Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 15.000 enplegutik gora sustatu ditu 2017an, eta horietatik erdia edo gazteentzat izan dira

2018.eko martxoak 20

Gobernuaren bozeramailearen iritziz, “erabat onartezinak” dira biktimen biktimizazio bikoitza ekar dezaketen ekitaldi publikoak

Eusko Jaurlaritzak iaz 15.567 enplegu sustatu zituen, eta horietatik 6.820 (% 44) euskal gazteei lehen lan-esperientzia eskaintzeko izan dira. Horiexek dira Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko 2017-2020 Esparru Programaren jarraipen- eta ebaluazio-dokumentutik ondorioztatzen diren datuetako batzuk. Dokumentua gaur goizean aurkeztu du lehendakariak Gobernu Kontseiluan. Bilera ondoren, Josu Erkoreka bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak txostenaren ondorioak aurkeztu ditu. 

2017an Legealdirako ezarritako helburu orokorren heren bat eta urteko aurrekontuaren % 96 (2.000 milioitik gora) bete da. Programa honetan 40 herrialde-proiektu estrategikotako inbertsioak ere aurreikusten dira, eta horietatik 33 daude abian eta 2017an 496 milioi euro jaso dituzte.

Programa 2017ko martxoan aurkeztu zen, eta helburua du Euskadiko enpresen lehiakortasuna indartzea eta susperraldiaren bidez enplegu gehiago eta hobea sortzea. Azpimarratu zen langabezia % 10etik behera utzi behar zela eta 20.000 gazteri lehen lan-esperientzia eskaini behar zitzaiela helburu orokor gisa. Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko 2017-2020 Esparru Programa bi ardatz nagusitan dago oinarrituta: bat enpleguarena da, eta bigarrena inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta industrializazioaren aldeko estrategia. Programa honetarako 2020ra arte kalkulatutako baliabideak 8.800 milioi eurokoak dira.

Gainera, Erkorekak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak erabaki duela bat egitea, aurten ere, “Planetaren Ordua” izeneko nazioarteko ekimenarekin. Horretarako, martxoaren 24an, larunbata, 20:30 eta 21:30 bitartean, Eusko Jaurlaritzak hiru hiriburuetan dituen eraikin nagusietako kanpoko argiak itzaliko dira.

BIKTIMEN BIGARREN BIKTIMIZAZIOAGATIKO SALAKETA

Bestalde, atzo Durangon ETAko preso ohi bati eginiko omenaldiari buruz galdetzean, Eusko Jaurlaritzak esan du bere iritziz “erabat onartezina” dela “terrorismoaren biktimak berriro biktimizatzeko” edozein ekitaldi publiko. Hori horrela, indar politiko eta gizarte-erakunde guztiei dei egin die bat egiteko oraintsu Eusko Legebiltzarrean onetsitako adierazpenarekin; horren bidez, horrelako ekitaldiei uko egiten zitzaien, biktimak beheratu ditzaketela uste delako.

Gainera, bozeramaileak komunikabideek eginiko galderei erantzutean adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez dituela ETAren planak ezagutzen taldea desegiteko edo desagertzeko, baina berriro ere esan du hau “exijentzia eta beharrizana dela” aurrera egiteko eta Euskadin bizikidetzaren bidea finkatzeko. Erkorekak berriz ere esan du ETAren desegitea “argia” izan behar duela; gainera, iraganean eragindako giza eskubideen urraketaren aitorpen kritikoa beharko lukeela eta presoei espetxeetako lege-bideen garapen indibidualizaturako erreferentzia argia eskaini beharko liekeela.

Gaur Guardia Zibilak eginiko atxiloketak direla eta, polizia-koordinaziorik eza salatu du; izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez du horren berririk izan.

 

20-03-2018 gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)