Berriak Osasuna
Eu

Elgorri kasu bat diagnostikatu da txertoa jaso ez duen heldu batean, Donostia-San Sebastianen

2018.eko martxoak 23

22 urteko gizonezko bat ospitaleratuta dago eta isolamendu-egoeran, Donostiako Unibertsitate Ospitalean, elgorria diagnostikatu ondoren. Gizonezkoa Gipuzkoako herritarra da, egonkor dago eta ez zeukan borondatez eta kontzienteki gaixotasun horren aurkako txertoa jarrita. Antza denez, oraintsu bidaiatu da Indiara eta beharbada bertako egonaldian hartu du gaixotasuna.

Osakidetzak, elgorri-kasua dela egiaztatu ondoren, protokoloa aplikatu du, arrisku-harremanak detektatzeko eta kutsatu ahal izan diren pertsonei txertoa jartzeko, elgorri kasuetan indarrean dagoen protokoloak zehazten duen bezala.

2012tik, Euskadin ez da elgorri kasurik detektatu, eta aurreko kasuak, orduan detektatu zirenak, Euskaditik kanpora bidaiatu ziren eta txertoa ez zeukaten pertsonak ziren.

Aipatu behar da gaixotasuna izan ez duten edo egokiro immunizatuta ez dauden pertsona guztiak kutsa daitezkeela, behar bezalako txertoa ez badute. Euskadin, zehazki, elgorriaren aurkako txertoa haurren txertoen egutegian jaso da, eta txerto hirukoitz birikoaren (elgorria-parotiditis epidemikoa-hazizurriak) lehen dosiaren babesa % 95,05ekoa da eta bigarren dosiarena, % 94,7koa. Babes horiek OMEk gomendatutako adierazleak betetzen dituzte.

 

 ELGORRIAREN EZAUGARRIAK

Elgorria gaixotasun kutsagarrienetakoa da. Sukarrarekin hasi, koriza, eztula eta aho-mukosan erdigunea zurixka duten eritema-orban txikiak ageri dira gero. Exantema sintomak hasi eta hurrengo 3 eta 7 egunen buruan ageri da; aurpegian hasten da eta gorputz guztira zabaltzen da. Gaixotasuna bularreko haurretan eta helduetan umeetan baino larriagoa da.

Elgorriaren konplikazioak larriak izan daitezke, eta heriotza ere eragin dezakete, birusaren erreplikazioaren edo bakterioengatiko gain-infekzioaren ondorioz, eta, besteak beste, laringotrakeobronkitisa, pneumonia edo entzefalitisa eragin dezakete.

Gaixotasuna izan ez duten edo egokiro immunizatuta ez dauden pertsona guztiak kutsa daitezke. Bularreko umeak babestuta daude, oro har, 6 eta 9 hilabete arte, amaren antigorputzengatik.

Uste da infekzio naturalaren ondoko immunitateak bizi osoan irauten duela; txertoagatik jasotako immunitateak zenbait hamarkadatan irauten du. Txertoaren eraginkortasuna oso altua da eta % 95ek baino gehiagok antigorputzak garatzen ditu TV txertoaren lehen dosiaren ondoren eta bigarren dosiaren bidez lehen dosiari erantzun ez dioten asko immunizatzea lortzen da.

Gogoratu nahi da zer garrantzitsua den haurrak txertatzea, gaixotasun infekzioso larriak prebenitzeko, batzuetan heriotza eragin baitezakete; halaber, txertoen egungo segurtasuna ere ekarri nahi da gogora.

Osasun Sailak eta Osakidetzak egoera honen bilakaeraren berri emango dute, bestelako neurririk hartu behar bada.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 23a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau