Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak segurtasun-dispositibo bat ezarriko du Athletic – Olympique partidarako

2018.eko martxoak 14

Ertzaintzak egokitu egingo du ostegunean Athletic eta Olympique de Marseille futbol-taldeek jokatuko duten Europa Leagueko partidarako segurtasun-dispositiboa.Arrisku handikotzat jotako partidetan ezarri ohi den dispositiboan estadio barruko nahiz inguruko segurtasuna bermatzeko beharrezko baliabideak mugiaraziko dira.Udaltzaingoarekin koordinatuko diren segurtasun-neurriak gaur, asteazkena, jarriko dira abian, eta Frantziako taldeak eta zaleak Bilbotik joan arte egongo dira indarrean.Bilbora etorrita dauden Frantziako lau agentek lagunduko diote Ertzaintzari dispositiboan.

Ertzaintzako baliabideak gaur lehenengo orduan aktibatu dira, Frantziako futbol-taldea eta lehenengo zaleak Bizkaiko hiriburura iristean, eta horien inguruan beharrezko segurtasun-neurriak ezarri dira.

Une horretatik aurrera eta egun osoan zehar, eta batez bihar, ostegunean, espero da etengabe iritsiko direla Marseillako futbol-taldearen jarraitzaileak. Gehienak errepidez etorriko dira eta gutxi batzuk hegazkinez. Ertzaintzak gune espezifikoak mugatuko ditu ibilgailuak aparkatu eta zaintzeko.

Frantziako jarraitzaileen inguruko segurtasun-neurriak hiri osoan ezarriko dira, eta partida amaitu arte eta Frantziako taldeak eta jarraitzaileek hiritik alde egin arte mantenduko dira.

Estadiorako eta estadio ingururako planifikatuta dagoen dispositiboari dagokionez, Ertzaintzak kontrol bereziak egingo ditu zelairako sarbideetan, eta segurtasun-langileekin batera zorrotz jokatuko du ez daitezen Kirolaren Legean debekatutako objektuak sartu (bengalak, petardoak, botilak, eta abar), eta mezu iraingarriak edo indarkeria bultzatzen duten pankartak edo sinboloak erakustea debekatzeko. Era berean, ez zaie zelaian sartzen utziko alkoholdun edo drogen eraginpean daudenei.

Oraingoan sarbideak kontrolatzeko itxitura-sistema bat erabiliko da San Mameseko zabaldegian, era horretara zaleak elkarrengandik banantzeko. Dispositiboak ez du eraginik izango estadioko guneetan ez eta ebakuazio-neurritan ere, eta partidaren ondoren kenduko da.

Ertzaintza ostalaritza eta dendari elkarteekin ere jarri da harremanetan partidaren aurreko orduetan edariak ez ditzaten kristalezko edalontzietan eta botiletan zerbitzatu. Antzeko kudeaketak egin dituzte udal-zerbitzuekin San Mames ingurutik beira-edukiontziak erretira ditzaten.

Zelaira joateko asmoa dutenei gomendatzen die ohi baino lehenago joateko ilarak eta pilaketak saihesteko. Era berean, Ertzaintzak eskatzen du polizia-dispositiboari laguntzeko, arrazionaltasunez eta lasai jokatzeko eta berehala aldentzeko sor daitekeen edozein istilu edo gorabeheratatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau