Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak eta Ertzaintzako polizia-sindikatuek aurrera egin dute Brigada Mugikorra modernizatzeko negoziazioan

2018.eko martxoak 19

Alde biko bilerek negoziazio kolektiborako atea zabaldu dute, negoziazio kolektibo horrek aukera emango luke Ertzaintzaren lan baldintzak arautzen dituen akordioa aldatzeko eta, epe ertainera, Brigada Mugikorreko eredu aurreratua konfiguratzeko

Joan den astean bezalaxe, goizean bi sindikatu nagusiekin, ERNE eta ESAN sindikatuekin, egin dira bilerak, eta arratsaldean ELA-ERTZAINTZA eta EUSPEL sindikatuekin. Bilera guztiak Erandioko egoitza nagusian egin dira. Oraingoan ere Segurtasun Sailaren izenean parte hartu dute Ana Agirre Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak, Miren Karmele Arias Giza Baliabideetako zuzendariak, Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak eta Javier Barco Sindikatu Harremanetako buruak.

Sailak Brigada Mugikorra modernizatzeko formuletan aurrera egiteko proposamenak aurkeztu ditu, ordutegia eta entrenamenduak bateratzeari eta ikastaro berriak egiteari dagokionean, eta proposamen horien aurrean, Ertzaintzako sindikatuetako ordezkariek konpentsazio ekonomikoak eskatu dituzte; gainera, Jarduneko Zerbitzu Modulatuaren zenbait alderdi berrikustea eskatu dute, baita mugikortasun-kontzeptuarentzako alternatibak aintzat hartzea ere.

Sailak konpromisoa hartu du aztertutako gaiei buruzko proposamena datozen egunetan aztertzen joatekoa, eta zabalik utzi du negoziazio kolektiborako 103 Mahaia deitzeko aukera, baldin eta sindikatuen planteamenduak atxikitzen bazaizkio Brigada Mugikorra modernizatzeko konpromisoari, betiere bateratze funtzionalean eta ordutegien bateratzean oinarrituta.

Sailaren proposamena gaur egun Brigada Mugikorrak dituen bi atalak (talde orokorrena eta laguntzarena) bateratzean oinarritzen da. Hartara, zerbitzuak antolatu ahal izango dira Laguntza Atalak eta Zaintza eta Erreskate Unitateak gaur egun duten ordutegi modalitatean, hau da, aste osoko lana egunean bederatzi ordu eta erdikoak, eta segidan astebeteko atsedena. Horrela eginez gero, betirako alboratuko litzateke 16 ordutako lan ordutegiak eragiten dituen erreten sistema eta gai taktikoetan eta operatiboetan prestakuntza bateratuko programak erraztuko dira.

Departamentuak eta sindikatuek datorren ostegun honetan berriro elkartzeko konpromisoa hartu dute, alde bitariko bilera berritan Brigada Mugikorraren modernizazioan eta gai hauen azterketan eta konponbidean aurrera egiten jarraitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak