Berriak Segurtasuna
Eu

Vitoria-Gasteizek du Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako delitu-tasarik txikiena

2018.eko martxoak 20

2017an Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 14.979 arau-hauste penal ikertu zituzten eta 5.151 pertsona eraman zituzten epailearen aurrera

Vitoria-Gasteizek du delinkuentzia-tasarik txikiena Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuen artean (60,65), nahiz eta 2017an arau-hauste penalen kopuruak % 3,81 gora egin zuen —aurreko urtean 14.429 izan ziren eta 2017an 14.979 (550 arau-hauste gehiago)—. Kopuru horiek eten egin dute azken bost urteetan erregistratutako beheranzko joera, baina oraindik kopuru horiek oso urrun daude 2013an, adibidez, erregistratutako 16.429 arau-hausteetatik. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak delitu-gehikuntza horren aurka egindako jardun koordinatuaren ondorioz, 5.151 pertsona eraman zituzten epailearen aurrera, hau da, aurreko urtean baino % 8,65 gehiago.

2017ko estatistikak itxi ostean, ikus daiteke Vitoria-Gasteizko delitu-tasak jarraitzen duela Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetako txikiena izaten. Bilboko 1.000 biztanleko 72,54 arau-hauste penalen eta Donostiako 1.000 biztanleko 63,65 arau-hauste penalen aurrean, Arabako hiriburuak joan den urtean 60,65 arau-hauste penal izan zuen 1.000 biztanleko —aurrekoen aldean, hiriko segurtasun-maila onaren adierazlea—.

Edonola ere, 2017an Vitoria-Gasteizen delinkuentziak gora egin zuen aurreko urteko datuekin alderatuta; izatez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ikertutako arau-hauste penalen kopuruak % 3,81 egin zuen gora.

Deliturik larrienak

Homizidioekin hasita, hau da, krimenik larrienekin eta Europar Batasunak “estrategikotzat” jotzen duen delituetako batekin hasita (gizartean pizten duen alarmaren ondorioz), 2017an ez zen homizidiorik izan eta aurreko urtean 2 izan ziren. Homizidio-tentatibak, berriz, 4 izatetik 5 izatera pasa ziren.

2017an, sexu-askatasunaren kontrako delituak gehitu ziren proportzionalki gehien (% 68,25 gehiago). Horien barruan, sexu-erasoek gora egin zuten (% 100 gehiago) eta, hein txikiagoan, beste arau-hauste batzuek, hala nola exhibizionismoak, zirriek eta abar (% 60 gehiago). Gogorarazi behar da delituen atal horrek oso proportzio txikia duela Vitoria-Gasteizko delinkuentziaren barruan (% 0,70) eta kopuru absolutuetan 63 kasutatik 106 kasutara pasa dela. Gehien bat esparru pribatuan egindako egintza horien ebazpen-ehunekoa gero eta handiagoa da, baita egileen atxiloketa-maila ere.

Ondarearen aurkako arau-hausteak

Ondarearen aurkako arau-hausteek hartzen dute delitu-jardueraren proportziorik handiena (% 80 baino gehiago), eta 2017an nabarmen gehitu ziren Vitoria-Gasteizen (% 3,23 gehiago). Kapitulu horretako arau-hausteen erdia baino gehiago ebasketak izan ziren, eta delitu horiek zertxobait hasi ziren (% 2,53 gehiago). Alabaina, iruzurrak hein handiagoan hazi ziren (% 35,71 gehiago) —nazioartean delitu mota horrek, transakzio informatikoen gorakadaren ondorioz, modu globalean gora egiteko joeraren bide beretik igo da hemen ere—.Ondarearen aurkako deliturik garrantzizkoenen artean, hazi egin ziren etxebizitzetan gertatutako lapurretak (% 25,10 gehiago), nahiz eta jaitsi egin garajeetan eta trastelekuetan (% 8,49 gutxiago). Jaitsi egin ziren ere indarra edo larderia erabiliz egindako lapurretak (% 22,45 gutxiago) eta motor-ibilgailuen lapurretak (% 22,32 gutxiago), eta azken bi hauek ere “estrategikotzat” jotzen ditu Europar Batasunak.

Beste arau-hauste penal batzuk

Beste modalitate kriminal “estrategiko” bat droga-trafikoa da, eta 2017an hirian behera egin zuen delitu horrek (% 10,91 gutxiago).

Gainerako delitu tipologiei dagokienez, lesioek pixka bat egin zuten gora (% 1,26 gehiago), eta gehiago hazi ziren familiaren esparruan gertatutakoak (% 44,10 gehiago) eta, esparru berean, lesiorik gabeko tratu txarrak (% 6,67 gehiago).

2017ko gainerako delituen panorama osatzen dute alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeagatik bide-segurtasunaren kontrako arau-hausteek (% 7,37 gutxiago) eta ordena publikoaren kontrako delituek (% 25,35 gehiago); edonola ere, bi kasuak osotasunaren kopuru global murriztuen barruan daude.

5.151 pertsona eraman zituzten epailearen aurrera

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 2017an erregistratutako arau-hauste penalak, aurreko urtekoarekin alderatuta, % 3,81 hazi baziren ere, bi erakundeek delinkuentziari emandako erantzun koordinatuaren ondorioz, guztira 5.151 pertsona —atxilotu edo ikertu gisa— eraman zituzten epailearen aurrera, delitu penaletan ustez nahastuta zeudelakoan. Kopuru horrek nabarmen egin du gora aurreko urteko kopuruaren aldean (% 8,65 gehiago), eta, hartara finkatu egiten du azken urteetako goranzko joera. Horrenbestez, joera horrek bi polizia-kidegoek delituaren aurrean duten eraginkortasunaren eta inplikazioaren maila islatzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Carlos Zapatero, Gasteizko Herritarren Segurtasunerako zinegotzia