Eu

Euskadik eta Kanariek jardunaldi bat bultzatu dute datu irekien balio soziala azpimarratzeko

2018.eko martxoak 09
  •  “Datu Irekiak – Balio Soziala” izenburupean, 150 langile publiko baino gehiago bildu dira Bilboko Euskalduna Jauregian, eta erakundeek datuak irekitzeko prozesuaren aurrean izango dituzten erronkak landu dira

 

Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta Kanarietako Gobernuak (erakunde gonbidatu gisa) elkarrekin antolatu duten “Datu Irekiak – Balio Soziala” jardunaldian parte hartu dute gaur goizean. Euskal erakundeek zein Kanarietako Gobernuak administrazioetan datu irekien estrategia bati jarraitzearen aldeko konpromisoa agertu dute, balio soziala sortzen duen tresna baita. Jardunaldia Bilboko Euskalduna Jauregian egin da, eta administrazio publikoetako 150 langile baino gehiago bildu ditu.

Hasiera-ekitaldian, honako hauek izan dira, besteak beste: Eusko Jaurlaritzako Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkoreka, Kanarietako Gobernuko Presidentziako Sailburu José Miguel Barragán, Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiorde eta Ekonomia Garapeneko eta Lurralde Orekako Diputatu Pilar García de Salazar, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Diputatu Ibone Bengoetxea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko Diputatu Imanol Lasa.

Jardunaldiaren barruan, erakundeek datuak irekitzeko prozesuaren aurrean izango dituzten erronkak landu dira, eta open data estrategia aztertu da zuzenbidearen ikuspegitik. Halaber, datuen berrerabilera eta datu publikoak irekitzeko estrategiak aztertu dira. Azken bloke horretan, nazioarteko hainbat adituk hartu dute parte, hala nola Europako Batzordearen European Data Portal atariko Wendy Carrarak, Kataluniako Generalitateko Datuen Zuzendaritza Nagusiko Nuria Espunyk eta Nazioarteko Gardentasunako César Cruzek.

OPEN DATA FILOSOFIA

Open data edo datu irekien filosofia erakunde publikoek kudeatzen dituzten datuak formatu berrerabilgarrietan herritarren eskura jartzean datza, eta beste administrazio publiko batzuek edo profesionalek (ikerketa-taldeek, komunikabideek, enpresek eta abar) merkataritza-helburuekin gizarte osoarentzako aplikazioak eta zerbitzuak garatzeko askatasun osoz berriz banatu eta erabil ahal izatea du helburu.

Halaber, administrazioei gardentasunaren eta gobernantzaren arloan aurrera egiteko eta eskaintzen dituzten zerbitzu publikoen kalitatea hobetzen jarraitzeko aukera ematen dien tresna da.

2011. urtean, Europako Batzordeak berak datu irekiei buruzko txosten bat argitaratu zuen, eta, bertan, “berrikuntzaren, hazkundearen eta gobernu gardenaren makinatzat” hartzen ziren datu irekiak. Txosten horren arabera, datu irekiek aukera handiak eskaintzen dituzte herritarrek sektore publikoarekin hartu beharreko konpromisoan, politika publikoen garapenean eta zerbitzuak emateko zereginean aurrera egiteko. Indarrean jarritako Europako zuzentarauek, gainera, administrazio publikoak sortzen duen informazioa berrerabiltzeko betebeharra ezartzen dute.

Era berean, berriki egindako azterlan batzuen arabera, datuetan oinarritutako jarduera ekonomikoa hazkunde-esparrua da. Gaur egun, tokiko eta eskualdeko 150 ekimen inguru daude Estatuan, eta 14.750 datu multzo dituzte eskuragarri. Kalkulatutakoaren arabera, 2016tik 2020ra bitarte datu irekien sektoreak % 37ko gorakada izango du Europa osoan.

4 iruzkin
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ibone Bengoetxea, DFB; Pilar García de Salazar, DFA; Imanol Lasa, DFG; José Miguel Barragán Cabrera, Gobierno de Canarias