Berriak Lehendakaritza
Eu

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean instalatutako azken belaunaldiko OTA-ri esker, diagnostikoak, emaitzak eta pazientearen segurtasuna hobeak izango dira

2018.eko apirilak 09
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Goi-teknologiako gailu honen erosketa Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Osakidetzaren berrikuntza teknologikoaren estrategiaren barruan kokatzen da

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Erradiodiagnostiko Zerbitzuan izan da, Jon Darpón Osasuneko sailburuarekin eta Mª Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera. Bertan, unitate berri horrek eskuratu berri duen OTA ekipamendua ikusi dute.

Hona hemen lehendakariaren hitzak: «Jaurlaritzak 720.000 euroko inbertsioa egin du azken belaunaldiko OTA hau eskuratzeko. Horrela, aurrera egiten jarraituko dugu Euskal Osasun Zerbitzuan abangoardiako teknologia izateko bidean».

Zehazkiago, lehendakariak Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Erradiodiagnostiko Zerbitzura egindako bisitan ikusi ahal izan duen moduan, ekipamendu berri honek teknologia aurreratuak erabiltzen ditu, eta, horrela, hobetu egiten dira diagnostikoaren kalitatea, pazientearen segurtasuna eta erosotasuna probak iraun bitartean. Esate baterako, zarata elektronikoa % 44 murrizten duen irudi-kate bat du. Horri esker, kalitate handiko 3D irudiak lortzen dira, eta erradiazio dosiak eta erabili beharreko kontrastea % 80ra bitarte gutxitu daiteke zenbait miaketatan.

Segundoko 55 irudiko abiadura du irudiak hartzeko, eta hori oso garrantzitsua da organoen mugimenduek eragindako akatsak saihesteko, batik bat umeen kasuan eta arnas aparatuaren miaketetan. Lehendakariak honela azaldu du: «Gailu berri honen bidez posible da toraxeko OTA bat 2 segundo eskasetan egitea. Bihotzeko probak egiteko, 5 taupada baino ez dira behar, eta, horri esker, ez da beharrezkoa izaten pazienteari sedazioa ematea. Ondorioz, proba erosoagoa eta seguruagoa da».

Instalatu berri hau kontuan hartuta, hiru dira orain Gurutzetako Unibertsitate Ospitale Erradiodiagnostiko Zerbitzuan dauden OTA gailuak. Urtean 49.000 miaketa egiten dira makina horiekin.

Punta-puntako ekipamendu erosi berri hau oso lagungarria izango zaie medikuei patologia ugariren diagnostikoa egiteko: miaketa kardiakoak eta baskularrak, garuneko eta beste atal batzuetako perfusioak. Hiru dimentsioko irudiak sortzen ditu, eta prozesamendu ondoko sistema sofistikatu batek aukera ematen du irudien analisi aurreratuak egiteko. Horrela, errazagoa da patologia kardiakoa, onkologikoa, baskularra eta iktusa duten pazienteen plangintza kirurgikoa egitea.

Laburbilduz, instalatu den ordenagailu bidezko tomografia axialeko ekipamendu berria punta-puntako sistema teknologiko bat da, eta bikaintasun klinikora bideratuta dago, profesionalei diagnostiko hobeak egiten lagunduko baitie.

Era berean, pazientearen gogobetetasuna eta zainketak hobetzen lagunduko du. Izan ere, ekipamenduaren sistema automatizatuek, aurreko belaunaldiko makinekin alderatuta, probaren fluxu eraginkorragoa egiteko aukera ematen dute, eta, horrela, profesionalek denbora gehiago izango dute proban pazienteari arreta eskaintzeko.

Osakidetzak, teknologia berritzeko indarrean duen planaren bidez, hiru lurralde historikoetako ESI guztietan aurrera jarraitzen du urratsez urrats eta plangintzaren arabera, eta horrela betetzen ari da Eusko Jaurlaritzak zehaztutako helburua, hau da, Euskadiko zerbitzu publikoak hobetzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak