Eu

Beatriz Artolazabal: “ikusmirak.eus webgunea Familiaren, Haur, Nerabeen eta Gizarte Zerbitzuen behatokien atariak batzen dira”

2018.eko martxoak 19
  • Artolazabal: “hiru behatokiak proposatutako ekintzen beharrak eta bilakaera ebaluatzeko antenak dira”
  • Atariek antzeko edukien egitura partekatzen dute eta honako hauek jaso dituzte: datu-bankuak, txostenak eta argitalpenak, dokumentazioa eta albisteak
  • Sailburuak iragarri du datorren urtean Hirugarren Gizarte Sektorea ere sartuko dela

 

Vitoria-Gasteiz, 2018/03/19

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, prentsaurrekoan, Ikusmirak webgunea aurkeztu du; bertan, gizarte-politiken arloko hiru behatoki batzen dira. Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin eta Ernesto Sainz Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariarekin eta Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako zuzendariarekin batera, sailburuak atari berria azaldu du; bertan, Familiaren, Haur eta Nerabeen eta Gizarte Zerbitzuen behatokien informazio eta dokumentazio guztia dago.

 

Artolazabalek esan duenez: “hiru behatokiak gizarte-politiken arloan proposatutako ekintzen beharrak eta bilakaera ebaluatzeko antenak dira”.

 

Haur eta Nerabeen Behatokiaren misioa da etengabe aztertzea ume eta nerabeen errealitatea eta Haur eta Nerabeei Arreta eta Babesa emateko otsailaren 18ko 3/2005 Legea aplikatuz garatutako politiken eragina. Bestalde, Familien Euskal Behatokiak Euskadiko familien egoera eta arazoen errealitatea aztertzen du, bai eta Familiei laguntzeko 13/2008 Legea aplikatuz garatutako politiken eragina ere. Gizarte Zerbitzuetako Behatokiaren helburua, azkenik, gizarte-zerbitzuetan kalitatea bermatzeko eta hobetzeko beharrezko neurriak sustatzea da.

 

Atari honen bidez, “gizarte-eremuan behatzeko lana osatzen eta sendotzen da”, sailburuaren hitzen arabera. Gogoratu du Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailburuordetzak, gainera, Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokia ere baduela eta horrek bere webgunea duela, eta zera esan du: “urteak daramatza erreferente izaten Euskadin atzerriko immigrazioaren fenomenoa ezagutzeko”. Gizarte-eremuko behatoki horien multzoa sendotu egingo da datorren urtean, Artolazabalek iragarri bezala, Hirugarren Gizarte Sektorearen Behatokia ere sustatuko baita.

 

Datu-iturria

ikusmirak.eus webgunean batuko dira hiru behatokien atariak, eta edukien antzeko egitura izango dute hirurek: datu-bankua dute, txostenak eta argitalpenak dituen atala, dokumentazio-arloa eta, horren bidez, 300.000 erregistro baino gehiagotara jo ahalko da, bai eta gaurkotasuneko albisteak jaso dituen leihoa ere.

 

Datu-bankuaren bidez, errazago sartuko dira adierazleak eta estatistikak, eta errazago prestatu eta deskargatuko dira bertako taulak, mapak eta grafikoak. Txosten eta argitalpenen atalean Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta behatokiek beraiek sortzen dituzten ikerketa eta/edo argitalpenak sartuko dira. Dokumentazioa dela eta, behatoki bakoitzak bilaketa-kutxa du, dokumentuen bilaketa bereziak egiteko, eremu bakoitzean bertan dagoen dokumentazio espezializatuaren bilduma zabalera (300.000 erregistro baino gehiago) sartzeko. Gaurkotasun atalak, azkenik, hiru motatako informazioa jaso du: prentsa-albisteak, legeria eta agenda.

 

ikusmirak.eus atariaren hasierako orritik, behatoki bakoitzeko atari eta atal berezietara sar daiteke, goiko menutik. Bertan, halaber, bilaketa-kutxa bat dago Ikusmirak dokumentazio-zentroan.

 

Era berean proposatzen du beheko aldean nobedadeen buletin elektronikora harpidetzeko aukera. Bestalde, Ikusmirakekin lotutako zenbait banner erakusten ditu: horiek Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuari, SIIS - Dokumentazio eta Ikerketa Zentroari, betiON telelaguntzako zerbitzu publikoari, Euskadi Lagunkoia Sustraietatik ekimenari eta Zerbitzuan aldizkariari dagozkie.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak