Berriak Lehendakaritza
Eu

Donostia SICTED 2010 saria irabazi du

2011.eko urtarrilak 12

Donostia SICTED sariaren irabazle izan dela iragarri du Lehendakariak. Sariak hiriburuaren turismo sistemak goraipatzen du

600 lagun inguru bertaratu dira Madrilgo Tapizen Errege Fabrikara, eta erakundeen, kulturaren, ekonomiaren, kirolaren eta turismo-sektorearen ordezkariak zeuden horien artean. Lehendakariak azpimarratu du Euskadi "lehen mailako helmuga turistikoa dela dagoeneko". 2010. urteak errekor guztiak hautsi ditu Euskadira etorritako turista kopuruari dagokionez.

Duela urtebete aurkeztu zuen Patxi López lehendakariak ‘Euskadi, goza ezazu' marka berria, Euskal Autonomia Erkidegoko turismoa mundu osoan aurkezteko. Urtebete geroago, eta Madrilen berriz ere, euskal turismoaren historiaren urte onenaren balantzea egin du, hain zuzen ere 2010. urtean errekor guztiak hautsi baitira Euskadira etorritako turisten kopuruari dagokionez.

Lehendakariak omenaldi bat egin nahi izan die autonomia-erkidegoan garapen-bidean dagoen sektorearen hazkundean lagundu duten guztiei, eta, batez ere, Euskadiren ‘enbaxadore' turistiko gisa jarduten dutenei. Milaka lagun anonimo dira (orain arte 2.500 baino gehiago batu dira euskadisaboreala.es gunearen bitartez), baita Euskaditik kanpo bizi diren eta euskal turismoa bultzatzeko aldizka Madrilen elkartzen diren euskaldunen talde zabala ere.

Horien guztien artean, Euskadirekin izan dituzten esperientziak bideo baten bidez kontatu nahi izan dituzten pertsona ospetsu batzuen taldea dago, eta gaurko ekitaldian aurkeztu da lehen aldiz bideo hori. Talde horren barruan bilduta daude kirol-arloko ordezkariak, hala nola Edurne Pasaban, Julio Salinas, Juanma López Iturriaga edo Caja Laboral-Baskonia taldeko Fernando San Emeterio, Brad Oleson eta Marcelinho Huertas jokalariak; kulturaren eta artearen arloko pertsona ospetsuak, hala nola Elías Querejeta, Amaia Montero, La Oreja de Van Gogh, Igor Yebra edo Inma Shara; Martín Berasategui eta Karlos Argiñano sukaldariak, Modesto Lomba diseinatzailea; eta komunikazioaren arlokoak, hala nola Iñaki Gabilondo, Jon Sistiaga, Javier Hoyos edo Miguel de la Quadra-Salcedo.

Horiek guztiek bideo baten grabaketan parte hartu dute, eta bideoa gaur aurkeztu da lehen aldiz, Tapizen Errege Fabrikan egin den ekitaldian, erakundeen, politikaren, enpresaren, turismoaren, komunikazioaren eta kirolaren 600 ordezkariren aurrean.

Ekitaldiaren aurkezleak Iñaki Gabilondo eta Miren Ibarguren aktoresa izan dira, eta La Oreja de Van Gogh musika-taldeak bertan parte hartu du, bere azken abestietako batzuk zuzenean joz.

Euskal sukaldarien belaunaldi berriaren ordezkari batzuek egindako sorkuntza gastronomiko batzuk dastatuta amaitu da ekitaldia: Fernando Canales (Bizkaia), Rubén Trincado (Gipuzkoa) eta Senén González (Araba). Era berean, Modesto Lomba, Mercedes de Miguel, J+G eta Ion Fiz diseinatzaileen opari batzuk eman dira.

Teknologia berrien erabileraren eta gobernu irekiaren alde Eusko Jaurlaritzak egindako apustuaren ondorio gisa, ekitaldia zuzenean eman da Sarean, tveuskadi.net Euskadiko Turismoaren Internet bidezko telebistaren bidez, baita Irekia Eusko Jaurlaritzaren albiste-atariaren bidez ere.


Patxi López: "Euskaldun izateko mila forma daude"

Patxi López lehendakariak azpimarratu egin du euskal turismoak azken urtean izan duen arrakasta: "Urte zaila izan dugu. Baina aurten bereziki indartsu agertu den sektoreren bat izan bada, sektore batek ziurgabetasun-garai honetan itxaropena ekarri badu, eta susperraldirako bidea erakutsi badigu, turismoarena izan da sektore hori".

Lehendakariak gogoratu duenez, abenduko datuak itxi gabe badaude ere, "zantzu guztien arabera, 2010. urtea euskal turismoaren historiaren urte onena izango da. Euskadi lehen mailako helmuga turistikoa da dagoeneko, eta hori hainbat faktoreri eskertu behar diogu. Gure erakargarri ugariei, gure herrialdean arnas daitekeen giro lasaiari. Baita benetako Euskadiren irudia transmititzen jakin izan duen turismo-politika bati ere, tradizioa eta modernitatea uztartuta eta enbaxadoreen laguntza ordainezinarekin. Ekitaldi honen bidez guztiei eskertu nahi dizuet, salbuespenik gabe, zuen laguntza".

Patxi Lópezek euskal turismoaren ‘enbaxadoreei' eskertu egin die "gurea herrialde irekia eta erosoa egiteko lanean" inplikatu izana. Munduari erakutsi diozue euskaldun izateko mila forma daudela, munduan dauden euskaldunak bezain beste". "Euskaldunok asko dugu erakusteko eta asko ikasteko. Turismoa horixe da hain zuzen ere: pertsonen arteko jakintzagune bat, kulturen, jendearen eta emozioen trukerako gune bat. Aurten, zuei esker, truke hori aberasteko aukera izan dugu. Espero dut etorkizunean ere hori egiten jarraitu ahal izango dugula".


Euskadiko turismoaren urterik onena

Izan ere, ‘enbaxadoreen' omenaldia euskal turismoaren urte onenaren amaierarekin batera gertatu da. 2010. urtean errekor guztiak hautsi dira Euskadira etorritako turista kopuruari dagokionez. Abenduko datu ofizialak jakitea oraindik falta den arren, azken urteak dagoeneko gainditu egin ditu 2009. urte osoko zifrak, eta hazkundeko 17 hilabete lotu ditu jarraian.

Urtarriletik azarora bitarte metatutako turisten hazkundeak % 12 gainditu zuen, sarreren nahiz ostatu-gauen kasuan, 2009. urteari dagokionez. Denboraldi horretan 2.087.669 bidaiari jaso ziren, Eustat Estatistikako Euskal Institutuaren datuen arabera. Azpimarratzekoak dira Gasteizen zenbakiak, urte osoan % 24ko hazkundeari eutsi baitio, eta Arabakoak, % 23rekin. Eta garrantzi berezia izan du atzerritarren sarrerak, hain zuzen ere 2010eko batez besteko hazkundea +% 18,8 izan baita, 2009ari dagokionez.

Datu bikain horiek Eusko Jaurlaritzak egindako estrategia berriekin uztartzen dira. Azken urtean, marka turistiko berriaren diseinuarekin eta ‘Euskadi, goza ezazu' ‘claim' deitutakoarekin (lema), Euskadi bere indarguneetako baten gainean posizionatu ahal izan da, emaitza arrakastatsuekin.

Era berean, Jaurlaritzak Marketin Plan berri bat onartu du, sustapen-politika berriekin eta Euskadiko turismo-produktuen definizio berri batekin, gure potentziala sendotzeko aukera emanez. Bertan Euskadi lur irekia dela azpimarratzen da, jendea maitasunez hartzen duela, atsegina dela, oso erakargarria dela eta oraindik ezagutzen ez dutenentzat benetako ustekabea dela.

Era berean, Euskadi atzerrian sustatzeko Turespañarekin egindako lankidetzaren emaitza positiboak nabarmentzen dira.

Stand bat Fitur azokan

Urtero bezala, Euskadi ere Espainiako turismo-azoka garrantzitsuenean (Fitur) egongo da hurrengo astean, urtarrilaren 19tik 23ra bitarte egingo baita azoka. Iaz, Euskadiren standak autonomia-erkidegoen kategoriako onenaren saria jaso zuen.

 

4 iruzkin
  • @cronicaviajera
    2011.eko urtarrilak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @aibarrondo: Donostia-San Sebastian, mejor destino turistico SICTED 2010 http://bit.ly/i5z8c6

  • @CityMk_Elche
    2011.eko urtarrilak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @onlinetotal Adoro Donosti! RT @aibarrondo: Donostia-San Sebastian, mejor destino turistico SICTED 2010 http://bit.ly/i5z8c6

  • @pabloolmeda
    2011.eko urtarrilak 13

    Comentario de Twitter:
    Aún no lo conozco :-( RT @onlinetotal: Adoro Donosti! RT @aibarrondo: San Sebastian, mejor destino turistico SICTED2010 http://bit.ly/i5z8c6

  • @aibarrondo
    2011.eko urtarrilak 13

    Comentario de Twitter:
    Donostia-San Sebastian, mejor destino turistico SICTED 2010 http://bit.ly/i5z8c6

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)