Eu

PEDRO AZPIAZU SAILBURUAK, BRUSELAN, 2021-2028 URTE ANITZEKO FINANTZA ESPARRURAKO EUSKAL PROPOSAMENAK DEFENDATUKO DITU

2018.eko martxoak 17

 

 

PEDRO AZPIAZU SAILBURUAK, BRUSELAN, 2021-2028 URTE ANITZEKO FINANTZA ESPARRURAKO EUSKAL PROPOSAMENAK DEFENDATUKO DITU

 

  • Programatutako topaketetan, Nicola de Michelis Corinna Cretu Eskualdeko Politikako Komisarioaren Kabineteko burua, Nadia Calviño Europako Batzordeko Aurrekontuen zuzendari nagusia eta Jean Arthuis Europako Parlamentuko Aurrekontuen Batzordeko presidentea izango dira. 

 

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburua martxoaren 19an eta 20an Bruselara joango da, Euskadik EBren etorkizuneko ikuspenari dagokionez duen jarrera azaldu eta defendatzera, 2021-2028 Urte Anitzeko Finantza Esparrua zehazteko testuinguruan (orain negoziazio-fasean dago). Pasa den martxoaren 9an, Eusko Jaurlaritzak bere posizioa ezarri zuen, dimentsio soziala, lehiakorra, munduari irekia, jasangarria, federala eta maila anitzeko benetako gobernamendua oinarri izanik.

 

Martxoaren 19an, astelehenean, lehenengo bilera izango da, 16:30ean, Nicola de Michelis-ekin,Corinna Cretu Eskualdeko Politikako Komisarioaren Kabineteko buruarekin.   Topaketa horretan, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsen inguruko gaiak eta Euskadik Europako sareetan duen parte-hartzea aztertuko dira, eta Euskadik, Kontzertu Ekonomikoari esker -Europak aitortzen eta babesten du sistema hori, 2008tik- autonomia fiskala duen eskualde gisa dauzkan errekerimenduak planteatuko dira.

 

Martxoaren 20an, asteartean, jardunaldia hasteko, bilera egingo da Nadia Calviño Europako Batzordeko Aurrekontuen zuzendari nagusiarekin, 09:30ean; sailburuak berarekin sakonduko ditu egungo eta etorkizuneko Europaren aurrekontuak zehazteko euskal proposamenak. Egun berean, 14:00etan, topaketa izango da, Jean Arthuis Europako Parlamentuko Aurrekontuen Batzordeko presidentearekin; aurrekontuaren, legeriaren eta politikaren arloko gaiak azalduko zaizkio.

 

Hau une oso garrantzitsua da, hurrengo Urte Anitzeko Finantza Esparrua zehazteko. Hiru faktorek izango dute horretan eragina, aurreko negoziazioetan izan ez direnak:

 

  1. EBtik Erresuma Batua irtetea; horrek aurrekontua 13.000 eta 15.000 M/€ bitartean murriztuko du urtean.
  2. Egungo sistemari malgutasun handiagoa emateko beharra, lehentasun berriei aurre egiteko, besteak beste, errefuxiatuen krisiari, krimen antolatuaren mehatxuari eta terrorismoari eta defentsa-politikari.
  3. Europako ekonomia berreskuratzeko testuingurua.

 

 

Eusko Jaurlaritzak defendatzen du, gainera, Europako aurrekontuak Europako baterako balioak, besteak beste, demokrazia, askatasuna, zuzenbide estatua, oinarrizko eskubideak, berdintasuna, elkartasuna, jasangarritasuna eta bakea, defendatzeari dagokionez balio erantsia eman behar duela. Urte Anitzeko Finantza Esparruak aukera ematen du epe luzeagoan plangintza-jomuga diseinatzeko, eta behar besteko egonkortasuna ematen du inbertsioa planifikatzeko.

Azpiazu sailburuarekin batera, bisita honetan, Hernando Lacalle Aurrekontuen zuzendaria, Jordi Campás Ekonomiako eta Plangintzako zuzendaria, Yurdana Burgoa Kabineteko zuzendaria eta Marta Marin, Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritza izango dira.

 

 

 

 Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 17a 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak