Eu

Erakusketa batek Bilboko metroaren 3. linearen lehen urteurrena gogorarazten du

2018.eko martxoak 23

Zazpikaleak-Casco Viejo geltoki intermodalean dauden formatu handiko hamabost argazkik, duela urtebete Bilboko metroaren 3. linea zerbitzuan jarri izana gogoraraziko dute gaurtik aurrera. Jendeak ikusteko moduan bi hilabete egongo den erakusketak, lur azpiko trenaren adar berria eraikitzeko lanen zenbait fasetako argazkiak jasotzen ditu, horietako gehienak orain arte argitaratu gabeak.

Gogorarazi behar da 3. lineak sei kilometro inguru eta zazpi geltoki gehitzen dizkiola trenbide metropolitarrari, Matiko, Uribarri, Zazpikaleak-Casco Viejo, Zurbaranbarri, Txurdinaga, Otxarkoaga eta Kukullaga, 70.000 pertsona inguru bizi diren Bilbo iparraldeko auzoei zerbitzua emateko. Euskotrenek eskainiko duen zerbitzuak 7,5 minutuz behingo maiztasunak izango ditu. Horrez gain, eta trenbide bikoitzeko Artxandako tunel berriaren bitartez, 3. linea Txorierriko linearekin lotuko da mutur batetik, eta Durangaldetik eta Gipuzkoatik datozen trenekin bestetik.

Horrela, Zazpikaleak-Casco Viejo geltokia Bilboko metroaren benetako bihotza bilakatu da, 1., 2. eta 3. lineak bertan elkartzen baitira. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdibana ordaindu zuten 279 milioi euroko aurrekontua izan duten lanei esker, lanen eragina jasan duten guneak hirigintzaren aldetik berriztatu ahal izan dira. Horrela, 38.000 metro karratu irabazi ziren herritarren erabilerarako eta gozamenerako.

Testuinguru horretan, Zazpikaleak-Casco Viejo geltokiko atarian dagoen eta ‘Bidaia bat jatorrira. Proiektutik errealitatera’ izenburua daraman erakusketa, Euskal Trenbide Sareko, euskal trenbide kudeatzaileko, Komunikazio Sailak, 3. linea eraikitzeko lanen hainbat fasetan ateratako formatu handiko hamabost argazkik osatzen dute. Izan ere, irudi horietan, geltoki intermodalak hartzen duen orubea hondeatzeko lanak, lineako tuneleko eta kanoi bateko hormigoitze-gurdia, trenbideen muntaketa, igarobide errodagarrien instalazioa edo Norman Foster metroaren arkitektoaren bisita ikus daitezke, besteak beste.

Erakusketak, “Bizkaiko hiriburuaren barrualdean azpiegitura konplexu batek eskatzen duen goi mailako ingeniaritza lana laburbiltzea eta balioan jartzea” bilatzen du, azaldu du Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio Sailburuak, Aitor Garitano eta Imanol Leza ETSko eta Euskotreneko zuzendari nagusiekin batera erakusketara egin duen bisitan. “Izenburuak berak adierazten duenez, irudiek, proiektutik, gaur egun herritar guztiok gozatzen dugun errealitatera egin den pixkanakako eraldaketa erakusten dute”, gehitu du. Erabiltzaileek abalatu duten azpiegitura, 3. Lineako makina baliogabetzaileek 3,8 balioztapen izan baitituzte Zazpikaleak-Casco Viejo geltokian pasada den urtean.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak