Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aurreikusitakoaren arabera, diru-laguntzetarako 545 milioi bideratuko ditu bere 2018-2020 aldiko Plan Estrategikoaren barruan (Gobernu Bilera 2018-03-13)

2018-03-13

Alokairuko etxebizitzei eta hiri-berroneratzeari lotutako politikek jasoko dute laguntza-bolumenik handiena legegintzaldiari geratzen zaion aldian

Gobernu Kontseiluak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren 2018-2020 aldirako Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartu du gaur. Plan horren barruan, 546,6 milioi euro bideratuko dira hiru urte horietan laguntzetara. Dokumentuan, Saila kudeatzen duten arloek aurreikusitako politikak garatzeko deituko dituzten laguntza-programen plangintza dago jasota. 

Laguntza-bolumenik handiena etxebizitza-eremuan eta lurralde-plangintza, hirigintza eta hiri-berroneratzearen eremuan jasoko dira (484 milioi euro guztira). Zenbateko horren barruan, 280,1 milioi euro Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikorako (EPE) izango dira. Prestazio horretan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari lotutako egungo Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria txertatuko da, datozen hilabeteetan etxebizitza eskuratzeko eskubidea arautuko duen Dekretua onartzen denean. Gainerako 62,7 milioiak ingurumen-arlora bideratuko dira. 

Planak Sailaren eta hari atxikitako erakundeen (hots, URA-Uraren Euskal Agentziaren eta IHOBE, VISESA eta ALOKABIDE sozietate publikoen) diru-laguntza jarduera osoa jasota dago. Plana XI. Legegintzaldia amaitzeko falta diren hiru aurrekontu-ekitaldietan garatuko da, hau da, Sailaren politikari lotutako dokumentu programatiko nagusien (hala nola EAEko Ingurumen Esparru Programa 2020 eta Etxebizitzaren Gida Plana 2018-2020 izenekoen) eta 2017-2020 aldiko Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko Esparru Programaren aldi berean (programa horren 6. ardatzean daude txertatuta Etxebizitza Birgaitzeko Renove programak). 

Diru-laguntzen Planak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren honako ardatz estrategiko hauei jarraitzen die: 

•   Ingurumen-politika arduratsua eta emankorra

•   Sozialki bateratua, orekatua eta jasangarria izango den lurraldea

•   Etxebizitza duin baterako eskubidea bermatuko duen etxebizitza sozialei lotutako politika 

Lehen ardatzean, 2.495.000 euro bideratuko dira karbono kantitate txikia erabiliko duen eta baliabideetan eraginkorra izango den ekonomia bat bultzatzera, 48,3 milioi euro ingurumen osasungarria bermatzera, 3,5 milioi ingurumen-integraziora, 6,1 milioi lurraldearen jasangarritasunera, eta 2,1 milioi ondare naturala babestera. 

Bigarren ardatzean, berriz, hiru ekitaldietan 47,6 milioi euro bideratuko dira hirigintza eta hiri-berroneratze integralera, 1,1 milioi euro paisaiari balioa ematera, eta 600.000 euro lurraldeari buruzko informazio geografikora. 

Azkenik, hirugarren ardatz estrategikoan, 280,1 milioi euroko diru-laguntzak daude aurreikusita etxebizitza duinerako eskubide subjektiboa bermatzeko, 55 milioi euro alokairuko etxebizitzen parkea bultzatzeko, 99 milioi euro eraikitako parkearen mantentzea eta birgaitzea sustatzeko, eta 10 milioi euro etxebizitza, eraikuntza eta arkitekturaren eremuan berrikuntza bultzatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko