
Servef Valentzia´ko Enplegu Zerbitzuko ordezkaritza batek Euskadi bisitatuko du, sektore ahuletan enplegua eta prestakuntza sustatzeko Lanbideren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa ezagutzeko
VG 2018 04 04
Datorren apirilaren 11tik aurrera Servef Valentziako Autonomia Erkidegoko Enplegu Zerbitzuko ordezkaritza batek Euskadi bisitatuko du, enpleguaren sustapenarekin, sektore ahulenen prestakuntzarekin eta esparru horietan burututako gizarte-jarduketekin lotuta Lanbideren eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa ezagutzeko.
Enpleguko idazkari autonomiko eta SERVEF erakundeko zuzendari nagusi Enric Nomdedéu izango da Valentziatik hurbilduko den taldearen buru. Lakuan —Lanbideren eta hainbat trebakuntza-zentroren egoitza nagusia— hainbat bilera egingo ditu, enplegu-programetan, Gazte Bermearen inplementazioan, Lanbideren antolakuntza-ereduan eta lan-orientabideko metodologian, eta Lanbide Heziketa Arautuaren eta Enplegurako Prestakuntzaren integrazioan esperientziak trukatzeko topaketa baten barruan.
Enpleguaren eta gizarte-politiken arloetan Eusko Jaurlaritzak Euskadin egindako kudeaketak Estatuko eta Europako hainbat administrazioren interesa erakarri du, eta Gasteizera etorri dira esparru horietan burututako lana eta programak zehatz-mehatz ezagutzera. Hala, enpleguaren eta gizarte-politiken arloetan Euskal Autonomia Erkidegoan garatutako estrategien eta planen inguruan interesa erakutsi dute, besteak beste, Gaztela-Mantxak, Nafarroak, Galesek, Alsaziak edo Europako Batzordeak berak.