córdobarekin batera, ELGAko kontseilari ekonomikoa.

 

Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuak eta Amaia Arteaga Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendariak sailak enpleguaren eta gizarte-politiken arloan dituen helburuen eta kudeaketaren xehetasunak eman dizkiete. ELGAko kideek zenbait gairen inguruko interesa erakutsi dute, besteak beste: “enplegurako populazioaren mugikortasuna”, “enplegurako aktibazioa”, “DSBEa, Europan berritzailea, laguntza eta inklusioa partekatzean”, “Euskadin etorkizunerako enplegurako eginiko proiekzioak”.

 

Hezkuntza Sailetik, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak eman dizkie Euskal Hezkuntza Sistemaren ezaugarri nagusien berri. ELGAko taldeak eskola uzte goiztiarraren, errepikatze-tasa baxuaren eta sistemaren zuzentasunaren inguruko gakoen gaineko interesa erakutsi du. Prestakuntza duala –LHri eta unibertsitateari dagokienez– eta bikaintasuneko oinarrizko ikerketaren aldeko apustua ere aztertu dira topaketan.  

 

Cristina Oyon Ekimen Energetikoen arduradunak ELGAko kideei eskura dauden baliabide energetikoen eta arlo horretan Euskadin jarraitzen diren politiken gaineko ikuspegia eman die.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Müge Adalet McGowan, David Law, Juan Antonio San Millán, Miguel Giménez de Córdoba, Consejero Económico ante OCDE, Carolina Mateos Subdirectora General Adjunta en la Dirección General de Análisis Macroeconómico y Economía Internacional