Eu

Donostia eta Gipuzkoa defendatzeko eskatu du Retortillo sailburuak kongresuak antolatzeko aukerako leku gisa eta TMEren Gailurraren jardun egokia bermatzeko

2018.eko apirilak 06

Akordio batera iristeko ahaleginak egiteko eskatu die sailburuak sindikatuei eta patronalari, Turismoaren Munduko Gailurra ondo garatu ahal izan dadin

“Lan-eskubideak langile guztientzako baldintza duin eta berdinetan bermatu behar ditugu, eta enplegua eta aberastasuna sorrarazten dituen industria turistiko bat defendatu behar dugu.Bi helburuak lor daitezke" adierazi du Retortillok

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailburu Alfredo Retortillok agerraldia egin du gaur hedabideen aurrean ELA, CC.OO, LAB eta UGT sindikatuek maiatzaren 23tik 25era Gipuzkoako hoteletan grebarako egin duten deialdia baloratzeko, hain zuzen ere Turismoaren Mundu Erakundearen Batzorde Exekutiboa Donostian bilduko den egunetan. Sailburuarekin batera izan dira Turismo eta Ostalaritzako Zuzendari Maider Etxebarria eta Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziako Zuzendari Harkaitz Millán.

Aurretik, Retortillok bi bilera izan ditu, bata ADEGIrekin eta bestea Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresaburuen Elkartearekin, eta baita deialdia egin duten sindikatuekin ere. “Akordio batera iristeko ahaleginak egiteko” eskatu die sailburuak, “Turismoaren Munduko Gailurra ondo garatu ahal izan dadin”.

“Sailak errespetatu eta babestu egiten du negoziazio kolektiboa” azaldu du Retortillok, “batez ere lan-baldintzak murriztu eta gutxitu diren garai hauetan. Baina gai izan behar dugu denon artean bai lan-eskubideak eta baita euskal turismoa ere defendatzeko”.

TMEren Batzorde Exekutiboaren bileraren garrantzia azpimarratu du Sailburuak, “aukera paregabea Euskadi eta bertako baliabide turistikoak sektorean ahalmentsuenak diren herrialde ugarietako Turismoaren mandatariei erakusteko. Hedatzen ari den sektorea da eta enplegua eta aberastasuna sorrarazten ari den industria bilakatu da”.

Gainera, nabarmendu duenez, funtsezkoa da Donostiak, Gipuzkoak eta Euskadik duten irudi ona ez lausotzea “hainbeste kostata bultzatu izan dena eta bolada onean dena turismoaren sustapenaren ikuspegitik”.

Hala, negoziazio-mahaira itzultzeko eskatu die Retortillo sailburuak enpresaburuei eta sindikatuei, kontuan hartuta gainera “jarrerak ez daudela hain urrun eta akordio batera iritsi daitekeela”.

 

"Bi gauza bereizi behar ditugu argi eta garbi: greba egiteko langile guztien lan-eskubideen defentsa eta TMEren Kongresua” azpimarratu du Sailburuak.

 

“Instituzio guztiei eta donostiarrei eskatzen diet Hiriaren izen ona defendatzeko, eta Donostia plaza seguru gisa era guztietako kongresuak antolatzeko, kalitate handieneko turismoa erakarri eta aberastasun handiagoa sortzen dituena” esanez amaitu du.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak