Ander Añibarro: "aurten bikoiztu egin dira garapenerako lankidetzarako gazteen eskaerak”
- Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteriako zuzendariak aurtengo udan Asian, Amerikan eta Afrikan GKEen ekimenetan parte hartuko dutenen hautaketa-prozesuan parte hartu du
Barria (Araba) 18 03 09
Ander Añibarro Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteriako zuzendariak gaur arratsaldean nabarmendu du “aurten ia bikoiztu egin direla datorren udan hogei GKErekin batera Asian, Amerikan eta Afrikan garapenerako lankidetzako proiektuetan parte hartzeko Euskadiko gazteek eginiko eskaerak”.
“730 eskabide inguru jaso ditugu; iaz eta aurreko urteetan 400 inguru izan ziren. Orain, hautaketa-prozesua hasi dugu, euskal gobernuz kanpoko erakundeek sustatzen dituzten lankidetzako nazioarteko ekimenetara hoberen egokitzen diren ehun pertsonak zein izango diren zehazteko”, esan du Añibarrok.
Asteburu osoan zehar, Ander Añibarro Barriako (Araba) foru aterpetxean parte hartzen ari da, Eusko Jaurlaritzak eta hogei GKEk ekimenetara hoberen egokitzen diren gaitasunak zeinek dituzten zehazteko antolatu dituzten lan-taldeetan.
Egunotan, hautagaiak elkarrizketatuko dituzte GKEek eta Gazteriako arduradunek, xehetasunez ezagutzeko zergatik duten interesa udako bi hilabete baino gehiago munduko zenbait puntutan garapenerako lankidetzako eginkizunak betetzen emateko.
Aste batzuk barru, GKEetako eta Eusko Jaurlaritzako arduradunek ehun gazte finalistak hautatzean, beste bizikidetza bat antolatuko da Barrian eta, bertan, xehetasunez azalduko zaie finalistei zer aurkituko duten helmuga bakoitzean, zein diren boluntariotzako eta bizikidetzako urratsak eta zer lortu nahi den Asian, Amerikan eta Afrikan dauden herri eta eskualde ahulenekin lankidetzan jarduteko proiektu bakoitzaren bidez.