Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko presoak gizarteratzeko eta laneratzeko programaren edizio berria onartu du

2018.eko martxoak 13

Eusko Jaurlaritzak 13 milioi euroko gastua baimendu du Doako Justizia finantzatzeko

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko presoak gizarteratu eta laneratzeko programaren edizio berri bat onartu du. Eusko Jaurlaritzaren ustez, “funtsezkoa” da espetxeetako zerbitzuen hobekuntza eta presoen berreziketa bultzatzen duen Europako esparruarekin bat egitea. Horixe adierazi du Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak, gaurko Gobernu Kontseiluan aztertu diren gaien berri emateko eman duen prentsaurrekoan.

Bilera horretan, 500.000 euroko laguntza-ildo bat onartu da, eragindako kaltea aitortu duten eta eskubide osoko herritar gisa gizarteratzea erabaki duten preso sozialak gizarteratzeko programak finantzatze aldera. Erkorekak gogorarazi duenez, Gernikako Estatutuak Euskadiri espetxeen antolamendu, araubide eta funtzionamenduaren eta gizarteratzearen arloko eskumen esklusiboa ematen badio ere, Espainiako Gobernuak inoiz ez du hasi eskumen hori transferitzeko prozesua. Hala ere, 2000. urteaz geroztik, presoak gizarteratzen laguntzeko finantzaketa-programa hori babesten du.

Gainera, 13 milioi euroko gastua baimendu da Doako Justizia finantzatzeko. Zenbateko hori Euskadiko abokatuen eta prokuradoreen elkargoen artean banatuko da, eta inputatuta, atxilotuta edo preso dauden eta baliabide ekonomikorik ez duten pertsonei eta babes bereziko kolektiboei laguntzeko edota espetxeetan eta justizia-jauregietan eskaintzen diren orientazio juridikoko zerbitzuak finantzatzeko erabiliko da.

Gobernu Kontseiluak, halaber, 23 milioi euroko partida onartu du euskal udalek Gizarte Larrialdietarako Laguntzen programak finantzatu ahal izan ditzaten.

ETA-KO PRESOEN GRADU-PROGRESIOA

Bestalde, Espetxeetako Idazkaritzak ETAko presoei bigarren gradura igotzeko eskaera ezetsi diela dioten informazioei buruz galdetu diote, eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak onartu du hori baieztatuko balitz “berri txarra izango litzatekeela”. Erkorekaren ustez, arduradun politiko eta instituzionalek gradu-progresioa “erraztu, bultzatu eta sustatu” behar dute, betiere presoek bakarka eskatzen badute, Legean jasota dagoenari jarraikiz, haien gizarteratzea bultzatzeko helburuarekin. “Positiboa izango litzateke giroa lasaitzeko eta Euskadiko sozializazio eta normalizazio politikoa bultzatzeko”, adierazi du. Ildo horretan, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak espetxe-politika aldatzeko landu dituen eta gradua igotzeko “aurreikuspen zehatzak” jasotzen dituzten proposamenek indarrean jarraitzen dutela, eta “Euskadin adostasuna handia izanik ere”, Espainiako Gobernuak orain arte kontuan hartu ez dituela.

Aste honetarako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza publikoan deitutako grebari dagokionez, bozeramaileak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza prest dagoela negoziazio-mahaietako elkarrizketetan aurrera egiteko. Elkarrizketa horiek, nolanahi ere, arrakasta izan dute Sukalde eta Garbiketaren sektorearen eta Haurreskolak Partzuergoaren kasuan. Ildo horretan, dei egin die sindikatuei “tinko” egin dezaten elkarrizketaren alde, eta “errealismoarekin eta arduraz” joka dezaten.

Erkorekak, halaber, Bilboko Guggenheim Museoko zuzendaritzak Gernikako inguruan zabaltzeko asmoa duela dioten informazioak aipatu ditu, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela asmo horren berri, erakundeko gobernu-organoek abenduan onartutako Museoko Plan Estrategikoan jasotakoaz gain.

Azkenik, ziurtatu duenez, AHTaren Irun-Astigarraga tartean enpresa esleipendunetako batekin sortu diren arazoek “ez dute zertan atzerapenik eragin” proiektu orokorrean, obra osagarri bati lotuta baitaude.

13-03-2018 gai-zerrenda

Prentsa-txostena

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ogasunaEJGV
    2018.eko martxoak 13

    Comentario de Twitter:
    📃 | Informazio guztia @irekia atarian irakurri dezakezu
    https://t.co/E6X0gpTRSD

  • @ogasunaEJGV
    2018.eko martxoak 13

    Comentario de Twitter:
    📃 | Puedes leer la noticia completa en @irekia
    https://t.co/IJykbrjjFN

Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)