
EAEko egoeraren diagnostikoa aurkeztu du Emakundek soldata arrailaren mahaian eta erantzun integral baten beharra azpimarratu du
Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, EAEko egoeraren diagnostiko bat aurkeztu du Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan bildu den emakume eta gizonen arteko soldata arrailari buruzko mahaian. Emakundek egoeraren argazki bat aurkeztu du sektoreka, lan mota ezberdinak kontuan hartuta, adinaren arabera eta abar… eta zehaztu du bi modu ezberdin daudela soldata arraila neurtzeko. Bat, urteko irabaziak kontuan hartuta, eta bestea lan egindako ordu bakoitza kontuan hartuta, Europar Batasunak egiten duen modura, eta emaitzak ezberdinak direla era batera edo bestera neurtu.
Urteko irabaziak kontuan izanda, 2015.ean EAEko langileen urteko irabazien batezbestekoa 27.571,31eurotakoa izan da: 31.089 euro gizonen kasuan, 23.537 euro emakumeen kasuan. Beraz, neurketa urteko irabaziak kontuan hartuz egiten bada, EAEn %24,3ko (7.552€) arraila dago, 2009an baino 2,2 puntu gehiago. Bestalde, orduko irabazia neurtzen bada, arraila %12,8koa da 2015ean, 2009an %17,6koa zen bitartean.
Emakunderen iritziz modu sakonean aztertu behar da zergatik ematen diren ezberdintasun hauek. Honekin batera, gogoratu du soldata diskriminazioa dela gaur egun emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna eragin eta betikotzen duen faktoreetako bat, eta zentzu horretan, positiboa eta guztiz beharrezkoa ikusi du mahaiaren bilera arazoari irtenbidea emateko. Emakunderen ustez, soldata arraila arazo konplexu eta multidimentsionala da, eta ondorioz, arazoari aurre egiteko dimentsio askotariko neurriak hartu behar dira eta inplikatutako agente guztien ekarpena behar da.
Diskriminazio zuzena ematen den kasuez gain (hau da, lan berdinagatik, soldata ezberdina jasotzea), zeharkako soldata arraila ematen da eta honetan eragin zuzena dute faktore kulturalek, lan merkatu eta enpresa ereduek, eta beraz, erantzun integral bat eman behar zaio arazoari. Antolakuntza sozial berria eta ekonomien eraldaketa bat behar dela uste du Emakundek emakumeen lanpostuen ezegonkortasunari eta pobreziaren feminizazioari aurre egiteko. Eta honetan eragin zuzena du gizarte honek zaintza lanak emakumeen esku uzteak hein handi batean.
Zaintza lan hauen banatzeko zailtasunak berarekin dakar emakumeek malgutasun handiagoko lanpostuak aukeratzea lanean eta familian dituen eginbeharrak orekatu ahal izateko. Ondorioz, zatikako ordutegia duten lanpostuetan emakumeak nagusi dira mundu osoan. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) zatikako kontratua duten lanpostuen %80 baino gehiago emakumeek betetzen dituzte. Beraz, oraindik portzentaje handi batean emakumeei egokitzen zaien familia eta etxeko lanaren ardurak galarazi egiten dio sarritan emakumeari lan munduan gizonarekin berdintasunez lehiatzeko aukera.
Nazio Batuen arabera, ekonomiak eraldatzeko eta eskubide sozial eta ekonomikoak sustatzeko hiru arlo nagusitan egin behar da lana: emakumeentzako lan duinak, genero ikuspegia duten politika sozialak eta eskubideetan oinarritutako politika makroekonomikoak. EAEko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VII Planak irizpide horiek jarraitzen ditu.
Emakunderen iritziz, indarra egin behar da antolaketa sozialaren eraldaketan, zaintza lanek aitorpen handiagoa eta banaketa sustatuz, lan merkatuarekin zerikusia duten politiketan eta enpresen jardunbidean. Eragile guztien ekarpena beharrezkoa dela uste du Emakundek.
Aurten aurkeztuko den Berdintasunerako VII planak bere helburu konkretuen artean soldata arrailaren murrizketarena jasotzen du. Horrekin batera, bere konpetentzien eremuan, Emakundek enpresak laguntzen ditu emakume eta gizonen berdintasunerako diagnostikoak eta planak landu ditzaten, soldata arrailari buruzko ikerketak egiten ditu, sentsibilizazio kanpainak eta Lan Ikuskaritzarekin harremanetan lan egiten du, baita Euskalitekin, gestio aurreratuan genero ikuspegia txertatzeko eta gizartearen antolaketan aldaketak egiteko.