Berriak Segurtasuna

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du EAE barnealdean biharko eta etziko

2018-03-18

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du elurragatik EAE barnealdean, bihar, astelehena, martxoak 19, arratsaldeko 18:00etatik astearteko, hilaren 20ko, 12:00etara.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, iragarpenek adierazten dute aire-masa hotzak nabarmen jaits ditzakeela tenperaturak, eta elur-prezipitazioak izan ditzakegula nahiko behean bihartik, astelehenetik, ostegunera arte, martxoaren 22ra arte.

Aire-masa hotzak EAEn eragina izan dezakeela aurreikusten bada ere, ziurgabetasuna handia da bai tenperaturei dagokienez bai prezipitazio-kopuruari dagokionez, nahiz eta seguruenik prezipitaziorik ugarienak astelehen arratsaldetik astearte goizera arte espero diren.

Bihar, astelehena, hilaren 19an, elur-maila seguruenik 700-800 metroan kokatuko da egunaren lehenengo erdian, eta behera egingo du arratsalde eta gaualdean, eta egunaren amaierarako 200-300 metroan kokatuko da. Gainera, prezipitazio ugariak espero dira egunaren bigarren erdian, eta ekaitza sor daiteke eta txingorra ere egin dezake.

Euskalmeten ustez astearte goizean, hilaren 20an, elur-maila 200-300 metro inguruan kokatuko da, eta prezipitazioa sarri izango dugu. Arratsaldetik gauera bitartean, elur-maila 200-300 metro inguruan egongo da, eta ekaitz eta txingor arriskua mantenduko da.

Asteazkenerako aurreikusten da prezipitazioak tartekatzen joango direla, eta elur-maila 200-300 metro inguruan kokatuko da eta gora egingo du egunean zehar.

Tenperaturei dagokienez, neguko tenperaturekin jarraituko dugu, asteartean, hilaren 20an, eta asteazkenean, hilaren 21ean, eta tenperatura maximoak 5-10ºC-koak izango dira itsasertzean eta 5ºC-koak barnealdean. Tenperatura minimoak ere baxuak izango dira, 0ºC ingurukoak, EAEko leku askotan.

Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus;) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza

Aholkuak eta gomendioak.

Bidaiatu behar baduzu:

• Aldez aurretik eskatu errepideen egoerari buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzako trafiko-zerbitzuaren  011 telefono-zenbakiaren eta Twitter (@trafikoaEJGV) bidez, eta egoera meteorologikoari buruzkoa Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.

• Eguraldia oso txarra bada, hobe da ez bidaiatzea.

• Ahal izanez gero, garraio publikoa erabili.

• Edonola ere, jarraitu beti Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren gomendioak Twitter eta Internet bidez.

Mendira joan behar baduzu:

• Alerta laranja aktibatuta badago, bertan behera utzi mendiko txangoak eta ibilaldiak.

Etxean

• Kontuz ibili berogailu-sistema osagarriekin, estufa edo sutontziekin, istripurik gerta ez dadin.

Elurretan ibilgailuan harrapatuta geratzen bazara:

• Ez atera autotik denboraleak barruan harrapatu bazaitu. Ez ahaztu telefono mugikorra, eta bateria ondo kargatuta eduki.

 • Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki, eta tarteka airea berritu.

 • Ez lo hartu. Tapakiren bat eskuratu, eta ondo jantzita egon.

Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko