Eu

Marcos Muro: “Nagusiki, gure gazteek prestakuntza dute, elebidunak dira, toleranteak, konprometituak, aktiboak eta osasuntsuak”

2018.eko martxoak 10
  • Gazteen Euskal Behatokiak “Euskal Gazteria, 2016” argitaratu du; gazteen jarrera, kezka eta beharren erretratua da

Vitoria-Gasteiz, 2018/03/10

Gazteen Euskal Behatokiak lau urterik behin prestatzen duen “Euskal Gazteria” txostenak –aurten “Euskal Gazteria, 2016”–, zera islatzen du: “euskal gazteek, nagusiki, prestakuntza dute, elebidunak dira, toleranteak, konprometituak, aktiboak eta osasuntsuak”, esan du Marcos Murok, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gazteriako sailburuordeak.

Txosten hau hiru lurraldeetako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen jarrera, kezka eta beharretara hurbiltzen da; alegia, biztanle-talde horren erretratua egiten du. Horrela, azterlanak erakusten du gazteriaren prestakuntza- eta okupazio-maila, bizitzaren inguruan duen ikuspegia, gizarteko parte-hartzea, gizarte-sareekin, aisiarekin, kirolarekin edo kulturarekin duen jarrera, besteak beste.

“Euskal Gazteria, 2016” txostenak erakusten du 15 eta 29 urte bitarteko gazteen erdia baino gehiago ikasten ari dela, eta gehienak gurasoen etxean bizi direla. “Aurreko urteen aldean, lanbide-heziketako zikloak egin dituen gazte-kopuruak gora egin duela ikusten da”, esan du sailburuordeak.

Gainera, txostenak erakusten du euskal gazteen artean euskara aurreko azterlanetan baino gehiagok dakitela. Baina, Murok esan duenaren arabera, “hori ez da erabileran islatzen”. “Gero eta gazte gehiagok diote euskara ongi hitz egiten dakitela, baina lagunekin erabilerak behera egin du”. Oro har, Euskadin gazteen erdiak baino gutxiagok egiten du lagunekin euskara, gaztelaniaz bezainbeste edo gehiago, nahiz eta euskaraz hitz egiten ongi jakin.

Azterlanaren emaitzaren arabera, inkesta bete duten pertsonen egoera pertsonalarekiko gogobetetzea gehiengoa da, eta, gainera, hobetu egin da, aurreko urteekin alderatuta. Euskal gazteriak enplegua kezka gehien eragiten dion gaietako bat bezala identifikatzen du.

Hori horrela, eta nahiz eta gutxiengoa izaten jarraitzen duen, gora egin du erakundeek gazteen iritziak kontuan hartzen dituztela uste dutenen ehunekoak. Modu berean, hobetu egin da administrazioek gazteriaren arloan egiten duten lanari emandako puntuazioa.

Oro har, "politikaren aldeko interesak gora egin du, nabarmen, eta 2000. urtetik erregistratu den altuena da; biztanleria orokorraren batez besteko interesa gainditzen du”, esan du Murok. Izan ere, hamar gaztetik lauk ziurtatzen dute politikaren gaineko interes handia edo nahikoa dutela. Gainera, hamarretik lauk adierazten dute gai publikoetan aktiboago parte hartzeko interesa edo nahia dutela.

“Gure gazteria ere tolerantea eta irekia da”. Horrela, gora egiten du sexu bereko pertsonen arteko ezkontzari eskainitako laguntzak, sexua berriro esleitzeko sexu-aldaketari eta abortu libreari eta borondatezkoari ematen zaiena. Kontu horiek eta eutanasia gazteriaren hiru laurdenek baino gehiagok bultzatzen dituzte. Aldi berean, behera egin du, nabarmen, gure lurraldean atzerritar gehiegi daudela uste duen gazte-kopuruak.

Desberdintasunak direla eta, gazteriak uste du langileak hautatzeko prozesuetan, prestakuntza eta esperientzia bera izanik ere, gizonek aukera handiagoa dutela lanpostua lortzeko, emakumeek baino. Eta gauez herritik edo auzotik bakarrik ibiltzeak beldur handiagoa eragiten diete emakume gazteei gizon gazteei baino.

“Bikote-harremanetan egon daitezkeen ageriko edo ezkutuko indarkeria-modu desberdinen larritasunaren gero eta kontzientzia gehiago dago. Mespretxu egitea, iraintzea edo gauzak erabakitzen ez uztea tratu txarren modu oso larriak direlako ideia gutxiengoa zen, duela 20 urte, eta, gaur egun, gazteriaren gehiengoak halakotzat jotzen du”, esan du sailburuordeak.

Interneta, aisia eta kirola

15 eta 29 urte bitarteko ia euskal gazte  guztiek erabiltzen dute egunero gizarte-sareren bat, eta ohikoena egunero hiru sare erabiltzea da. Baina ñabardurak daude; izan ere, zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta gehiago erabiltzen da. “Euskal Gazteria, 2016” txostenaren arabera, gizarte-sareen erabiltzaile gehienak 15 eta 19 urte bitarteko gazteak dira, batik bat neskak.

WhatsApp da gure gazteen artean gizarte-sare zabalduena; ia gazte guztiek erabiltzen dute egunero, adina eta sexua gorabehera. 20 urtetik beherako gazteen artean, gehien erabiltzen den bigarren sarea Instagram da, eta 20 eta 29 urte bitartean dituztenen artean, Facebook.

Gainera, gazteen heren batek baino gehiagok gizarte-sareak erabili ditu azken urtean eztabaidaren bat edo gizarte-salaketaren bat sustatzeko edo haren inguruko iritzia emateko. Politikan interesa dutenen artean, ziberaktibismo hori gehiengoa da.

Muro sailburuordeak esan du “gazteen laurdena baino gehiago gizarte-sareetan esperientzia negatiboren baten biktima izan dela: WhatsApp talderen batetik kanporatu dute, beren identitatea ordezkatuta ikusi dute gizarte-sareren batean edo ikusi dute nola zabaltzen den beren argazki konprometitu edo iraungarriren bat beren baimenik gabe”.

Zehazki, “gazteenen kolektiboa da, 15 eta 19 urte bitartekoena, ahulena”. Beraz, komeni da “Interneten erabilera egokia sustatzen duten” ekintzetan lanean jarraitzea, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak egiten duen bezala, zenbait ekimenen bidez.

Kirola dela eta, gazteriaren erdiak kirola astean gutxienez hiru aldiz egiten du. Hori horrela, 2012tik 2016ra bitartean gizon eta emakume gazteen artean areagotu egin da kirola erregulartasunez egiten duten gazteen kopurua.

Gazte gehienek diote ohitura osasungarriak dituztela, modu orekatuan jaten dutela eta bizimodu aktiboa bizi dutela. Duela lau urteren aldean, behera egin du ohiko erretzaileen kopuruak, bai eta galdetu aurreko hilabetean mozkortu izana aitortu dutenen kopuruak ere.

Gainera, gazteen erdiak baino pixka bat gehiagok dio zaletasunez egin izan duela, ez modu profesionalean, aurreko urtean arte-jardueraren bat. Arte-jarduerak egiten dituztenen ehunekoak gora egin du aurreko urteen aldean, eta zabalduena argazkigintza da.

Halaber, gazteen erdiak baino gehiagok dio libururen bat irakurri duela aisialdian, alegia, ikasketekin edo lanarekin loturarik izan gabe, inkestaren aurreko hilabetean.

Euskal Gazteria 2016 txostena

Euskal Gazteen Behatokiak lau urterik behin egiten duen txosten horren bidez, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ideiak, balioak eta sentipenak hurbilagotik ezagutuko ditugu. Horretarako, Behatokiak makroinkesta bat egin zien 1.500 gazteri, eta egunerokotasuneko zenbait gairen inguruan galdetu zien. Inkesta 2016aren amaieran egin zen (horregatik darama izenburuak 2016. urtea), baina oraintsu argitaratu da.

Jaso den informazioa zortzi kapitulutan aurkezten da: familia-, prestakuntza- eta lanbide-egoera; norberaren egoeraren eta sozialaren balorazioa; jarrera politikoak eta parte-hartzekoak; balio eta jarrera sozialak; Interneta eta gizarte-sareak; aisia, kirola, kultura eta euskara; emakume eta gizonen arteko desberdintasunak; eta osasuna eta sexualitatea. Kapitulu horietan, informazioa bereizita eskaintzen da, aldagai soziodemografikoen eta jarrerazkoen arabera, emaitzen bilakaera eta Espainiako edo Europako gazteriaren datuekiko erkaketa, datuak eskuragarri daudenean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak