Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

"Zurekin etxebizitza egiten dugu" leloa duen plataforma jarriko da martxan etxebizitzari buruzko legearen aurreproiektuari buruz herritarrek eztabaidatzeko aukera izan dezaten

2011.eko urtarrilak 11

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak Jaurlaritzaren Kontseiluko kideei aditzera eman die urtarrilaren 21ean abiatuko dela Etxebizitzari buruzko Legearen aurreproiektua onartzeko prozesua. Egun horretatik aurrera, aurreproiektua hainbat erakunde eta instituziori helaraziko zaie ekarpenak egin ditzaten.

Lege honetan araututa geratuko dira Etxebizitza Sailak azken hilabete hauetan landutako hainbat alderdi, honako hauek, besteak beste: alokairuko etxebizitzen parke publikoa sortzea, etxebizitza izateko eskubidearen definizioa, birgaitzearekin lotutako hainbat alderdi, etab.

Etxebizitzari buruzko Legeak etxebizitza izateko eskubidearen kontzeptua garatuko du, baita hainbat eragile instituzional, sozial eta ekonomikok (75tik gora) sinatutako Itun Soziala ere.

Lege-proiektua onartu baino lehen, proposatutako neurriei buruzko herritarren iritzia ezagutu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, hitza eman nahi die herritarrei aurreproiektuko proposamenak hobetzeko eta berriak eransteko ere, herritarrei zein eragile politiko eta sozialei.

Parte-hartzeko proiektu hau Etxebizitzaren Plan Zuzentzailea lantzeko iazko apirilean martxan jarritako prozesuaren jarraipena da. Izan ere, oso emaitza positiboak izan baitzituen: 15.748 lagunek parte hartu zuten eta egindako proposamenen %65 bildu ditu Plan Zuzentzaileak.

Parte hartu zutenek oso positibotzat jo zuten prozesua. Parte-hartzaileen % 85k uste du "horrelako parte-hartze prozesuak aldian behin edo etengabe egin behar direla".

Oraingo honetan ere, partaidetza ahalik eta handiena lortu nahi du Jaurlaritzak eta honako ekimen hau zabaltzeko ahalegin berezia egingo dugu.

Ekimenaren berri zuzenean emango die Etxebizitza Sailak Etxebide-Euskal Etxebizitza Zerbitzuan izena emanda daudenen artean nahi dutenei. Badira, gainera, beste erakunde instituzional eta sozial batzuk ekimena zabaltzeko konpromisoa hartu dutenak.

Prozesuari buruzko etengabeko informazioa eskaini nahi da, inkesten emaitzei buruzko txostenak igorriz baita foroetan adierazitako iritzi eta proposamen nagusiei buruzkoak ere.

Prozesuak, funtsean, on-line parte hartzeko plataforma bat izango du euskarri, Etxebideren webgunean egongo dena. Irekiaren bidez eta Facebook eta Twiter sare sozialetan sortu diren profilen bitartez ere parte hartu ahal izango da.

"Zurekin etxebizitza egiten dugu" leloa duen plataformak honako elementu hauek izango ditu:

  • Eztabaida-foroak. Astero foro berri bat egongo da
  • Herritarrei egin beharreko inkestak. Astero inkesta berri bat egongo da. Emaitzak berehala ezagutuko dira.
  • Proposamenak egiteko gunea.
  • Legearen zirriborroa ezagutzeko gunea; aurkezpen laburtuak, bideoa azalpenekin, etab.
  • Eta atal bat "galdetu....". Atal horretan herritarrek galderak egin ahal izango dizkie Jaurlaritzako ordezkari politikoei, eta hasteko Lehendakariari elkarrizketa bat.

Jaurlaritza honek herritarren partehartzearekin duen konpromisoa argia eta zalantzarik gabekoa da. Horrela bada, jasotako proposamen guztiak aztertzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, prozesuan zehar jasotako proposamen berritzaileak herritarren eztabaidarako aurkeztuko ditu eta prozesuaren azken emaitzak bilduko dituen amaierako txostena egingo du. Txosten horretan, jasotako proposamenen kopurua zehaztuko da eta Jaurlaritzak onartuko duen proiektuan horietako zenbat bildu den ere.

Prozesua urtarrilaren 21ean abiatuko da eta apirilaren 15a arte luzatuko da. Jarraian, txostena maiatzaren amaieran aurkeztu da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)