Berriak Lehendakaritza
Eu

Galdakao-Usansolo Ospitaleko Hemodinamikako gela berriak, urtean, 1.500 ebakuntza egiteko aukera emango du, Kardiologian teknologiarik aurreratuena erabiliz

2018.eko martxoak 09
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

 

  • Iñigo Urkullu lehendakariak, gaur goizean, gela berria bisitatu du. Gelak puntako ekipoa eta softwarea dauka, eta milioi bat euro inguru inbertitu dira bertan.
  • Gune horretan, bestalde, taupada-markagailuak jarriko dira eta birsinkronizazioak eta desfibriladoreak erabiliko.
  • Osasun Saila eta Osakidetza material teknologikoa berritzen ari dira pixkanaka-pixkanaka, euskal gizartearen emaitzak osasun arloan hobeak izan daitezen.

 

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Galdakao-Usansolo Ospitaleko Hemodinamikako gela berria bisitatu du. Ospitalea Barrualde-Galdakao ESIko erreferentziako osasun zentroa da, eta Bizkaiko Barrualdeari ematen dio estaldura osasun arloan. Lehendakariarekin batera, Jon Darpon, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Maria Jesús Múgica, Osakidetzaren zuzendari nagusia, eta Jon Guajardo, Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari gerentea izan dira.

Hemodinamikako gela horretan, bereziki patologia koronarioa daukaten pazienteak tratatuko dira, Hala ere, bestelako prozedura terapeutikoak ¾ orain arte ebakuntza-gelan egin izan direnak¾ ere egingo dira aldameneko gela batean, esaterako, taupada-markagailuak eta birsinkronizatzaileak jartzea eta desfibriladoreak erabiltzea. Era horretan, aipatu ebakuntza-gelak beste esku-hartze batzuetarako libre egongo dira. Berriki instalatutako ekipoak aurrerapen handia ekarriko du, bereziki, gaur egun egin daitezkeen azterketen irudien kalitateari dagokionez.

Egindako lanei esker eta jarritako klimatizazio berriari esker, prozedura terapeutikoak egingo diren gela horietan, ISO 6, I motako giro esterila bermatzen da, eta segurtasun eta esterilitate sailkapenik gorenaren barruan kokatzen da. Hortaz, gela berria angiografia hibridoko gela izango da, eta premia egonez gero, prozedura koronarioak ere egiteko erabili ahal izango da.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Galdakao-Usansolo Ospitalean egindako bisitan, hauxe adierazi du “euskal osasun publikoak apustu sendoa egin du kalitatezko osasun-arreta emateko eta ekipamenduak eta instalazioak etengabe berritzeko, pazienteen eta Osakidetzako profesionalen esku egon daitezen teknologiarik zehatzenak eta seguruenak”.

Lehendakariak, gela bisitatzean, egiaztatu ahal izan duen moduan, makina berriek irudien kalitate hobea eskaintzen dute, eta pazienteen arterien lesioak argiago ikusteko bide ematen. Gainera, instalatuta daukan punta-puntako software berriak, OTA edo Ekokardiografia bezalako azterketa-motak in vivo eskopiaren irudiari gainjartzea posible egiten du, eta lesioaren mapa zehatza erakutsi. Era berean, teknologiako aurrerapenei esker, ekipoak lehendik zeudenak baino seguruagoak dira, aurrekoek baino erradiazio-dosi txikiagoak isurtzen baitituzte (%30 gutxiago). Horrek bai pazienteen bai profesionalen segurtasuna hobetzen du.

 

Iñigo Urkullu lehendakariren arabera “Osasun Sailak eta Osakidetzak milioi bat euro inguru inbertitu dute gela berrian. Inbertsio horiek baina ez dira hala moduzkoak izan. Iaz Sarearen zenbait erakundetako hainbat eskaner berritu ziren; gaur, berriz, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Hemodinamikako Unitatekoak berritu dira, eta datozen hiletan, aldiz, Gurutzetako eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleetakoak”

Diagnostikorik eta ebakuntzarik ohikoenak

Hemodinamika Kardiologiaren barruko espezialitatea da, eta Kardiologia Interbentzionistaren esparruko larruazalean zeharreko prozedurak egitera bideratuta dago. Prozedura horiek, berriz, patologia koronarioa daukaten pazienteei egiten zaizkie, bihotz-kateterismoaren bidez, kateterrak iztaiko edo besoko arterietan sartuz. Ondorioz, ebakuntza irekiaren ebakuntza ondoko arazoak murriztu egiten dira, baita sendatzeko beharrezko denbora-tartea ere. Orokorrean, tratamendu horietako bat izan duen pazientea ebakuntza izan den egunean bertan joan daiteke etxera, hortaz, paziente horren bizi-kalitatea hobetzen da batetik, eta ohiko bizimodua lehenago egitea ahalbidetzen du, bestetik.

  • Bihotz kateterismoa eta arteriografia

Larruazalean zehar egiten diren prozedura horiek helburu diagnostikoa eta terapeutikoa daukate, eta bihotz-barrunbeak zein arteria koronarioak baloratzea ahalbidetzen dute. Prozedura Hemodinamikako gela batean egiten da, beharrezkoa baita kirurgia egiten deneko giro aseptikoa. Prozeduraren nondik norakoak: iztaian (sarbide femorala) edo besaurrean (sarbide erradiala edo humerala) ziztatuz kateter bat (hodi hutsa) sartzen da, eta aurrera egiten da zirkulazio-sisteman barrena bihotzera iritsi arte. Aztertu beharreko egiturak lokalizatu ondoren, (arteria koronarioak adibidez), kontraste erradio-opakua injektatzen da, eta horren bidez arteria horietako hertsadurak edo buxadurak ikusi ahal izango dira.

  • Larruazalean zeharreko angioplastia transluminala

Arteria koronarioen hertsadurak edo buxadurak tratatzeko erabiltzen den teknika da. Prozedura kateterismo edo koronariografiaren antzekoa da, berezitasun batekin: sartzen den kateterrak globo tolestu bat darama muturrean; kateterra buxadurara iristen denean globoa zabaldu egiten da, eta, horrek odol-fluxu egokia ahalbidetzen du. Zenbaitetan, kaltetutako arterian perfusio egokia lortzeko, Stent izenarekin ezagutzen den metalezko sare bat jarri behar izaten da buxaduran.

Gailu hori angioplastia egiten denean erabiltzen den prozedura beraren bidez ezartzen da. Metalezko sareak globo tolestua inguratzen du, eta globoak sarea hedatu egiten du zabaltzen denean; hala, arteria koronarioaren buxadura-puntuan finkatuta geratzen da sarea.

Urtero, Galdakao-Usansolo Ospitalean, 1.000 kateterismo diagnostiko eta 500 angioplastia koronario egiten dira. Jarduera-datu horiei beste 320 bihotz-prozedura gehitu behar zaizkie, hala nola taupada-markagailuak eta birsinkronizatzaileak jartzea eta desfibriladoreak erabiltzea. Aurrerantzean, horiek guztiak, Hemodinamikako Unitatean egingo dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak