Eu

Eusko Jaurlaritzak 445.000 euro bideratu ditu arte plastikoak eta ikusizko arteak bultzatzera (Gobernu Bilera 2018-03-27)

2018.eko martxoak 27

Diru-laguntzen lerro hau iazkoa baino % 6,5 handiagoa da eta hiru modalitate izango ditu

Gobernu Kontseiluak 445.000 euroko kontu-saila onartu du bere gaurko saioan 2018an arte plastikoak eta ikusizko arteak bultzatzeko, iaz baino % 6,5 gehiago (29.000 euro gehiago). Diru-laguntza ildo honek hiru laguntza-modalitate ditu: sustapenera eta zabalkundera zuzenduak, argitalpenak egitera zuzendutako diru-laguntzak eta, azkenik, sorkuntzara eta produkziora bideratuak. 

Arte plastikoen eta ikusizko arteen arloan jarduerak sustatzeko eta garatzeko laguntza hauek Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak esparru honetan egiten duen apustu nagusia da. Dena den, sailak aitortza politika publikoak ere bultzatzen ditu Gure Artea sarien bitartez, baita bestelako hainbat ekimen eta diru-laguntza sustatu ere. 

Arte plastikoak eta ikusizko arteak sustatzeko eta ezagutzera emateko laguntzetara 55.000 euro bideratuko dira aurten, eta bi azpiatal daude: 

a)    Euskal Autonomia Erkidegoan egingo diren arte garaikidearen ekitaldi edo adierazpenak (lehiaketak, jaialdiak, erakusketak ) antolatzea eta/edo horietan parte hartzea laguntzeko diru-laguntzak. 

b)    Euskal Autonomia Erkidegoan egingo diren arte garaikidearen inguruko sentsibilizazio-adierazpenak (topaketak, jardunaldiak, kongresuak, lantegiak, hitzaldiak…) diruz laguntzekoak. 

Argitalpenen modalitateari dagokionez, 121.000 euro bideratuko dira arte garaikidea ezagutzera emateko, baita artistak eta horien artelana sustatzeko ere. Azkenik, sorkuntzaren eta produkzioaren modalitatera 269.000 euro bideratuko dira, sorkuntza eta produkzio plastikoaren eta ikusizkoaren alorrean proiektuak bultzatzeko edo esparru horretan ikertzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko