Eu

Eusko Jaurlaritzak 11,4 M€ inbertitu ditu Txorierriko geltokiak berriztatzeko eta trenbidea modernizatzeko lanetan

2018.eko martxoak 09
  • Diru horretatik 9,5 milioi Txorierriko geltokiak Bilboko Metroaren 3. lineakoekin homogeneizatzeko erabiliko dira, orain arte desberdinak zirelako eta ez ziotelako diseinu eta funtzionaltasun irizpide berari erantzuten
  • 15 minutuz behingo maiztasunak dituen Txorierriko lineak 1,2 milioi erabiltzaile gehitu ditu 2017an, eta horrek urteko %19,51eko hazkundea eragin du

Eusko Jaurlaritzak 11,4 milioi euro inbertitu ditu Txorierriko lineako geltokiak eta trenbidea berriztatzeko. Kopuru horretatik 1,9 milioi Derio-Zamudio tarteko trenbidea hobetzera bideratu dira, eta gainerako 9,5 milioiak Txorierriko geltokiak Bilboko Metroaren 3. lineakoekin homogeneizatzeko erabili dira. Izan ere, geltoki gehienetako lanak amaituta daude, oraindik egiten ari diren Kurtzeankoa eta Deriokoa izan ezik.

Geltokietan egin diren lan gehienak, nasak, joan den apiriletik 3. linean eta Txorierrin zirkulatzen duten unitate berrien galiboetara egokitzeko eta kubikuluak eta markesinak berriztatzeko lanak izan dira, lur azpiko trenbide berriak duen irudiarekin parekatzeko. Orain arte, geltokiak desberdinak ziren eta ez zioten diseinu eta funtzionaltasun irizpide berari erantzuten.

3. linea osatzen duten zazpi geltokiek, Kukullaga, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Zazpi kaleak, Uribarri eta Matikok, jarraipena dute Txorierritik Lezamaraino, Artxandako tunel berriaren bitartez. 3. lineak, Bilbo iparraldeko auzoetan bizi diren 70.000 pertsona baino gehiagori ematen die zerbitzua.

Lehenengo geralekua Larrondon

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak trenez egin du gaur goizean Txorierriko hainbat geltokitara eraman duen bidaia, Antonio Aiz Garraio Sailburuordeak, Aitor Garitano Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiak, Imanol Leza Euskotreneko zuzendari nagusiak eta Joseba Goikouria Erandioko alkateak, Xabier Zubiaur Sondikakoak, Josu Andoni Begoña Loiukoak, Esther Apraiz Deriokoak, Igotz López Zamudiokoak eta Jon Ander Aurrekoetxea Lezamakoak, lagunduta. 3. lineako Zazpikaleak geltoki intermodalean trena hartu ondoren, lehenengo geldialdia Larrondon egin dute. Bertan, geltokiaren zaharberritze lan sakona zuzenean ikusi ahal izan dute. Geltoki horretan milioi erdi euro inguru inbertitu dira.

Aurrera eraman diren jarduketen artean nasen eta markesinen zaharberritzea, makina baliatzaileak babesteko bi kubikuluren eraikuntza eta altzarien eta argiztapenaren berriztapena daude. Gainera, mugikortasun urria duten pertsonentzako sarbideak arautegira egokitu dira.

Derioko geltokiaren modernizazioa

Hurrengo geldialdia Derioko geltokian izan da. Bertan ari da egiten jarduketa garrantzitsuena, 5,5 milioi euroko aurrekontua daukana. Euskal Trenbide Sarea euskal trenbide kudeatzaileak handitu egingo du bertan dagoen lur azpiko ataria. Horrez gain, egokitu egingo du hiri ingurunetik datorren oinezkoentzako sarbidea, igogailu bat instalatuz, eta baita industrialdetik datorrena ere, nasa erdian duen geltokiaren irisgarritasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko xedez.

Nasaren azalera ere handitu egingo da, zabalera eta luzera gehiago izango baititu. Ustiapena hobetzeko, trenaren bikoizketa 500 metro inguru luzatuko da. Trenbidean egingo den beste esku-hartze garrantzitsu bat, Txorierriko Etorbidearen eta Astintze kalearen arteko oinezkoen trenbide pasagunea kentzea izango da. Horren ordez, arrapalak eta eskailerak edukiko dituen lur azpiko igarobide bat egingo da.

Derio eta Zamudio artean, bi kilometro inguru dituen trenbidea berriztatuko da. Lan horien barruan, balastoa eta trabesak eta erraila kenduko dira eta horien ordez material berria jarriko da.

Etorkizuneko garraioa Txorierrirako

Derioko lanaren perimetroa bisitatu ondoren, sailburuak Txorierriko linea “Bilboko Metroaren 3. linea berriaren mailan” jartzeko egin den inbertsio esfortzua azpimarratu du. Horrela, Arantxa Tapia pozik agertu da, hobekuntza lanek abala jaso dutelako, Txorierriko lineak 1,2 milioi bidaiari gehitu dituelako 2017an, hau da, “aurreko urtean baino %19,51 gehiago”.

Tapiaren esanetan “Euskotrenek 15 minutuz behingo maiztasunak eskaintzen ditu orain Txorierrin, eta horrek behar berrietara egokitzera behartzen gaitu. Eskariaren bilakaera aztertuta, erabiltzaileen itxaropenei erantzungo dien tren zerbitzu modernoa eskaini behar dugu”. Horrela, aurreratu duenez, “etorkizuneko garraiorako prestatzen ari gara”. Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko helburuen artean garraio integral sarea osatzea dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Joseba Goikouria, Erandioko alkatea; Xabier Zubiaur, Sondikako alkatea; Jon Andoni Begoña, Loiuko alkatea; Esther Apraiz, Derioko alkatea; Igotz Lopez, Zamudioko alkatea; Jon Ander Aurrekoetxea, Lezamako alkatea