Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak "historikotzat" hartu du atzo Emakumearen Nazioarteko Egunerako deitutako mobilizazio-jardunaldia

2018.eko martxoak 09

Iñigo Urkullu lehendakariak atzo, martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta egin zen mobilizazio-jardunaldia baloratu du, eta “historikotzat” hartu du. Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren Europako etorkizunari buruzko ikuspegia jasotzen duen dokumentuaren aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek. 

Lehendakariaren ustez, jardunaldiak "arrakasta" handia izan zuen, bai antolaketagatik, bai lortutako erantzun orokorragatik; izan ere, ia ez zen "posizionamendu kritikorik” agertu. Urkulluk emakume gazteen “konpromiso handia” azpimarratu du, eta berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko “bermea” direla adierazi du. 

Onartu du arlo horretan asko dagoela egiteko oraindik, baina gogorarazi du berdintasuna “agenda publiko eta politikoan etengabe" dagoen gaia dela. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak herrialderako finkatu dituen hamabost helburuetako bat dela gogorarazi du lehendakariak, eta Euskadiko Berdintasunaren Legearen balioa azpimarratu du, “erreferentea” baita.

BIKTIMEKIKO ELKARTASUNA ADIERAZTEKO EKITALDIA

Bihar terrorismoaren biktimekiko elkartasuna adierazteko Bilbon egingo den ekitaldiari buruz galdetu diote komunikabideek lehendakariari, eta erantzun du Eusko Jaurlaritzak Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluarekin lankidetzan egingo duen ekitaldia dela eta leloa aho batez erabaki dela: “bidegabea izan zen”. “Tristea da talde politikoren bateko ordezkariak mezu horrekin bat etorri ez izana", gaineratu du.

Azkenik, Frantziako Gobernuak bere espetxe-legeria aplikatzeko eta ETAko presoak lekualdatzeko garaian erakusten duen “normaltasuna” azpimarratu du lehendakariak, eta adierazi du Espainian “ere bete daitekeela indarrean dagoen legeria beste era batean”. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak