Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriola sailburuak eta Ermuko alkateak hitzarmena sinatu dute,

2011.eko urtarrilak 12

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak, Iñaki Arriolak, eta Ermuko alkateak, Carlos Totorikak, lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Abeletxeko sektore batean bizitokiak eraikitzeko.

Sustapenean, 57 zuzkidura-bizitoki eraikiko dira (apartamentuak), aldi baterako errentako erregimenean. Lehentasunez, gazteei zuzenduta egongo dira, baina ez dira baztertuko beste behar batzuk.

Hitzarmenean, besteak beste, konpromiso hauek jasotzen dira: Ermuko udalak doan eman eta lagako du Abeletxe sektoreko 6. zenbakiko partzela, 1.000 metro karratukoa. Hori horrela da, udalbatzako talde guztiek aho batez hartutako erabakiaren arabera. Erabaki hori abenduaren 22an egin zen osoko bilkuran hartu zen. Horrez gain, udalak % 95erainoko hobaria aplikatuko du sustapen honen alde eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko udal-zergaren kuotan, obra hori interes berezikotzat edo udal-onurakotzat hartu delako. Gainera, hori justifikatzen duten gizarte-arrazoiak ere badaude.

Ermuko Udalak eraikuntza-proiektuak idazteko lizitazioa egin zuen, eta proiektu horiek idatzita eta prest zeuden. Eusko Jaurlaritzak sustapen honetan parte hartzeko izandako elkarrizketen ondorioz, erabaki da udalak, lursailekin batera, idatzitako proiektua ere ematea Eusko Jaurlaritzari, izapideak arintzeko eta baliabideak optimizatzeko. Eusko Jaurlaritzak proiektu horien kostua ordainduko dio udalari.

Etxebizitza Sailak ahalik eta arinen kontratatu eta egikarituko ditu 57 apartamentu horiek eraikitzeko lanak, idatzitako eta bere garaian 'Proimersa' udal-sozietate publikoak kontratatutako proiektuen arabera. Halaber, urbanizazio-obra osagarriak egingo ditu.

Obrarako kalkulatutako aurrekontua, guztira, 6,2 milioi eurokoa da, eta proiektuaren kostua 369.000 € ingurukoa da.

Dagozkion lizitazio-izapideen ostean, obrak aurten hastea aurrez ikusi da, eta obrak amaitzeko 30 hilabeteko epea kalkulatu da. Hala ere, hori guztia obrak egiteko deituko den lehiaketa publikoan zehaztuko da.

Proiektatutako eraikinak sestra gaineko 3.971 m2-ko azalera eraikia dauka, 1.000 m2 inguruko partzela baten gainean.

57 apartamentu eraikiko dira, eta apartamentu bakoitzak gela 1, egongela, sukaldea eta bainugela izango ditu. Batez besteko azalera 42 m2 erabilgarrikoa izango da apartamentu bakoitzeko. Apartamentu bakoitzarentzat aparkaleku-plaza bat aurrez ikusi da.

57 apartamentuetatik, 2 egokituta egongo dira elbarritasuna duten pertsonentzat.

Eraikuntza-multzoak, apartamentuez gain, honako hauek izango ditu: erabilera anitzeko gela, garbitegia, bizikletak uzteko lokala eta banatutako hondakinak kudeatzeko gela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • el alcalde de Ermua, Carlos Totorika