
EIO orkestra, asteburuko kontzertuak prestatzeko lanean buru-belarri
- Euskadiko Ikasleen Orkestra osatzen duten 84 neska-mutilek egonaldia egiten ari dira Bilboko Kontserbatorioan Pazko Astez, asteburuko kontzertuak prestatzeko
- Musika eskola eta kontserbatorieoetako ikaslez osaturiko orkestra honek 15 eta 19 urte bitarteko gazteak biltzen ditu; Jon Malaxetxebarriaren zuzendaritzapean Mendelssohn eta Shostakovich-en lanak joko dituzte
- Kontzertuak: apirilaren 7an, larunbatez, Gasteizen, eta igandean Bilbon
84 musikari gaztek osatzen dute EIO – Euskadiko Ikasleen Orkestra, eta guztiak dira Euskadiko musika eskola edo kontserbatorioetako ikasleak. Pazko Aste honetan baina, entsegutan buru-belarri murgilduta ari dira oporrak zukutzen. Joan zen martxoaren 11n eginiko lehen topaketa eta entseguen ondoren, musika-tresnak eta partiturak hartu dituzte berriro ere aste honetan. Asteburuan dituzten kontzertuak prestatzen ari dira gorputz eta arima. Larunbatean, apirilaren 7an, Gasteizen da hitzordua, eta igandean berriz, Bilbon.
Horretarako, EIOko neska-mutilak kontzentrazioan daude dagoeneko Bilbon, Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan. Goiz eta arratsaldeko saioetan, errepertorioa prestatu eta entseatzeko lanetan murgilduta dihardute: Mendelssohn eta Shostakovich-en obrak joko dituzte. Lo lekua berriz, Miguel Unamuno Ikastetxe Nagusian aurkitu dute. Aukera bikaina, beraz, adin bertsua eta musikarako zaletasun bera duten neska-mutilen arteko lagunartea sortzeko.
Kontzertuak:
Apirilak 7, larunbata, 19:00etan, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorian
Apirilak 8, igandea, 12:00etan, Bilboko Campos Antzokian
Kontzertu egitaraua: Felix Mendelssohn Piano Concerto No. 1 sol minor, Op. 25 Molto allegro con fuoco Andante Presto - Molto allegro e vivace
Dimitri Shostakovich Sinfonia No 5, re minor, op. 47, Moderato Allegretto Largo Allegro non troppo
Ander Marzana, pianoan Jon Malaxetxebarria, zuzendari
|
EIO orkestra, Euskadiko musika eskola eta kontserbatorioetako ikasle nagusienek osatzen dute, 15 eta 19 urte bitarteko neska-mutilek. 2005ean jaio zenetik gaurdaino egin duen ibilbidean, hamaika zuzendari izan ditu kontzertuetarako: Maite Aurrekoetxea, Roberto Nuño, Diego Martin, Iker Sanchez, Raffaela Acella edo baita Juanjo Mena bera ere, egun BBC Philharmonic orkestraren zuzendari titularra. Oraingo honetan, Jon Malaxetxaberria zuzendari gernikar gazteak hartuko du batuta (Jon Malaxetxebarriaren inguruko informazio gehiago: www.jonmalax.com helbidean)
EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestra
Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen hezkuntza-proiektu musikala da. Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi duen ekimen honek, musika jendaurrean eta orkestra bateko kide gisa jo dezaten plaza eskaintzen die ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika kontserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketa eskaintzea da. Batetik, ikasleen motibazioa piztu nahi du EIOk, musika ikasketetan jarrai dezaten; eta bestetik, kontserbatorioetan ikasleek landu ezin izango luketen errepertorio sinfoniko zabala jotzeko aukera eman.
Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten ari diren neska-mutilek osatzen dute, eta adinaren arabera, proiektuak hiru orkestra desberdin ditu:
- EIO: 15 urtetik 18-19ra bitarteko ikasleek osatzen dute. 2005-2006 ikasturtean jaio zen.
- EIO Gaztea: 13 – 15 urte tarteko neska-mutilak. 2010-2011 ikasturtean sortua
- EIO Txikia: 10 urtetik 13ra bitarteko ikaslez osatua. 2015-2016 ikasturtean jaio zen.
EIOk urtero-urtero antolatzen ditu musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleentzat sarbide-probak, hiru orkestrok osatuko dituzten musikariak hautatzeko.
-
2018-04-04
Comentario de Twitter:
RT @Irekia: Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO), asteburuko kontzertuak prestatzeko lanean buru-belarri ➡ https://t.co/u8MibaDVnh https://t.c…