
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak «Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Lehenengo Saria» jarri du martxan
- Matia Institutorekin batera
- Zahartuz doazen pertsonentzat bizitzeko ingurune errazak sortzen laguntzen duten lagunkoitasuneko jardunbide berritzaile eta eraginkorrak ezagutarazteko
Euskadi Lagunkoia proiektua Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Matia Institutorekin batera, «Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Lehenengo Saria» antolatu du, zahartuz doazen pertsonentzat bizitzeko ingurune errazak sortzen laguntzen duten lagunkoitasuneko jardunbide berritzaile eta eraginkorrak ezagutarazteko
Parte hartzeko baldintzak, era guztietako erakundeek (publikoak, pribatuak edo sozialak) parte har dezakete, baldin eta haien lana lagunkoitasuneko zortzi arloetako bat edo gehiago hobetzearekin erlazionatuta badago: 1. Aire zabaleko espazioak eta eraikinak 2. Garraioa 3. Etxebizitza 4. Partaidetza eta gizarte-sarea 5. Errespetua eta gizarteratzea 6. Herri-partaidetza eta enplegua 7. Komunikazioa eta informazioa 8. Gizarte- eta osasun-zerbitzuak.
Parte hartu ahal izateko, lehenik, Euskadi Lagunkoia sareko Jardunbide Egokien Datu-basean sartu behar dira jardunbide egokiak; horretarako, helbide honetan dagoen fitxa teknikoa deskargatu eta bete behar da.
Parte hartzeko prozesua: 1. Dokumentazioa bidaltzea: Lagunkoitasuneko jardunbide egokien fitxa teknikoa Erantsitako dokumentuak edo fitxategiak (argazkiak, bideoak, memoria, etab.) 2. Jasotako informazioa begiratzea: Euskadi Lagunkoiako talde teknikoak dokumentazio guztia begiratuko du, eta, behar izanez gero, informazio osagarria eskatu, jardunbide egokia baloratzeko eta sareari atxiki dakiokeen ala ez erabakitzeko. 3. Datu-basean sartzea: Positiboki baloratzen diren jardunbide egokiak Euskadi Lagunkoiaren webguneko atal gisa ageri den jardunbide egokien katalogoan agertuko dira. Altan eman ondoren, horren berri emango da, Euskadi Lagunkoiaren komunikazio-bideak erabilita (webgunea, sareak eta buletina). 4. Eguneratzea: Urtero berrikusiko dira sarea osatzen duten jardunbide egokiak, datu-basean eguneratuta egon daitezen.
Sarian onar daitezen, dagokion fitxa tekniko eguneratua bidali behar dute jardunbide egokiek, eta irizpide hauetako bat edo gehiago bete behar dituzte: • Berritzailea: konponbide berri edo sortzaileak eskaintzen ditu. • Eraginkorra: hobekuntzan eragin positiboa eta hautemangarria erakusten du. • Jasangarria: bere eskakizun sozial, ekonomiko eta ingurumenekoengatik, denboran manten daiteke, eta ondorio iraunkorrak izan ditzake. • Erreplikagarria: eredu gisa balio du beste toki batzuetan politikak, ekimenak eta jardunak garatzeko.
Posta elektroniko bidez bidaliko da jardunbide egokia, info@euskadilagunkoia.eus helbidera, eta gaian «Jardunbide Egokien Saria» idatziko da.2018ko ekainaren 30era arte bidal daitezke jardunbideak.
Jardunbideak baloratzeko baldintzak: Epaimahai aditu eta independente batek baloratuko ditu jardunbide egokiak, irizpide hauetan oinarrituta: • Ekintzaren garrantzia • Helburuen, metodologiaren, emaitzen eta ebaluazioaren azalpen egokia • Adinekoek jardunbide egokia garatzen (diseinua eta ezarpena) modu aktiboan parte hartzea • Irizpideen betetze-maila (jardunbide egokia berritzailea, eraginkorra, iraunkorra eta erreplikagarria den)
Jardunbide egoki garaileak 3.000 euroko bidaia-poltsa bat jasoko du Europan jardunbide egokiren bat garatzen duen eta garaileak berak aukeratuko duen elkarte edo erakunde batera joateko 3 pertsonaren gastuak ordaintzeko. Horretaz gain, Euskadi Lagunkoia sareko baliabide guztien bidez emango da jardunbide egoki irabazlearen berri. 2018ko Jardunbide Egokien Nazioarteko Jardunaldian emango dira sariak, irailaren 14an.
Balorazio-epaimahai bat osatuko dute lagunkoitasuneko zortzi arloekin erlazionatutako eremuetan ibilbide profesional luzea duten pertsonek. Sarian parte hartuko duten jardunbide egokiak bidaltzeko epea amaitu ondoren ezagutaraziko dira epaimahaikideak. Epaimahaiaren epaia apelaezina izango da, eta sariak eman gabe utzi ahal izango dira.
Hona hemen deialdiaren datak: Deialdi publikoa irekitzea: 2018ko apirilak 4. Jardunbide egokiak bidaltzeko azken eguna: 2018ko ekainak 30. Baloratzeko prozesua eta epaimahaiaren epaia: 2018ko ekainaren 30etik abuztuaren 31ra. Sari-banaketa Euskadi Lagunkoiako Jardunbide Egokien Nazioarteko Jardunaldian: 2018ko irailak 14.
-
2018-04-06
Comentario de Twitter:
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak «Lagunkoitasuneko... https://t.co/ExsRZb3WeU