Eu

Rikardo Arregi Sariak bere 30. edizioa ospatuko du aurten, azken hamarkadotan euskarazko kazetaritzan mugarri izan diren ekimenak sarituz

2018.eko apirilak 12

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Andoaingo Udalak aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Saria aurkeztu dute gaur, Donostian. Sari prestigiodun honek 30 urte beteko ditu aurten eta, urtemuga berezi hau ospatzeko, edizio berritu eta berritzailea prestatu dute ekimen hau sustatzen duten bi erakundeek. ’30 urte, 10 mugarri’ izango da aurtengo edizioaren leloa, eta 10 sari banatuko dira. “Rikardo Arregi zenaren garaitik euskarazko kazetaritzak gure egunotara arte egin duen jauzi itzelezkoan mugarri izan direnentzat aitormen-sariak izango dira”, azaldu dute antolatzaileek.

Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi eta alkateordeak aurkeztu dute Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren XXX. edizio berezia. Gogoratu dutenez, euskarazko kazetaritza bultzatu eta modernizatzeko bidean "akuilu eta sustatzaile” aritzeko jarri zuen Udalak abian Rikardo Arregi Kazetaritza Saria”. Bigarren ediziotik aurrera Eusko Jaurlaritzak bat egin zuen proiektuarekin eta, harrezkeroztik, hutsik egin gabe, urtez urte euskarazko kazetaritzak ematen duen onena aitortu eta saritu egin dute.

10 mugarri

Aurtengo edizioan sariak berak eta, batez ere, euskarazko kazetaritzak egin duten bide oparoa ospatu nahi dute antolatzaileek. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren helburua euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea izanik, edizio honen xedea izango da azken hamarkadotan “aitzindari, erreferentzia nagusi, bidegile edota bide erakusle” izan diren hamar mugarri aitortu eta saritzea. Ainara Rodriguez zinegotzi eta epaimahai buruak adierazi duenez, “Rikardo Arregik egin zuen kazetaritza bere garaian mugarri izan zen, guztiz berritzailea baitzen, eta ordutik gure egunotara arteko aurrerakuntza ez da berez gertatu, jende askoren lana dago hor”.

Pertsonak, hedabideak, ibilbideak, sustapen lanak, erremintak edota kazetaritza-lan erreferentzialak izan daitezke sariturik aurtengo edizioan; izan ere, askoren lana eta ekimena behar izan da euskarazko kazetaritzak bidean aurrera egin zezan. “Ezinbestekoa izan da euskarazko komunikazioaren lana euskararen biziberritze prozesuan. Hainbat eragile, kazetari, gidoilari edota euskaltzaleren ekarpena saritu nahi dugu aurten, lan oparo hori benetan eraginkorra izan baita euskara dagoen tokian egon dadin”, adierazi du Estibaliz Alkortak.

Norbanakoen zein izaera juridikoa duten erakundeen esku egongo da 10 mugarri horiek proposatzeko aukera. Proposamenak 2018ko ekainaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira posta arruntez edo posta elektronikoz honako helbidean:

XXX. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Andoaingo Udala. Euskara Zerbitzua

Goikoplaza, z/g

20140 Andoain

euskarazerbitzua@andoain.eus

Edizio berezi honetako 10 saridunen inguruko erabakia epaimahaikideen esku izango da. Epaimahaiak, jasotako proposamenak eta bere kideek egin ditzaketenak izango ditu mahai gainean, eta sariaren oinarrietan jasotakoari jarraiki hartuko du erabakia. 30. ediziorako berariaz prestatutako arte-lan bana emango zaie 10 saridunei, bakoitzari dagokion sariaren agiri-diplomarekin batera.

Ondorengo hauek osatzen dute epaimahaia:

  • Mahaiburua: Ainara Rodríguez Zalakain, Andoaingo Udaleko Euskara Saileko zinegotzi arduraduna, edo honek bere ordezko gisa izendatutako udalkidea.
  • Mahaikideak: Miren Azkarate, Jose Inazio Basterretxea, Allande Boutin, Aingeru Epaltza, Elixabete Larrinaga, Jon Unanue, Arantxa Urretabizkaia eta Aitor Zuberogoitia.
  • Idazkaria: Patxi Baztarrika, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria, hizpidez baina hautespiderik gabe jardungo duena.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 30. edizioaren 10 sarituak urrian emango dira aditzera, Sariaren 30. urtebetetzea ospatzeko jai batean. Rikardo Arregi kazetari zenaz geroztik euskarazko kazetaritzak eta komunikazioak egin duten bidea ospatzeko aitzakia izango da, eta bide horretan protagonista izan direnak bilduko dira han.

Webgubnea eta berrikuntzak 2019ra begira

Sariak 30 urte betetzen dituen honetan, rikardoarregikazetaritzasaria.eus webgunea  abian jarriko da. Andoaingo Udaleko Euskara teknikari eta epaiamahaiaren idazkari Patxi Baztarrikak  aurkeztu du webgunea, zeina maiatzean aktibatuko baita. Bertan jasoko da 30 urteotako sarien gaineko informazio guztia, urtez urte eguneratuko dena.

 Ainara Rodríguezek iragarri duenez, “Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak berak ere, hainbestetan aldarrikatu duen berrikuntzari atea irekiko dio; horregatik, etorkizunean berrituta etorriko da Rikardo Arregi Saria, eta, ohiko kazetaritzari bizkarra eman gabe,  sare sozialetako komunikazioan ere jarriko du fokua. Baina hori 2019an izango da”.

Iban Aranzabal Goienako zuzendari nagusiak ere parte hartu du pentsaurrekoan. Izan ere, Goienako “Kulturrizketak” telebista saioa izan baitzen iazko edizioan Rikardo Arregi Saria eskuratu zuena. Aranzabalek Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren hogeita hamar urteotako ekarpena azpimarratu eta aitortu nahi izan du, eta etorkizun oparoa aurreikusi dio.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak