Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 15.000 enplegutik gora sustatu ditu 2017an, eta horietatik erdia edo gazteentzat izan dira (Gobernu Bilera 2018-03-20)

2018.eko martxoak 20

Gobernu Kontseiluak Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko 2017-2020 Esparru Programaren jarraipen- eta ebaluazio-dokumentua aztertu du
2017an 2.000 milioi eurotik gora bideratu dira enplegua sustatzera eta ekonomia suspertzera, eta ezarritako helburu orokorren heren bat bete da
40 proiektu estrategikoetatik 33 abian daude, eta 490 milioi eurotik gorako inbertsioa jaso dute
Eusko Jaurlaritzak legealdiko helburu estrategiko gisa ezarri zuen 20.000 gazteri lehen lan-esperientzia eskaintzea eta langabezia tasa % 10etik behera uztea 

Eusko Jaurlaritzak iaz 15.567 enplegu sustatu zituen, eta horietatik 6.820 (% 44) euskal gazteei lehen lan-esperientzia eskaintzeko izan dira. Horiexek dira Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko 2017-2020 Esparru Programaren jarraipen- eta ebaluazio-dokumentutik ondorioztatzen diren datuetako batzuk. Dokumentua gaur goizean aurkeztu du lehendakariak Gobernu Kontseiluan. 2017an Legealdirako ezarritako helburu orokorren heren bat eta urteko aurrekontuaren % 96 (2.000 milioitik gora) bete da. Programa honetan 40 herrialde-proiektu estrategikotako inbertsioak ere aurreikusten dira, eta horietatik 33 daude abian eta 2017an 496 milioi euro jaso dituzte. 

Programa 2017ko martxoan aurkeztu zen, eta helburua du Euskadiko enpresen lehiakortasuna indartzea eta susperraldiaren bidez enplegu gehiago eta hobea sortzea. Azpimarratu zen langabezia % 10etik behera utzi behar zela eta 20.000 gazteri lehen lan-esperientzia eskaini behar zitzaiela helburu orokor gisa. Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko 2017-2020 Esparru Programa bi ardatz nagusitan dago oinarrituta: bat enpleguarena da, eta bigarrena inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta industrializazioaren aldeko estrategia. Programa honetarako 2020ra arte kalkulatutako baliabideak 8.800 milioi eurokoak dira: 

2017ko INPAKTUAREN EMAITZA

Eusko Jaurlaritzak iaz 2.000 milioitik gora bideratu zituen enplegua sustatzera eta ekonomia suspertzera: 227 milioi Enplegu Planera eta 1.817 milioi euro ekonomia suspertzera, eta horietatik 600 milioi abaletan joan ziren. 

Inpaktua honako adierazle hauetan laburbilduko litzateke:

-   aurreikusitako inbertsioaren % 96 bete da (2.094 milioi euro)

-   15.567 enplegu sustatu dira

-   6.820 gaztek izan dute lan-aukera bat

-   1.719 enpresa berri sortu dira

-   35 ikerketa-proiektu estrategiko finantzatu dira

-   245 enpresa txiki eta ertain sartu dira kanpoko merkatuetan

-   1.725 ETEk garatu dituzte lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko proiektuak

-   33 azpiegitura-proiektu estrategiko jarri dira abian

Gazteen enplegua

Politika horiek gazteen enpleguan duten eraginari buruzko datuetatik honakoak nabarmentzen dira, besteak beste: hezkuntzatik lan-mundura igarotzeko programaren esparruan sortutako lanpostuak (2.166); toki eta eskualde planen bidez sortutakoak (834) edo Lehen Aukera Programaren ondorio direnak (498). Gainera, aurreikusten da 1.800 gazte baino gehiago iritsi ahal izango direla Eusko Jaurlaritzaren 2017ko LEPen bidez Administrazio Publikoko lanpostuetara. 

Enpresen lehiakortasuna

Sustatutako enpleguen artean daude enpresa berriak sortzearen ondorio direnak (3.514); kontratazio-pizgarrien bidez sortutakoak (4.614); eta Lan Eskaintza Publikoetako plazak (4.225). Nabarmendu behar dira ekoizpen-prozesuetan berrikuntza-proiektu teknologikoak dituzten ETEak (371) eta produktu berriak garatzen dituztenak (884). 

INBERTSIOA 40 PROIEKTU ESTRATEGIKOTAN

Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko Esparru Programak 40 proiektu estrategikotarako inbertsioak aurreikusten ditu 1.100 milioi euro baino gehiagorengatik. 40 proiektu horietatik 33 abian daude jada eta guztira 499 milioi euro erabili dira bere egikaritzean. Proiektu horiek honako esparru hauetakoak dira:

-   Azpiegiturak eta mugikortasun jasangarria: AHTren azpiegiturak; Arasur plataforma; Bilboko Metroaren 3. linea; Gipuzkoa-Lezo plataforma logistikoa; Zibersegurtasun Zentroa…

-   Hiriaren eta ingurumenaren berroneratzea: Koroatze auzoa berroneratzeko proiektua amaitzea; Zallan Kadagua eta Martutenen Urumea bideratzeko lanak; Oiongo araztegiko lanak amaitzea…

-   Lehen eta Bigarren Hezkuntzako azpiegiturak hedatzea: ikastetxe berriak Bizkaian (Bilbon eta Basaurin); Gipuzkoan (Bergaran, Zestoan eta Zumaian) eta Araban (Salburuan eta Zabalganan).

-   Osasun-azpiegiturak hedatzea: Eibarko ospitalea irekitzea eta ospitale-azpiegitura eta osasun-zentro berriak hiru lurraldeetan. 

 2017ko jarraipen-dokumentu osoa 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko