Berriak Eusko Jaurlaritza XI. leg
qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2018/03/23)

2018-03-23

El Lehendakari, Iñigo Urkullu, y los consejeros y consejeras del Gobierno Vasco, han respondido a las preguntas e interpelaciones de los grupos parlamentarios en el Pleno de Control:

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, pentsio-sistema publikoari buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak pentsioak KPIa oinarri hartuta eguneratzea defendatu du eta, oraingoan ere, Estatutuan aurreikusten den gizarte-segurantzaren erregimen ekonomikoa kudeatzeko eskumena eskatu du, hura hurbiletik kudeatzeak “oraineko eta etorkizuneko pentsio duinak” ekarriko baititu. Bien bitartean, Eusko Legebiltzarrak hartutako erabakia berretsi du; horren bidez, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio pentsio-sistema publiko “nahikoa eta jasangarria bermatzeko, pentsio duinak jasotzeko eskubidean oinarrituta, elkartasuneko eta gardentasuneko esparruan, benetako finantza-iturriak euskarri dituena”.

Baieztatu duen bezala, Euskadin DSBEa jasotzen duten lau pertsonatik bat pentsioduna da eta diru-sarreren osagarria jasotzen du. Horretarako, 46 milioi euro bideratzen dira. “Neurri horiek Euskadin baino ez dira hartzen”, esan du. Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa gizarte-lehentasunari eustea da eta, DSBEaren bidez (baita egungo araudian ezarritako gutxiengora iristen ez diren diru-sarrerak dituzten erretiratuentzat ere), etxebizitzaren prestazio osagarriaren, koordainketa farmazeutikoaren konpentsazioaren eta gizarte-larrialdietarako laguntzen  bidez, prestazioak bermatzea.  “Eusko Jaurlaritzak zorroztasunez dihardu, eta bermatu egiten du pentsio baxuenak osatzen jarraitzea, 18/2008 Legean araututakoari jarraikiz”, esan du.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadiko mobilizazio-zikloari buruz.  

Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritza “emandako hitza” betetzen ari dela, eta etengabe ari dela ekimenak hartzen, herritarren eskari eta beharrizanei “hurbiletik, errealismotik eta gardentasunez” erantzuteko. Gogorarazi duenez, asteon zenbait ekimen adostu dira, besteak beste: familia eta haurrentzako laguntzak, BAI Sarea enpresaren berdintasuna sustatzeko, soldata-arrailaren mahaia, DSBEaren erreforma, langile publikoen baldintzen hobekuntza, elkarrizketa zibileko mahaia edo gurasotasun-baimenak zabaltzea. “Euskadin jarraituko dugu ekimenak batzen jarraituko dugu, gehien behar dutenen arreta, berdintasuna eta gizarte-babesa sendotzeko”, esan du.

Lehendakariak nabarmendu du Euskadik lau eurotik hiru gastu sozialera bideratzen duela eta, azken bost urtean, aurrekontuan osasunera, hezkuntzara eta gizarte-babesera bideratutako baliabideak areagotu egin direla. Estatuaren % 5 gara, eta gastu sozialeko guztizkoaren % 40”, esan du Urkulluk. Lehendakariak gainera nabarmendu du pertsonako babes-gastuak gainditu egiten duela 8.000 euroko kopurua, Europako batez bestekotik gora.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, "Europaren etorkizunaren inguruko ikuspegia" dokumentuaren egokitasunari buruz.  

Iñigo Urkullu Lehendakariak azaldu du hurrengo urratsa Europaren etorkizunari buruzko ikuspegia jasotzen duen dokumentua Europako erakundeei eta erkidegoaren ekimenetako bazkideei ematea izango dela, bereziki legegintza-eskumenak dituzten eskualdeei, bai eta Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordea buru duen subsidiariotasunari eta proportzionaltasunari buruzko task forceari ere.

Dokumentu hori Jean Claude Juncker-ek Europako etorkizunari buruzko Liburu Zuriarekin 2017ko martxoan irekitako hausnarketarako lagungarri da; bertan, Europa soziala defendatzen da, pertsonak ekintzaren ardatz nagusitzat dituena, federala eta maila anitzeko gobernamenduaren printzipioetan eta subsidiariotasunean oinarritua.

Galdera, Eukene Arana Varas Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadiko emakumeen eskaera eta proposamenei Eusko Jaurlaritzak ez erantzuteari buruz.  

Iñigo Urkullu Lehendakariak aitortu du martxoaren 8ko mobilizazioa “egun historikoa" izan zela eta euskal gizarteak berdintasunaren alde duen “konpromisoaren ispiluaren aurrean” jarri gintuela, kontuan hartuta hura Euskadin “erreala eta gero eta handiagoa” dela. Lehendakariak nabarmendu du berdintasuna ere herrialdearen helburua dela, eta Eusko Jaurlaritzak horretan aurrera egiteko konpromisoa hartu duela eta horretarako “urrats irmoak” ematen ari direla.

Lehendakariak onartu du “egiturazko” desberdintasuneko egoera batean gaudela eta zuzendu egin behar dela, baina gogorarazi du Euskadi “aitzindaria eta erreferentziazkoa” dela berdintasunean, eta hala dagoela ere nazioarteko eremuan aitortua. Gainera, Europako lehen herrialdeen artean dago berdintasunaren indizean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)