Eu

E-Commercea, elikagaien euskal industriarako negozio aukera nazioarteratzearen eremuan

2018.eko martxoak 13

Gaur goizean, Upategiak eta gourmet produktuak E-commerceren bitartez nazioarteratzeko soluzio digitalak izeneko jardunaldia egin da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak, Araex Grands taldeak eta DHL Spainek antolatuta.

Kontuan hartuta markek beharrezkoa dutela kanal guztietan egotea eta ikusita nazioarteratzeak enpresa txiki eta ertainei ematen dien aukera, jardunaldiaren zeregin nagusia izan da on line kanalak salmentarako eskaintzen dituen aukerak ezagutaraztea, maila globalean ari diren aktore nagusienen eskutik.
Hizlariek, gainera, Ecommercea nazioarteratzean erabiltzeko dauden arauen gakoak azaldu dituzte, bai eta euskal araudira egokitzeko modua ere.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek moderatu du “Ecommercea nazioarteratzean erabiltzeko araudia eta euskal araudirako egokitzapena” izeneko mahaia, non Arabako Foru Aldundiko Ogasun zuzendari Teresa Vigurik eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatu Javier Larrañagak parte hartu baitute.

Bittor Orozek azpimarratu du esportazioak direla elikagaien euskal industriaren erronka bat; izan ere, “elikagaien euskal industriek beren ekoizpenaren %12 esportatzen dute, eta Espainia osoan, berriz, %25 esportatzen dute. Gure markek kanal guztietan egon behar dute, eta ikusita zer aukera ematen duten soluzio digitalek upategiak eta gourmet produktuak nazioarteratzeko, funtsezkoa da ezagutzea Ecommercea nazioarteratzean erabiltzeko dauden arauak eta euskal araudira nola egokitzen den”.

Elikagaien industriek, Euskadin, 4.400 milioi euro baino gehiago saltzen dute eta 14.660 pertsonari ematen diete lana. Esportazioaren eremuan, industria honek 817 milioi euro saltzen ditu gure mugetatik kanpo, 2016. udatuen arabera.

Eusko Jaurlaritzak bi tresna ditu elikagaien industria sendoa, lehiakorra eta iraunkorra garatzen laguntzeko, tokiko eta kalitateko produktuari lotuta, eta aldi berean jarduera ekonomikoa eta enplegua sortuko duen ekonomia sustatzeko. Euskal Elikagaien Industriaren Lehiakortasun Plana eta gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoa dira tresna horiek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak