EROSKI Bidaiak Gazte-Txartela programari atxiki zaio
- Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak eta konpainiaren merkataritza-zuzendariak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Lakuan
Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak eta Sergio Gómez Oruna EROSKI Bidaiak-eko merkataritza-zuzendariak, gaur arratsaldean, Bilbon, lankidetza-hitzarmena sinatu dute, EROSKI Bidaiak-en eskaintza Gazte-Txartela programan sartzeko. Bertan Ander Añigarro, Gazteriako zuzendaria ere izan da.
Akordio hori gaur sinatu da eta, horren ondorioz, EROSKI Bidaiak-ek abantailak eskainiko dizkie Gazte-txartelaren erabiltzaileei, besteak beste, berentzako bidaia-plan esklusiboak diseinatzea, funtsezko abantaila ekonomikoekin.
Plan horiek guztiak Euskadiko EROSKI Bidaiak-en 86 bulegoetako edozeinetan erosi ahalko dira, bai eta Gazte Txartelerako bereziki diseinatutako webgunean ere https://www.goulidays.com/gazte-txartela; webgunea ingurune mugikorrera egokituta dago eta, horrela, multikanalitateari erantzuten zaio.
Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta EROSKI Bidaiak-ek konpromisoa hartu dute abantaila horiei zabalkundea emateko; agentziak bere webaren espazio batean sustatuko ditu. Gazteria Zuzendaritzak ohiko baliabideak erabiliko ditu, webaren, gizarte-sareen eta jakinarazpenen bidez, baliabide horien berri emateko.
Gazte-txartela
Gazte-txartela Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu ofiziala da, European Youth Card programari atxikia; Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden 14 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Gaur egun, 30 urtetik beherako 50.000 gazte atxiki zaizkio programa horri.
Europa mailan homologatuta dagoen euskal gazte-txartel bakarra da. Txartela European Youth Card Association (EYCA) elkarteari dagokio; beraz, gazte titularrak, Gazte-txartelak eskaintzen dizkien onuradun izateaz gainera, beste autonomia-erkidego batzuetako gazte-txartelek eskainitako abantailen onuradun ere izan daitezke, bai eta EYCAri atxikitako Europako 38 herrialdeetako gazte-txartelek eskainitakoen onuradun ere. Guztira, Euskadin gaitutako 2.000 sustapenei EYCA sareko gainerako herrialdeek eskaintzen dituztenak gehituz gero, 80.000 sustapen baino gehiagotara jo dezakete gazte-txartel honen erabiltzaileek.
Gazte-txartelak Euskadin webgunea du: http://www.gazteaukera.euskadi.eus; bertan, erabiltzaileek une bakoitzean Euskadin eta beste autonomia-erkidego batzuetan eta Europako beste herrialde batzuetan Gazte-txartelak eskaintzen dien guztiaren informazio eguneratua aurkituko dute. Nabigazioa erraza da eta bilatzaileak daude, sustapen guztietara jo ahal izateko.
EROSKI Bidaiei buruz
EROSKI Bidaiak sektoreko lehen zazpi agentzietako bat da, oporretako bidaietan espezializatua, eta 159 agentziako merkataritza-sarea du. EROSKI Bidaiak markaz gainera, Viatges Caprabo –Katalunian– ere badu, bai eta onlineko www.viajeseroski.es eta www.viatgescaprabo.es bulegoak ere, eta Travel Air du, enpresa-bidaietan eta kongresuen antolaketan espezializatua, enpresentzako arreta esklusiboko bulegoekin.
Pasa den 2017ko ekainean, Travel Airrek Open Awards saria jaso zuen, enpresa handiko eraldaketa digitalik onenari.