Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak METAPOSTArekin bat egiteko hitzarmena sinatu dute

2011.eko urtarrilak 10

METAPOSTAk postontzia eta kutxa gotor elektronikoa abiaraziko ditu Interneten, euskal hiritarrek agiriak doan jaso eta gordetzeko aukera izan dezaten, doan, segurtasunez, era iraunkorrean eta legezko balioaz

Laster abiaraziko den ekimen hau, Euskadi osoan Interneten erabilera sustatzeko proiektutzat sortu da

Gaur, Bernabé Unda sailburuaren gidaritzapean antolatu den sinadura-ekitaldian, Xabier Sabalza METAPOSTAko presidenteak, Mario Fernández BBKko presidenteak, Xabier Iturbe Kutxako presidenteak eta Carlos Zapatero Vital Kutxako presidenteak parte hartu dute, eta Carlos Aguirre sailburuak.

Euskadin agiriak sortaraz ditzaketen balizko 300 igorle baino gehiago daude: administrazioak, enpresak, banka, aseguruak, hezkuntza-erakundeak, elektrizitatea, gasa, ura eta telefonia alorreko banatzaileak, etab.

METAPOSTA "Euskadi Informazio Gizartean 2010 Plana"ren barruan mamitutako proiektua da, Danimarka bezalako herrialdeetan arrakastaz diharduten antzeko ekimenetan inspiratutakoa

Enpresa Eusko Jaurlaritzak bultzatu du, Merkataritza Ganberak, Tecnalia, Gupost eta Mondragón Inversiones-ekin batera

 

 

SPRI-Eraldaketa Lehiakorrerako Baltzuak Bilbon duen egoitzan, lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur hiru euskal aurrezki kutxek METAPOSTA proiektuarekin formalki bat egiteko. Hauek izan dira sinatzaileak: Xabier Sabalza METAPOSTAko presidentea, Mario Fernández BBKko presidentea, Xabier Iturbe Kutxako presidentea eta Carlos Zapatero Vital Kutxako presidentea. Ekitaldia, Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak zuzendu du, eta Carlos Aguirre sailburua ere egon da.

Zerbitzu-elkarte berri hau "Euskadi Informazio Gizartean 2010 Plana"ri atxikitako proiektu garrantzitsua da, hiritarrei Interneten erabiltzeko moduko postontzi eta kutxa gotor elektronikoa eskaintzea xede duena, mota guztietako agiriak era seguru eta iraunkorrean jaso eta gorde ahal izan ditzaten

Euskadin finantza-zerbitzuak on line erabiltzeko aitzindariak diren BBK, Kutxa eta Vital kutxek informazio-gizarteari bultzada berri bat emateko asmoz bat egin dute METAPOSTArekin. Aurrerantzean, METAPOSTAko erabiltzaileen alta on line egiteko aukera eskainiko dute banka elektronikoko sistemaren bidez, eta erabiltzaileei zuzendutako agiriak eta jakinarazpenak postontzi elektronikoetara igorriko dizkiete.

 

METAPOSTAko zerbitzuak 

Etxeetako ohiko postontziak iraganeko kontu bilakatuko dira "Interneteko kutxa gotor elektronikoak" garatu ahala. Hauek arrakastaz erabiltzen dituzte gurean baino on-line zerbitzu garatuagoak dauden herrialdeetan. Posta elektronikoa eskutitzei nagusitu zaien bezalaxe, sistema berri honen hedapenak erakundeekin, negozioekin edota bankuekin zerikusia duen korrespondentziaren eta faktura guztien desagerpena ekar lezake.

METAPOSTAk segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatuta dauzkan esparru birtuala eskaini behar die partikularrei eta enpresei, tamaina mugagabekoa eta bizitza osorako bermea duena, bertan era guztietako agiriak jaso eta gorde ahal ditzaten.

Interneten erabiltzeko moduko postontzi eta kutxa gotor elektronikoa izateaz gain, METAPOSTA tresna egokia izan daiteke jaso beharreko agirien sakabanaketa ekiditeko. Ildo honetan, sarbide bakarreko sistematzat antola daiteke, 300 enpresa eta erakunde publiko baino gehiagok igorritako agiri eta ohartarazpenak kudeatzeko. Sistema honen bidez, aldez aurretik hitzartutako entitateen mezuak baino ez dira jasoko; horixe da posta elektronikoaren aldean eskaintzen duen abantaila, eta ondorioz, ez dago spam (zabor-posta) edo igorle ezezagunek bidalitako kate-mezuak jasotzeko aukerarik.

Sistemak partikularrei eta enpresei eskaintzen dizkien abantailez gain, ekimen hau aurrera ateratzea erraztu duen politikak Euskadin Administrazio elektronikoa garatzea du helburu, zerbitzu digital aurreratuen erabilera masiboa bultzatuz eta Informazio Teknologia Berrien mekanismoak ezagutzen ez dituzten pertsonen bazterkeriaren aurka borrokatuz.

METAPOSTAren ezarpenaz, Euskadi, Internet bidezko zerbitzuen garapenean aurreratuago dauden herrialdeen ekimenen parean kokatu da. Hauexek dira ekimen horietako batzuk: eBoks (Danimarka), De-Mail (Alemania), MyPage.no (Norvegia), Agosp (Australia) edo My eCitizen (Singapur).

Balizko igorleak  

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpe diharduen SPRI sozietate publikoak era horretako agiriak sor ditzaketen balizko 300 igorle baino gehiago identifikatu ditu Euskadin, eta horiek guztiek parte har dezakete igorpen-gastuak eta bidalketa-epeak murriztu eta erregistro nahiz jakinarazpen-zereginetarako lege-balio osoa duen ekimen honetan. Administrazio publikoak, enpresak, finantza eta aseguru erakundeak, mutuak eta BGAEak, hezkuntza-erakundeak, kirol talde eta elkarteak, erosteko eta bezeroak fidelizatzeko txartelen igorleak eta gasa, elektrizitatea, ura edo telefonia alorreko enpresa banatzaileak dira METAPOSTAren balizko berezoak, besteak beste. 

Luze gabe, beste erakunde eta enpresa batzuk gaineratuko zaizkio hiru euskal aurrezki kutxek gaur sinatu duten bat-egiteari.

2010ean eratu zen METAPOSTA elkartea zortzi bazkide hauek osatzen dute: Ezten (SPRIren eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko arrisku-kapitaleko funtsa), EJIE (Jaurlaritzaren informatika-elkartea, Justizia eta Herria Administrazio Sailaren menpekoa), Bilboko, Gipuzkoako eta Arabako Merkataritza Ganberak, Tecnalia Korporazioa, Gupost marketing zuzeneko enpresa eta Mondragón Inversiones delakoa. Elkarteko presidentea, Xabier Sabalza, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendaria da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko