Berriak Hezkuntza
Eu

Dantzertiren Arrakala 2018 egitarauak inprobisazioa izango du ardatz nagusi aurten

2018.eko martxoak 13
  • Martxoaren 16tik 18ra, jarduera-programa mardula antolatu du Dantzertik, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi mailako Eskolak. Inprobisazioa jorratuko dute, ikuspegirik zabalenean: inprobisazioa dantzan, antzerkian, musikan…
  • Tailer, hitzaldi eta erakusketen bidez, Dantzertiko ikasleak arte eszenikoetako profesionalekin arituko dira
  • Dantzerti eskolaz kanpoko ikasleei ere irekia dago Arrakala, aurrez izena emanda

Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi mailako Eskola, berriro ere ikasle eta arte eszenikoetako profesionalen topagune bihurtuko da, Arrakala 2018 proiektuari esker. Hiru egunez, martxoaren 16an ostiralez hasi eta igandera arte, Dantzertik dozenaren bat ekitaldi antolatu ditu: tailerrak, hitzaldiak, erakusketak nahiz arte dramatiko eta dantza eskolen arteko elkartrukeak.

Arrakala egitarauaren bigarren urte honetan jardueren ardatz nagusia inprobisazioa izango da. Inprobisazioa, zentzurik zabalenean harturik: inprobisazioa dantzan, antzerkian zein musikan.

Proiektuarekin lortu nahi den helburua argia da: Dantzertiko ikasleek eskolaz kanpoko beste profesional batzuekin hartu-emana izatea, eta aldi berean antzerki eta dantzako profesionalek Dantzertin parte hartu ahal izatea. Horretarako aukeratu den formatua, ezin praktikoagoa da: eskolaz kanpoko jendearentzat ere irekiak izango diren ikastaro programa berezia, hitzaldiak eta beste jarduera batzuk, martxoaren 16 eta 18 bitartean. Dantzertik, beraz, arrakala ireki du asteburu batez.

Arrakala 2018ren baitan antolaturiko jarduera guztien artean, Valentziako Arte Dramatiko eta Dantza Goi mailako eskolekin Dantzertik egingo duen elkartrukea ere badago. Horrez gain, atzotik (martxoaren 12tik), “Inoiz egin ez nituen antzezlanak” erakusketa ikusgai dago Dantzertiren egoitzan. Ikerne Gimenez eszenografia eta jantziteria diseinatzailearen erakusketa hau martxoaren 23ra arte izango da ikusgai.  

 

 Arrakala 2018: egitaraua(*)

Tailerrak

  • “La improvisación no se improvisa”. Pablo Ibarluzea aktore, zuzendari eta antzerki-pedagogoak emango du. Aktorearentzako inprobisazio oinarriak eta teknikak; inprobisazioa eraginkortasunez gauzatzeko arau eta erreminta baliagarriak.
  •  “Puntu batetik abiatuta”. Jone San Martin koreografo eta dantzariaren eskutik, William Forsythe-k dantzarako garaturiko inprobisazio teknikak.
  •  “Zama lanak”, Eneko Alcaraz dantzari, koreografo eta dantza irakasleak emango du. Kontaktu-inprobisazioa deritzon teknika dantzan.
  •  “Inprobisazio askeko tailerra”, Joseba Irazoki musikariarekin. Inprobisazioa musikan: sound-painting teknika, inprobisazio librea, edo partaideekin momentuan sor litezkeen ariketak, musika-tresna bat erabiliz, objekturen batekin, edo ahotsarekin.
  •  “El coraje de las posibilidades”, La Intrusa antzerki taldeak emango du. Giza gorputzaren aukera guztiak astintzea, edozein gauza izatera iritsi ahal izateko: gorputz askea. Gure erosotasun-gunetik jauzi egin, geure mugen intentsitate fisikoa aztertuz.
  •  “Creatividad, Aladuría y Canto Improvisado” Julian Bozzoren eskutik. Antzerki inprobisatua, sormen idazketa, begirada poetikoa eta kantu inprobisatua.

Hitzaldiak

  • “Hedapena, kohesioa, esku-hartzea eta Euskal Herriko dantza testuinguruarekin elkarlanean aritzea” Dantza ADDE elkartearen hitzaldia (Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea)
  •  “Bat batean – Bat bitan”. Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolarien hitzaldi performatiboa. Bertsolaritzaren sormen inprobisatuak atzean daukan entrenamenduaz.
  •  “Hacer tiempo”.  Inprobisaziora hurbilketa periferikoa, Isabel Naveranek eskainia.

Elkartrukea

Arrakala 2018k dakarren egitarau zabalaren barnean Dantzerti, Valentziako Arte Dranatiko eta Dantza Goi mailako eskolen arteko elkartrukea ere gauzatuko da egun hauetan. Aipaturiko eskola horietako ikasle eta irakasleak ostegunetik aurrera izango dira Dantzertin, bertako ikasleekin lanean, eta larunbat goizean elkarrekin landuko dute Pina Bausch-en La consagración de la primavera pieza.

Erakusketa

Bi astez, eta Arrakala 2018ren egitarauarekin bat eginez (martxoaren 12tik 23ra), Dantzertiko egoitzan “Inoiz egin ez nituen antzezlanak” erakusketa izango da ikusgai. Argazki, bozeto, maketa eta proiekzioen bidez, Ikerne Bilbao eszenografo eta jantziteria-diseinatzaile bilbotarrak inoiz publikoaren aurrera iritsi ez diren ideiak erakutsiko ditu: proiektu huts izaten jarraitu zuten eszenografiak, eta sekula eszenatokirik zapaldu ez zuten pertsonaiak. Larunbatean, martxoak 17, goizeko 10etatik 11tara, egileak berak bisita gidatua eskainiko du erakusketan barrena.

 

 

(*) Arrakala 2018ren inguruko informazio osoa (egitaraua, tailerrak, irakasle gonbidatuen biografia eta ibilbidea…) hemen eskura daiteke.  

 

 

 

 

 

 

 

Jarduera guztiak Dantzertiren egoitzan burutuko dira. Ibarrekolanda Plaza, 1   -   Bilbo

Informazio gehiago eta izen emateak:

www.dantzerti.eus / arrakala@dantzerti.eus

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak