Eu

Artolazabal: “lankidetza-protokoloak ezarriko ditugu gizarte-zerbitzuetako sailen eta hirugarren sektoreko erakundeen, etxerik ez duten pertsonen biktimizazio-egoerak prebenitzeko neurrietarako”

2018.eko martxoak 23

 

  • Eusko Legebiltzarrean, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak “ahultasun-egoera berezian dauden etxerik gabeko pertsonen kolektiboak jasaten duen edozein eraso fisiko edo ahozko” salatu du
  • Euskal erakundeak etxerik gabeko pertsonei atxikitzeko ituna prestatzen ari dira
  • Artolazabalek, halaber, pentsioen sistema publikoa behar dela defendatu du

 

VG 23 03 18

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean iragarri du “lankidetza-protokoloak ezarriko dituela, gizarte-zerbitzuetako sailen, eta hirugarren sektoreko erakundeen artean, etxerik ez duten pertsonen biktimizazio-egoerak prebenitzeko neurriak abian jartzeko, bai eta gertatzen diren kasuak ikertu eta ebazteko ere”.

 

Sailburuak Euskal Ganberan izan den Legebiltzarraren saioan parte hartu du; bertan, ordezkaritza duten alderdi politikoek eginiko galderei erantzun die eta irmo salatu du “ahultasun-egoera berezian dauden etxerik gabeko pertsonen kolektiboak jasaten duen edozein eraso fisiko edo ahozko”.

 

Egin duen kuantifikazioaren arabera, “2016ko datuek erakusten dute etxerik ez duten hamar pertsonatik ia hiruk irainak edo mehatxuak jaso dituztela beste pertsona batzuen aldetik. Dirua edo norberaren gauzak lapurtzea da etxerik ez duten pertsonen aurkako bigarren delitu ohikoena (ia % 27), gero iruzurrak (% 20) eta eraso fisikoak (% 16)".

 

“Egun batzuk barru, Euskadiko erakunde guztiok Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen duen Etxegabeentzako Euskal Estrategiari Atxikitzeko dokumentua sinatuko dugu. Hura Gobernu Kontseiluak eta Elkarrizketa Zibileko Mahaiak onetsi zuten”, esan du Artolazabalek.

 

Sailburuaren hitzen arabera, “erkidegoa bizitegi-bazterketako egoeretan prebenitzeko sentsibilizazioaren eta inplikazioaren sustapenerako Estrategian 6 ekimen ezarri ditugu, gaitz horri aurre egiteko eta, lehenengo eta behin, lankidetza-protokoloak ezarriko ditugu, gizarte-zerbitzuetako sailen, hirugarren sektoreko erakundeen eta udal- eta autonomia-mailako segurtasun-kidegoen artean, etxerik ez duten pertsonen biktimizazio-egoerak prebenitzeko neurriak abian jartzeko, bai eta gertatzen diren kasuak ikertu eta ebazteko ere”.

 

“Era berean, sentsibilizazio-gidak prestatuko ditugu, etxerik gabeko pertsonen aurkako gorroto-krimenei dagokienez, herritarrei oro har zuzenduta, bai eta gizarte-zerbitzuetako, osasun-, justizia- eta segurtasun-arloko profesionalei ere”, esan du Artolazabalek.

 

Pentsioak

Artolazabalek, saioan, irmotasunez defendatu du “hainbeste urtez eraikitzen jardun dugun gizarte-ongizatearen ereduan funtsezkoa den pentsio-sistema publikoaren beharra; hala ere, oraindik, hemen, Euskadin, eta Europa osoan, alderdi ugari dugu garatzeko”.

 

“Eusko Jaurlaritzak ez du pentsioen arloan eskumenik. Eztabaida hori esparru egokian egin behar da, nahikotasuneko eta jasangarritasuneko printzipioetatik abiatuta eta elkartasuneko eta gardentasuneko esparruan pentsio duinak egotean oinarrituta. Planteamenduek zintzoak izan behar dute, eta ahalik eta adostasun gehien bilatu behar da, neurrien eta akordioen egonkortasuna bermatzeko.  Pentsioak KPIaren arabera eguneratzea defendatzen dugu”, esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak. 

 

Artolazabalek “Euskadiri Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren eskumena transferitzeko” eskatu du. Politikak herritarren arazoetatik hurbilen dauden administrazioetatik  hobeto kudeatzen dira, eta Euskadi horren adibide da”.

 

Artolazabal sailburuak emandako datuen arabera, “DSBEaren onuradun diren 59.206 bizikidetza-unitateetatik, 15.279 pentsiodunak dira. % 25,8. Kolektibo horretara bideratzen dira 46 milioi euro baino gehiago. Hilero, 4 milioi euro bideratzen dira bizikidetza-unitate pentsiodunetara”.

 

“Kontziente eta kontsekuente izan behar dugu aurkeztutako datuek dakartenarekin. Gure diru-sarrerak bermatzeko sistemaren prestazioak arrisku-egoera larrienean dauden biztanleetan zuzenean zentratzen direnak dira: DSBE/EOP/GLL gastuaren % 96,6 kolektibo horretara heltzen da”, esan du sailburuak. 

 

Artolazabalek nabarmendu du “Estatuko babes-sistema orokorraren muga horiek direla, zehazki, zentzua ematen diotenak Euskadiko diru-sarrerak bermatzeko sistemari, benetako pobrezia-egoeretan dauden biztanleen diru-sarreren % 41,7ko ekarpena egiten baitu; ekarpen hori Estatuko babes-sistema orokorretik (pentsioak, langabezia eta beste batzuk) datozen diru-sarrerei dagokien % 23,2ren ia bikoitza da”.

 

Adostasuna

Artolazabalen iritziz beharrezkoak dira “epe luzeko premiazko neurriak, eta Toledoko Itunean bilatzen da adostasuna. Esparru horretan kokatu behar dira analisia, ebaluazioa eta eztabaida. Testuinguru horretan planteatu behar dira egungo pentsiodunentzako irtenbideak, eta horiek ongizaterik eta erosteko ahalmenik ez galtzea eta herrialdearen aurrerapenean eta ekonomian laguntzen jarraitzea. Era berean, biharko pentsioak bermatzeko neurriak planteatu behar dira”.

 

“Sistema eguneratu behar da, finkatzeko eta bideragarri egiteko etorkizuneko belaunaldientzat; izan ere, hala eskatzen dute piramide demografikoaren inbertsioak, krisi ekonomikoaren inpaktuak eta soldaten egoerak. Lan-erreforma gainditu behar da, enplegu hobeei bide emateko, Gizarte Segurantzari ekarpen handiagoak egingo dizkietenei”, esan du.

 

Artolazabal sailburuaren iritziz, “indargabetu egin behar da 23/2013 Legea, Gizarte segurantzaren pentsio-sistemaren jasangarritasun-faktorea eta errebalorizazio-indizea arautzen dituena. Ulertzen den bezala eta beste baldintzatzailerik gabe, Estatuko lege horrek pertzepzioen beherakada gerturatzen digu, eta hura are nabarmenagoa izango litzateke datorren urtetik aurrera, jasangarritasun-faktorea indarrean sartzean”.

 

Autogobernurako gaitasun handiagoa aldarrikatzeak euskal herritarren bizi-kalitatea hobetuko dela bermatzea eskainiko digu. Eskumena dugunean, ziur nago akordioetara iritsiko garela, hura jasangarria izateko, eta, horretarako, Euskadiko adinekoentzako bizitza duina bermatuko dugula. Baina gardentasunik ez dagoen arte, gizarte-kohesioari bide emango dion eta bazterketa-egoerak saihestuko dituen pentsioen sistema publiko egonkorra nola bermatu adosteko eztabaida dagokion lekuan egin behar da”, esan du Artolazabalek.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak