Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak indartu egingo du gidatzean arreta-galtzeak saihesteko mezua Aste Santuko operazio berezian

2018.eko martxoak 22

Bihar hasiko dira hedatzen “Elige conducir / Gidatu, besterik ez” leloarekin diseinatutako kanpaina

“Euskadin hildakoak eragiten dituzten istripuen % 30en eta zauritu larriak eragiten dituztenen % 40en atzean arreta-galtzeak daude”. Horixe adierazi du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak Aste Santuko operazio bereziaren aurkezpenean. Operazioa martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean egongo da indarrean eta Euskadiko errepideetan 488.000 joan-etorri espero dira, iaz baino % 4 gehiago, baldin eta baldintza meteorologikoak onak badira.

Arreta-galtzea Ertzaintzak 2017an erregistratutako istripu guztien % 32tan errepikatu zen faktorea dela kontuan hartuta, Trafiko Zuzendaritzak gidariei azpimarratu nahi die arretaz gida dezatela arreta-galtzeak eta trafiko-istripuak saihesteko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak bihartik, ostiraletik, aurrera Segurtasun Sailak hedatuko duen kontzientziazio-kanpaina berria aurkeztu du. Kanpainaren leloa “Elige conducir / Gidatu, besterik ez” da, eta horren bidez gidariak kontzientziatu nahi dira arretaz gida dezaten eta gidatzean arretarik gal ez dezaten, batez ere telefono mugikorrekin eta gps dispositiboekin.  

Kanpaina gidariei zuzenduta dago, eta 2018an zehar nekatuta edo logurez egonez gero autoa ez hartzeko edo abiadura desegokian ez gidatzeko beste mezu batzuekin emango zaio jarraipena. Telebista, irrati, prentsa eta gizarte-sareen bidez zabalduko da.  

“’Gidatu besterik ez’ esloganarekin dramatismorik gabe ikusarazi nahi dugu zer-nolako arriskuak dituen gidatzean behar bezalako arreta ez jartzeak –azaldu du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak–. Kanpainaren bidez gidatzean arreta galtzeak izan ditzakeen ondorioak azpimarratu nahi dira.Prebentzioan jarri nahi da arreta, eta gidariari ikusarazi nahi zaio aukeratu dezakeela, eta gidatu besterik ez egitea aukeratu dezakeela. Arreta-galtzeak azpimarratu nahi izan dira, trafiko-istripuen % 32tan errepikatzen den faktorea delako”.

2016an jarritako salaketa guztien % 0,70 (2.096) arreta-galtzeengatik jarri ziren (Zirkulazio Erregelamendu Orokorreko 3.1 eta 18.1 artikuluak), eta 2017an % 0,71 (2.323).

Arreta-galtzeek kezkatu egiten dute Trafiko Zuzendaritza, eta Ertzaintzako Trafikoko Lurralde Unitateekin eta Udaltzaingoekin batera, aurten zaintza eta kontroleko lau kanpaina planifikatu ditu gai honen inguruan, iaz baino bat gehiago.

2017an hiru kanpaina egin ziren, kanpaina horietan 2.041 kontrol egin ziren eta kontroletan 4.917 ibilgailu gelditu ziren. Guztira 759 salaketa/arau-hauste egin ziren.

Aste Santuko operazio berezia

Trafikoko zuzendariak martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean ibilgailu-dentsitaterik handiena izaten den puntuetan auto-ilarak minimizatzeko abian jarriko diren neurriak ere azaldu ditu.

“Aste Santuko jaiegunak direla eta –esan du Sonia Díaz de Corcuerak–, aurreikusten da % 4 egingo dutela gora Euskadiko errepideetan joan-etorri luzeek.Era berean, zirkulazio-intentsitaterik handieneko puntuak honakoak izango direla aurreikusten da: A-8, Kantabriako mugan; AP-8, Biriatuko ordainlekuan; eta AP-1ek A-1ekin bat egiten duen puntua, Armiñongo lotunean.Ertzaintzako trafikoko berrehun agentetik gora arituko dira errepide nagusietako trafikoa zaintzen”.

Kantabriako mugan zirkulazio-intentsitate handia izaten da asteazkenean, Ostegun Santu bezperako arratsaldean –15:00etatik 21:00etara bitartean–, eta Ostegun Santu goizean –9:00etatik 15:00etara bitartean–. Bilborako noranzkoan itzulera Pazkoa Astelehenean izaten da, 13:00ak eta 21:00ak bitartean, baina azken urteotan ez da auto-ilara handirik sortu Bizkaiko lurraldean; Kantabriako lurraldean, aldiz, sortu izan dira auto-ilarak.

AP-8an, Biriatuko ordainlekuan (Frantziako noranzkoan) egunik zailena Ostegun Santu goiza izaten da, baina iaz, mugan jarritako kontrolen ondorioz, asteazken arratsaldean sortu ziren lehenengo auto-ilarak –asteazken arratsaldean, 17:00etan, 7 kilometrotara iritsi ziren–, eta ostegun goizean berriz sortu ziren eta Irungo ordainlekua gainditu zuten, eta Ostiral Santu goizean ere 2 kilometroko auto-ilarak sortu ziren. Bestalde, Pazkoa Astelehena jaieguna da Frantzian, eta Donostiako noranzkoan ibilgailuen zirkulazioa geldoa izan ohi da ostiralean eta larunbatean.

Arreta berezia eskatzen duen hirugarren gunea Armiñongo lotunea da, eta bertan auto-ilarak sor daitezke A-1etik AP-1era sartzeko puntuan, hiru erreietatik errei bakarrera pasatzean. Zirkulazio-dentsitaterik handiena izaten da asteazkenean, 15:00etatik 20:00etara, eta Ostegun Santuan, 8:00etatik 14:30era. Puntu horretan eta Europistas AP-1ekin koordinatuta, behin-behineko seinaleztapena erabiliko da Argantzunen eta Armiñonen N-1 errepidearen bidez, AP-1era sartzea ahalbidetzeko eta A-1ean auto-ilarak sortzea saihesteko.

Itzulera fasea Pazkoa Astelehenean izaten da, baina ez da auto-ilara esanguratsurik sortzen Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin, Miñoiekin eta Europistas (AP-1) enpresarekin koordinatuta, antolatutako seinalizazio-dispositibo bereziari esker.

Ezbehar-tasaren bilakaera

Heriotza-tasari dagokionez, azken bost urteotako Aste Santuan ez da hildakorik izan Euskadin gertatutako zirkulazio-istripuetan. 2012an, esate baterako, bi pertsona hil ziren istripuz (Araban) eta 123 istripu izan ziren guztira; azken bost urteotan (2013, 2014, 2015, 2016 eta 2017) ez da hildakorik izan. Istripuen kopuruari dagokionez, Aste Santuko bilakaera beheranzkoa izan da iaz arte (2013an 107 istripu, 2014an 100, 2015ean 99, 2016an 73 eta 2017an 88).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak