Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzako sindikatuen arteko aldebiko bileren lehenengo txanda amaitu da

2018.eko martxoak 13

Datorren martxoaren 19ko aldebiko bileren beste txanda batean Brigada Mugikorra modernizatzeko akordioetara iristeko bidean aurrera egiten jarraitu beharra nabarmendu du

Bi sindikatu nagusiekin, ERNE eta ESANekin, goizean egin dira bilerak Erandioko egoitza nagusian, eta ELA-ERTZAINTZA eta EUSPELekin, berriz, arratsaldez; arratsaldekoak 19:30ean amaitu dira. Gaurko aldebiko bileretan, eta Segurtasun Sailaren izenean, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Ana Agirre, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Giza Baliabideen zuzendari Miren Karmele Arias, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo eta Sindikatuen Harremanetako buru Javier Barco izan dira.

Ertzaintzaren Kontseiluak joan den martxoaren 7an egindako bileran Sailak sindikatuei emandako zazpi puntuei buruzko sindikatuen iritzia jasotzeko izan dira gaurko bilerak. Puntu horien bidez Brigada Mugikorra modernizatzeko negoziazio-proposamen irekia planteatzen zuen Sailak.

Gaurko bilera horietan gehien eztabaidatu den gaietako bat egungo Brigada Mugikorreko bi sekzioak (talde orokorrena eta laguntzakoa) batzekoa izan da, zerbitzuak gaur egun Laguntzako Taldeak eta Zaintza eta Erreskate Unitateak duten ordutegi-modalitatean antolatzeko, hau da, egunean 9 ordu eta erdiko lanaldiko aste osoa, eta ondoren astebeteko atsedenaldia.

Sailaren ustez, proposatutako ordutegi-modalitateak bertan behera uzten du zerbitzu-premiak erreakziokoak zirenean ezarritako 16 orduko lanaldi jarraituko eta 8 orduko atsedenaldiko ordutegia. Uste du, gainera, proposatutako modalitatea koherenteagoa dela lana eta familia bateragarri egiteko premiekin, entrenamenduko metodoak eta programak bateratzeko aukera ematen duela, bai eta horien urteko planifikazioa egitekoa ere, eta ongi egokitzen dela Brigada Mugikorrak gaur egun eskaintzen dituen  prebentzio zerbitzu eta eginkizunetara.

Gaurko bileretan Brigada Mugikorreko belaunaldiak berritzeko proposamenak ere eztabaidatu dira, eta gehieneko iraute denborarekin eta proba fisiko eta medikoak egitearekin zerikusia duten gaiak aztertu dira, Brigada Mugikorrean inor ez dadin lanean aritu baldin eta bere egoera fisikoa edo osasun-egoera ez badator bat izendatutako eginkizunen exijentziekin.

Sindikatu bakoitzak Brigada Mugikorra modernizatzeko gaiei buruz zer pentsatzen duen jakiteko egin diren gaurko bileren ondoren, bi aldeek erabaki dute berriz elkartzea datorren astelehenean, hilaren 19an, negoziazioan aurrera egiten jarraitzeko eta akordioak azkentzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak