Berriak Hezkuntza
Eu

2018ko EPE Hezkuntzan: Izena emateko epea 5.447 eskaerarekin itxi da

2018.eko martxoak 20
  • Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketa eta Bigarren Hezkuntzako irakasleentzako 1.511 plaza eskaintzen ditu
  • Lehen probak: ekainaren 21ean Lanbide Heziketarako, eta  ekainaren 23an Bigarren Hezkuntzarako

Hezkuntza Sailaren 2018ko Enplegu Publikorako Eskaintzan izena emateko epea 5.447 eskaerarekin itxi zen atzo, martxoak 19. Eskaera horiek aurten deitu diren bi kidegoetarako egin dira:

  • Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan: 4.888 eskaera
  • Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoan: 559 eskaera

Hezkuntza Sailak datorren martxoaren 27an argitaratuko du Lan Eskaintza Publikoan onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda, eta izena eman duten irakasleek egun horretatik aurrera kontsultatu ahal izango dute euren egoera Hezkuntza Sailaren webgunean, erabiltzaile izena eta pasahitza erabiliz sartuta.

Hezkuntza Sailak 1.511 plaza deitu ditu 2018ko Enplegu Publikorako Eskaintzan, aipaturiko bi kidego horietarako: 1.337 plaza Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegorako (horietatik 300 inguruk Lanbide Heziketan jardungo dute), eta 174 plaza Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegorako.

Onarturiko izangaiek maiatzean aurkeztu beharko dituzte (maiatzaren 2tik 12ra) bai programazio didaktikoa, bai merezimenduen egiaztagiriak ere.  Bestetik, eskatzen den hizkuntza eskakizuna oraindik ez duten izangaiak, perfil hori egiaztatzeko probatara aurkeztu ahal izango dira, deialdi irekian, baldin eta EPEan izena ematerakoan hala eskatu badute. Hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko atariko proba apirilaren 14an izango da; handik astebetera idatzizkoa (apirilaren 21ean),eta ondoren ahozko proba, maiatzaren 10 eta 11n.

Lehen probak, ekainaren 21ean eta 23an

Oposizio-aldiak bi proba izango ditu, eta horietako bakoitza bi zatitan egituratuko da. Proba bakoitza kanporatzailea izango da. Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegorako lehen proba ekainaren 21ean burutuko da, eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegorakoa berriz, ekainaren 23an. Era honetan pertsona bat, hala izena eman badu, bi kidegoetan aurkez daiteke.

-Bi probetan lehenak, aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak frogatzea izango du helburu. Honako bi zati hauetan banatuko da:

a) Izangaiek gai bat idatziz garatu beharko dute, espezialitate bakoitzeko gai-zerrendatik epaimahaiak ausaz hautatutako gaien artetik aukeran.

b) Ondoren, bigarren zatian, proba praktikoa izango dute –hau ere idatziz egin beharrekoa-, hautagaiek aukeratutako espezialitateari dagokion prestakuntza zientifikoa eta trebetasun teknikoak menderatzen dituztela frogatzeko. Lanbide Heziketako espezialitateetan eta atal honen baitan, honakoak burutu ahal izango dira: proba praktikoak, simulazioak, ariketak ebaztea, planteamendu didaktikoak (erronkak, proiektuak), edo balizko kasuak, betiere espezialitateari dagokion curriculumean jasoriko eremuei loturik.

-Bigarren proba. Lehen proba gainditzen duten izangaiak bigarrenera pasatuko dira. Bi atal hauek izango ditu bigarren probak:

a) Programazio didaktiko bat aurkeztu eta defendatu: programazio didaktiko hau, parte hartzen den espezialitateari lotutako gai edo eremu bati buruzkoa izango da edo, horrela eskatzen duten planteamendu metodologikoak erabiliz gero, zenbait gai edo eremuri buruzkoa, parte hartzen den espezialitateari loturik. Izangaiek programazio didaktiko hau aurkez dezaten epea maiatzean irekiko da.

b) Unitate didaktiko bat prestatu eta aurkeztea. Izan daiteke izangai bakoitzak aurkeztutako programazioarekin lotua.

Hautagaiek kontuan izan beharreko egutegia:

-       Programazio didaktikoa aurkezteko epea: maiatzaren 2tik 14ra

-       Merezimenduak aurkezteko: maiatzaren 2tik 14ra

-       Lehen probak: ekainaren 21ean eta 23an

 

Deialdi honekin, eta 2015, 2016 zein 2017an burututako enplegu eskaintzen ondotik, Hezkuntza Sailak segida ematen dio Enplegu Publikorako Eskaintzekiko izan duen politikari, eta legealdi honetan urtero eskaintza bat deitzeko konpromisoa ere berresten du, orotara 5.000 plaza eskainiz legealdian. Era honetan Hezkuntza Sailak kalitatezko enplegu publikoaren alde egiten du, eta egonkortasun handiagoa ematen Euskal Hezkuntza Sistemako irakasleei. Egonkortasuna handitzeak formazioa hobetzen laguntzen baitu, eta baita irakaskuntzaren kalitatea hobetzen ere.

Hautaketa-prozeduraren inguruko informazio zehatzagoa Hezkuntza Sailaren webgunean dago eskura, esteka honetan:    https://goo.gl/Z86e3B

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak