Eu

Jabari publiko hidraulikoan lanak egiteko baimenen izapidetze elektronikoa herritarren eskura jarri da

2018.eko apirilak 06
  • URAk jabari publiko hidraulikoan lanak egiteko 700 baimen inguru izapidetzen ditu urtero
  • Halaber, baimendutako eta bukatu gabe diren 1.173 lanen baimen-titularrek baimenak ezarritako baldintzak betearazteko hartutako neurrien berri izateko aukera dute

Vitoria-Gasteiz.2018.04.06. Uraren Euskal Agentziak EAEko herritarrei luzatu berri die jabari publiko hidraulikoan eta zaintza-eremuan lanak egiteko baimenen izapidetze elektronikoa egiteko aukera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko egoitza elektronikoan.

Lan-baimen horiek askotariko lan-motak egiteko beharrezkoak dira: uholdeei aurre egiteko lanak, ertzak egonkortzeko harri-lubetak, ibai-bideratzeak, ibiak, ibaia gurutzatu behar dituzten tutuak; edota, zaintzagunean eraiki nahiko liratekeen edozein industria-pabiloiak, nekazarien biltegiak, urbanizazioak, azpiegitura linealak, lurrezko betelanak…

Izan ere, edozein pertsona edota erakundek, jabari publiko hidraulikoan edota zaintza-eremuan lanik edota azpiegiturarik egin nahiz gero, aurrena lan-baimena eskatu behar du. Lanok beharrezko baimen hori gabe egiteak isuna jasotzea ekar lezake.

Urtero, URAk lanak egiteko 700 baimen inguru izapidetzen ditu, eta behin baimendutakoan, baimenek ezarritako baldintzak betearazteko kontrola egiten du: orain, 1.173 txosten dira baimendutako lanei jarraipena egiteko. Bai lan-baimenak, baita baimenen jarraipen eta kontrolerako egindakoen kontsultak titularren eskura dira egoitza elektronikoan (egun, URAk kudeatzen dituen baimenen % 90a egoitza elektronikoan bideratu dezakete titularrek).

Lan-baimen horien xedea: jabari publikoan zein zaintza-eremuan edota zortasun-eremuan egin nahi diren lanei baldintzak ezartzea. Hartara, ur-masen egoera kaltetzea saihesteko; egoera hori hobetzeko; eta, uholde natural errepikariek bere egin behar duten eremuetan, erabilera kalteberak egotea saihestea. Lurraldeak duen populazio-dentsitatea aintzat harturik, arestian azaldutako lanek Euskadiko ibaien egoera ekologikoan  erasana sortzeko ahalmen handienetako presioa osatzen dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak