Eu

Eusko Jaurlaritzak bidaia komertziala gidatuko du Londresera, industria aukera berriak bilatzeko

2018.eko apirilak 06
  • Jardunaldi tekniko sektorialak eta Cityko metrora bisita jasotzen dituen agenda Arantxa Tapia sailburua buru delarik egingo da
  • Ordezkaritza instituzionala energía eta trenaren sektoreetako hogei euskal enpresa ingururekin batera joango da
  • Bidaia hau Euskadiren Bulego Komertzialaren inauguraziotik urtebete igaro denean egingo da

Energiaren sektorea eta Trenaren sektorea izango dira Arantxa Tapia sailburua buru duen Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak datorren astean, apirilak 11 eta 12, Londresera egingo duen bidaiaren ardatz nagusiak.

Enpresa-misio honen helburua da euskal enpresak eta enpresa britainiarrak harremanetan jartzea eta negoziorako bide berriak zabaltzea, eta horregatik ordezkaritza instituzionalarekin batera energia eta trenbideen alorreko hogei bat euskal enpresen arduradunak ere joango dira Londresera. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, sailburuarekin batera Jabier Zarraonandia Industria sailburuordea eta Ainhoa Ondarzabal Basque Trade & Investmenteko zuzendaria ere joango dira.

Gaur egun Erresuma Batua Euskadiren esportazioen laugarren helmuga da, Alemaniaren, Frantziaren eta Estatu Batuen ondoren. Gainera energiarena zein trenarena euskal industrian interes handienetakoa pizten duten bi sektore dira.  Enpresa-misio hau, gainera, Eusko Jaurlaritzak Londresen bere bulego komertziala inauguratu zuenetik urtebetera eta Brexit-en prozesuaren erdi-erdian kokatzen da, eta horrek enpresak nazioarteko merkataritzako ingurune berrien aurrean jartzeko aukera eskaini dezake.

Negozio Aukeren Jardunaldia Energia Sektorean

Asteazken goizean, Financial Times-ekin batera antolatutako sektore-laneko jardunaldian energiaren esparrua landuko da. Energy UK-eko Sorkuntza-zuzendari Barbara Vest-ek eskainiko du adierazpen nagusia, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak egingo duen irekiera instituzionalaren ondoren. Vest-en adierazpenaren ondoren, eta Financial Times-eko Courtney Fingar kazetariak moderatuta, eztabaida-panela hasiko da. Bertan honako hauek arituko dira: Jonathan Cole —Iberdrola Renewables Offshore-ko zuzendari exekutiboa—, Ray Thomson — Siemens Gamesako Negozioen Garapeneko arduraduna—, Enma Pinchbeck —RenewableUK-eko zuzendaria—, eta Nick Butler —Financial Times-eko energia-aholkularia—.

Jardunaldia networking batekin amaituko da. Bertan, Euskadiko eta Britainia Handiko hainbat enpresatako ordezkariek hartuko dute parte: Aclara, Alkargo, Ariadna, Arteche, Erreka, Euskal Forging, Ingeteam, NEM Solutions, Ormazabal, Siemens Gamesa, Supra, Mainstream Renewable Power, Vinci UK, RES Group, Ofgem, DNV GL, Falck Renewables, NPG Northern Power Grid, Fred Olsen Windcarrier, National Grid eta Centrica, Energiaren Euskal Erakundea (EVE) eta Euskadiko Energia Klusterra.

Negozio Aukeren Jardunaldia Tren Sektorean

Osteguneko lan-jardunaldian tren-esparruko negozio-aukerak bilatzeko gaia jorratuko da. Kasu honetan BBC News-eko kazetari Jonny Dymond-ek moderatuko duen eztabaida-panelean honako hauek arituko dira: Mark Wild —London Underground-eko zuzendari exekutiboa—, Goeff Ogdenm —Transport for Wales-eko zerbitzuen zuzendaria—, Andrew McNaughton —HS2ko estrategia-aholkularia—, Karla Jakeman —Innovate UK-ko Garraio Konektatuen eta Komunikazioen berrikuntzako arduraduna— eta David Waboso —Network Rail-eko zuzendari exekutiboa—. Nazioarteko Garapen Saileko Garraio eta Azpiegituren zuzendari Wendy Richards-ek itxiko du eztabaida-panela. Ondoren, networking-ari emango zaio hasiera. Bertan ere sektore honetako euskal enpresa asko egotea espero da, adibidez: CAF, IDOM, Sener, Talgo, NEM Solutions, JEZ Sistemas, Lander, Digital Railway, Stephenson Hardwood LLP, Satellite Applications Catapult, HCT, Terrapinn eta DIT.

Jardunaldia amaitzeko, Londresko Metroko mantentze-zentroa bisitatuko da. Bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzaz gain, hainbat euskal enpresa eta Mafex egongo dira.

Euskal enpresekin bilera

Eusko Jaurlaritzak bilera antolatu du jardunaldi sektorialetan parte hartuko duten euskal enpresekin eta Londresen ordezkaritza duten euskal enpresekin.  Bilera hilaren 11n, asteazkena, egingo da, arratsaldez, Londresko Institute of Directors-en.

Arantxa Tapia sailburuak ongi etorria egingo die ekitaldira hurbiltzea espero den 80 gonbidatu ingururi. Bilera horren helburu da elkar ezagutu ahal izatea, lankidetzarako bideak bilatzea eta negozio-bide berriak zabaltzea.

Erresuma Batuak euskal industriaren etorkizunean izan dezakeen garrantzia kontutan hartuta, Londreseko bulego komertzialak enpresa sare bat eraikitzeko ardura hartu du, merkatuen arteko harremana sendotzeko.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak