Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Euskadiko industria-eredua G20 taldearen goi-bilerara eramatea eskatu dio B20ko Lidergo Taldeari

2018.eko martxoak 12

Guggenheim Museoak B20: Ekonomia Digitala eta 4.0 Industria jardunaldia hartu du gaur

Iñigo Urkullu lehendakaria, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiarekin batera, G20ko herrialdeetako enpresa handiak biltzen dituen B20ko Lidergo Taldearekin  bildu da. Bilera gaur bertan Bilboko Guggenheim Museoan egiten ari den eta B20ari lotutako nazioarteko sektore pribatuko erreferente nagusiekin Ekonomia Digitalaren eta 4.0 Industriaren eremuan elkarrizketa bat ezartzeko aukera ematen duen jardunaldiaren esparruan egin da.

Lehendakariak Eusko Jaurlaritza ekosistema ekonomikoaren erakargarritasuna hobetzeko lantzen ari den hiru ideiak azpimarratu ditu, hots, gizarte-ongizatearen zerbitzura diharduten enpresentzako babesa, digitalizazioaren aldeko apustua (enpresa txikiak eta ertainak bereziki kontuan hartuta) eta nazioartekotzearen erronka. Urkulluk balio handia eman die topaketa horrek esperientziak eta jakintzak elkartrukatzeko eta euskal eredu industrial eta sozioekonomikoa ezagutzera emateko eskaintzen dituen aukerei, eta eredu horren ekarpena G20 taldeak egingo duen hurrengo goi-bilerako gogoetetan jasotzea espero duela adierazi du.

Ekitaldiaren antolaketaz arduratutako Tecnaliako presidente Emiliano López Atxurra eta B20ko ordezkari Carolina Castro izan dira jardunaldian. Business 20 (B20) taldearen helburua sektorean garrantzia duten gaiei buruz eztabaidatzea eta, era horretan, politika publiko adostuen diseinuan aurrera egitea da. Politika horiek G20 taldea osatzen duten herrialdeei aurkeztuko zaizkie, azaroan Buenos Airesen egingo den goi-bileran azter daitezen.

Jardunaldiaren izenburua B20: Ekonomia Digitala eta 4.0 Industria da, eta tokiko eta nazioarteko enpresa-liderrek hartuko dute parte. Goiz osoan, beren esperientziak eta etorkizunerako joerak azalduko dituzte, eta horretan oinarrituta egingo den eztabaidarekin amaituko da jardunaldia. Adibidez, Euskadin Siemens, Gestamp, CAF eta Petronor enpresek industria-sektorearen digitalizazioan izan dituzten esperientziak ezagutu ahal izango dira. 

EUSKADIKO EREDUA

Bestalde, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak 4.0 industriaren euskal kasua (Basque Industry 4.0) aurkeztu dio B20ko Lidergo Taldeari.

Sailburuak Euskadiko digitalizazioaren diagnostikoa eskaini du, eta nazioarteko testuinguruan konektibitateari dagokionez hobekien kokatutako Europako eskualdeetako bat dela adierazi du. Halaber, Euskadin enpresa txiki eta ertainak laugarren industria-iraultzan atzean ez geratzeko bultzatzen ari diren ekintzak azaldu ditu. “Ezin dugu onartu bi abiadurako industria bat, horrek eragotzi eta kaltetu egingo bailuke sistemaren lehiakortasuna”, adierazi du.

Hori dela eta, 4.0 industria-estrategiaren esparruan, Euskadik azpiegitura irekiak eskaintzen dizkie ETEei, hala nola Digital Innovation Hub edo Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa. Bertan, ETEek teknologia aurreratuak probatu edo testatu ditzakete, enpresa txikientzat oso garestiak diren inbertsioak egin behar izan gabe. 

Sailburuak Euskadik energiaren eta elikaduraren eremuetan produktu eta zerbitzu berriak, bereiziak eta balioa emango dutenak eskaintzeko dituen aukerak azpimarratu ditu.

Tapiak B20aren aurrean adierazi du beharrezkoa dela G20ari berrindustrializazio-politiken inguruko gomendioak helaraztea, eta Euskadiko eredua eskaini du partekatzeko eta esportatzeko kasu gisa. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2018.eko martxoak 12

    hola sr @iurkullu me sigue en twinter George strait ,me ha escrito en mensaje directo a mi me va dar un ataque o me la esta dando , ya no voy a dormir lo que me queda de vida ...estare sonriendo con una cara de sueño ... hay dios mio esto me pasa por oir sus canciones videos bonanza y zas sale este cantante ,tiene mi apoyo

Ekitaldiko kargudunak