Berriak Segurtasuna
Eu

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak trafiko istripuetako larrialdiak eta bide segurtasuna aztertu ditu Parez Pare Jardunaldian

2018.eko martxoak 15

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuera izan da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian gaur egin den eta gaia “Bide segurtasuna eta larrialdiak trafiko istripuetan” izan duen Parez Pare jardunaldiaren moderatzailea.

"Errepideko istripuen prebentzioaren barruan istripua bera saihestetik hasi eta istripuaren ondorioak murriztera arteko guztiak sartzen dira. Hori bai, prebentzioa ezinezkoa izan denean, funtsezkoa da esku-hartzea ahalik era eraginkorrena izatea. Alde horretatik, garrantzi berezia du bideko biktimei, biktima zuzenei nahiz zeharkakoei, behar bezalako arreta emateak. Horrez gainera, oinarrizkoa da trafiko istripuetan behar bezala esku hartzea, eta horrek gertatutakoa zuzen ikertzea esan nahi du”, adierazi du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak Parez Pare Jardunaldiaren aurkezpenean.

Jardunaldiari hasiera emateko hitzetan, trafiko istripuek mundu osoan dituzten ondorioak gogoratu ditu Arruabarrenak. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera urtean 1.300.000 hildako izaten dira trafiko istripuetan, egunean 3.000tik gora, eta 20-50 milioi pertsonak jasaten dituzte heriotza eragiten ez duten arren ospitaleratzeak edo arrasto iraunkorrak eragiten dituzten traumatismoak eta lesio larriak.

Lehenengo mahaingurua “Bideko istripu-tasa EAEn: egungo errealitatea” izenburupean egin da. Mahainguru horretan María Jesús Iturraldek, Trafiko Zuzendaritzako Bide-hezkuntza eta -prestakuntza arloko arduradunak, “Bide segurtasuna Euskadin” izan du hizpide, eta Juan Jesús Hernández González-Nicolásek, Gurutze Gorriaren Osasun Planaren arduradunak, ”Trafiko istripuen prebentzioa” gaia jorratu du.

Atsedenaldi labur baten ondoren ekin zaio bigarren mahainguruari. Gaia “Esku-hartzea trafiko istripuetan” izan da, eta STOP Istripuak Euskadin elkartearen presidente Rosa María Trinidadek hartu du hitza “Trafiko-istripuak: ikuspegi biktimologikoa” gaia azaltzeko.Azkenik, Trafiko Unitateko Manuel Santos ertzainak “Trafiko-istripuengatiko jarduera larrialdietan” txostena aurkeztu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak