Euskadi Lagunkoia eta Euskadiko Farmazialarien Kontseiluak farmazien lagunkoitasuna sustatzen dute eta dementzia duten pertsonei tratu ona emateko gida bat zabaldu dute
- Aholkuak eta urratsak eskaintzen dituzte, kostu txikikoak edo doakoak, adin nagusiagokoen irisgarritasuna eta arreta hobetzeko
- Halaber, gidaren 41.650 liburuxka zabaldu dira, hiru lurraldeetan dauden 833 farmazietan
- Gida 2015ean argitaratu zen, Alzheimerraren Euskadiko Federazioko elkarteekin lankidetzan
Donostia-San Sebastian, 2018/03/23
Euskadi Lagunkoia Sarea ekimena Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du; 54 udalerrik eta Euskadiko Farmazialarien Kontseiluak eratzen dute. Horiek euskal farmazietan adinekoekin lagunkoitasuna sustatzeko dihardute lankidetzan. Ekimen honen helburua establezimendu horiek bezero guztientzat lagunkoiagoak izatea da eta, horretarako, adinekoen eta/edo mendekotasuna duten pertsonen beharretara egokitzea, beren bizitza ohiko ingurunean ahalik eta autonomia gehienez egiten jarraitu ahal izateko.
Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea, Ángel Garay Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidentea eta Emilio Sola Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria agertu dira, gaur goizean, prentsaurrekoan. Bertan, sailburuordeak nabarmendu du “adinekoak bezero fidelak izaten direla auzoko saltokietan, farmaziak barne. Oro har, eskuratzen dituzten produktuak ongi ezagutzen dituzte eta ohiko erosle izaten dira. Aholku eta urrats horiei jarraikiz, farmaziak berentzako espazio lagunkoiago bilakatuko dira, eta horrek beren bizitzan izango du eragina, eta horietakoren baten autonomia handitzen lagunduko du”.
Bestalde, Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidenteak nabarmendu du “farmaziek gizartetik hurbilen eta gizartearentzat irisgarriena den osasun-sarea eratzen dutela, eta Euskadiko lagunkoitasun-programa honen bidez are irisgarriagoak direla eta artatzen dituzten paziente adinekoek dituzten behar eta interesekin sentikorragoak eta konprometituagoak direla”. Gainera esan du “horrela osasun-asistentziaren egitura osoa hobeto komunikatuta egongo dela, kontuan hartuta farmaziek zerbitzu soziosanitarioekin duten lankidetza, eta horrek aukera emango duela farmazian pazienteen kezka den medikamentuaren erabilerari lotutako gai guztiei konfidentzialtasunez heltzeko".
Gaur egun, Euskadin, 833 farmazia daude: Araban 112, Gipuzkoan 286 eta Bizkaian 435.
2015ean, Eusko Jaurlaritzak proiektu bat jarri zuen martxan jatetxe eta merkataritzako lokaletan lagunkoitasuna sustatzeko, eta orain farmazia-eremuan sustatu da, Euskadiko Farmazialarien Kontseiluaren eta Euskadi Lagunkoia sarearen lankidetzari esker. Baterako lan horren ondorioz, kostu txikiko edo nuluko ekintzak proposatuko dira, farmazia guztiei irisgarriagoak izaten laguntzeko eta, horrela, adin gehiagoko bezeroak erakartzeko eta/edo horiei eusteko.
Lan honek establezimenduen kudeatzaileei eta gainerako langileei zuzendutako zenbait aholku eta urrats proposatzen ditu, arreta hobetu dezaten. Lehenengo, autoebaluazioa proposatzen du, adinekoek eta/edo desgaitasunen bat dutenek beren lokaletan dituzten oztopo edo zailtasunen kontziente izateko. Sentsibilizazio-prozesu horri esker, bezeroari arreta emateko zerbitzua hobetzen da. Urrats eta gomendio horiek proposatzen dute pertsona guztiei eta, bereziki, adinekoei kalitateko zerbitzua ematea. Horrela, adinekoek hainbat eremutan izan ditzaketen beharrizanak konpentsatzen dira: mugikortasun-galera, ikusmenaren gutxitzea, entzumenaren gutxitzea edo narriadura kognitiboa.
Aholku eta urratsen adibide batzuk: ate eta pasorako lekuetan espazio zabala uztea; argiztapen artifizial ona izatea; musikaren bolumena jaistea; alfonbrak kentzea edo lurzoruan sartuta jartzea; etxeko banaketa-zerbitzua aktibatzea; bezeroek itxaron bitartean eserita egoteko aulkia edo bankua jartzea; sarrera lurraren maila berean ez badago, arrapala jartzeko aukera aztertzea; ikusmen nekaturako betaurrekoak izatea edo ikusmen-zailtasunak dituztenek produktuen zehaztapenak irakurri ahal izateko lupa bat izatea; argi hitz egitea eta behar beste aldiz errepikatzea; eta material inprimatua hobetzeko aholku batzuk, besteak beste.
Adinekoei arreta emateko gida.
Lankidetzaren ondorio gisa, Euskadiko Farmazialarien Kontseiluak eta Euskadi Lagunkoia sareak beste gida bat kaleratu berri dute, liburuxka formatuan, dementzia duten pertsonekin tratu lagunkoia izateko eta, horrela, gizartean parte hartzen jarraitzeko beren autonomia sustatzeko. Gida hori, orain, hiru lurraldeetako 833 farmazietan banatuko da, eta, horretarako, 41.650 kopia argitaratu dira.
Ángel Garayk esan du euskal farmazien parte-hartzeak zabalkunde honetan “aukera ematen duela pertsona-kopuru oso handiak informazioa eskuratzen dutela bermatzeko”; izan ere, farmaziak “lehentasunezko kanal gisa finkatu dira osasun- eta prebentzio-informazioa zabaltzeko”.
Gidan azaltzen da dementzia zer den eta zer sintoma izan dezaketen hura jasaten dutenek. Gainera, pertsona horiek egunerokotasunean nola tratatu jakiteko aholkuak ematen dira (kalean, supermerkatuan, autobusean…). Ekimenaren helburua, herritar oro inplikatuz, erkidego lagunkoia sortzea da, dementzia duten pertsona guztiekin.
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak azaldu du gida hori 2015ean sortu zela, Alzheimerraren Euskadiko Federazioa eratzen duten erakundeen eskutik –AFA Araba, AFA Bizkaia eta AFAGI–, 20.000 liburuxka banatu zirenean.
Dementzia garunean eragina duten gaixotasun neurodegeneratiboekin lotzen den sindromea da, normalean kronikoa edo progresiboa. Honako bereizgarri hauek ditu: umore-aldaketa eta memoria, orientazioa, antolamendua, hizkuntza, ulermena edo arazoak ebazteko gaitasuna edo eguneroko jarduerak egiteko gaitasunak gutxitzea.
Triptikoak azaltzen du dementzia jasaten duten gehienek 65 urte baino gehiago dituztela, baina, batzuetan, gazteagoak ere izan daitezkeela, eta ez dela zahartzearen ohiko ondorio. Kalkulatzen da 65 urtetik gora duten hamar pertsonetatik batengan duela eragina. 85 urtetik gorakoen artean, hirutik batengan. Alegia, Euskadin, 45.000 pertsona inguru egon daiteke horrelako egoera batean. Kaltetuen zifra horri beste 135.000 pertsona gehitu behar zaizkio, horiek baitira, gutxi gorabehera, familian zaintzen dituztenak.
Dementzia mundu osoan adinekoen artean desgaitasun- eta mendekotasun-kausa nagusietakoa da, eta kalte fisikoak, psikologikoak, sozialak eta ekonomikoak ez du bakarrik jasaten dutenengan eragina, baita beraiek zaintzen dituztenengan eta gizartean oro har ere.
Alzheimerraren gaixotasuna dementzia-modurik ohikoena da, kasuen % 60 eta % 70 bitartean.
Nahiz eta pertsona bik ez duten dementzia berdin jasaten, gidak gaitz hori detektatzeko ohikoak izaten diren zenbait sintoma dakartza. Sarri gauzak ahaztea, desorientazioa, arazoei irtenbidea aurkitzeko zailtasunak, ulertzeko eta/edo azaltzeko arazoak eta portaera-aldaketak izaten dira ohikoak.
Pertsona horiei gure ingurunean arreta emateko gomendioen artean: irribarre egitea eta harreman bisuala ezartzea; lasaitasuna eta laguntasuna erakustea; ahots gozoa erabiltzea, umore-sena erakustea: pertsonari barre ez egitea eta nahasten denean berebiziko garrantzia ez ematea; esaten dena sinplifikatzea, sekula ez heldutasunik ez balu bezala erakustea; galderak banan-banan egitea edo galdera errazak egitea; jarraibideak urratsez urrats ematea; pazientzia izatea; esaldia edo galdera errepikatzea eta, segundo batzuk igaro ondoren ulertu ez badu, berriro egitea; eta pertsona duintasunez eta errespetuz tratatzea beti.